Panpinak
Panpinak
Karmele Jaioren iritzi-artikulua honek, tamalez, ez du gaurkotasunik galdu; urtetxo batzuk badituen arren. Haberen Ikasbilen arrantzatu du salabardoak.
Ez dut sanferminetako irudi horiei buruz hitz egingo. Min handiegia eragin dit plazaren erdian, gizonezkoz inguratuta, panpina puzgarri baten antzera erabiliak eta ukituak izan diren erdi biluztutako neska gazte horien irudiak. Ez dut hausnartuko minaren zergatiaz, ez diot galdetuko neure buruari normala den plazako gizonen jarrera, ezta gaizki ulertutako askatasun sexuala ote den zenbait emakume objektu huts bezala azaltzera bultzatzen dituena.
Ez dut hitz egingo sanferminetan urtero salatzen diren eta salatzen ez diren bortxaketa eta eraso sexualei buruz, Nagore Laffageri buruz, ez dut hitz egingo baimenik gabe ahoan musukatu ditzaketelako plazaren erdian telebistarako konexioak egiteko beldur diren emakume kazetariei buruz. Ez dut hitz egin nahi aste honetan bertan Menorcan, jaien zurrunbiloa aprobetxatuz taldeka eman diren eraso sexualei buruz.
Ez, mina handiegia da. Ez dut hitz egingo gauetan, ordu batzuetatik aurrera, kalean egoteagatik emakume batek ordaindu behar duen prezioaz edo zenbait kaleetatik ibiltzeko bere buruari jartzen dion debekuaz… Ez dut hitz egingo geure gorputzak era batekoak izan beharraren diktaduraz, ez diot neure buruari galdetuko nork jarri dituen modan ipurdia erakustera arteko praka motzak, nork agintzen duen panpina izan behar dugula, plazera lortzeko tresna.
Ez dut pentsatuko zergatik interneten sartzen naizen bakoitzean jarrera lizunetan dauden emakumeak agertzen zaizkidan handik eta hemendik euren gorputza eskainiz, edo zergatik erabili behar duten emakume baten gorputza surf txapelketa bat iragarteko.
Ez, mina handiegia da. Eta handiegia da neuk eta neuk bezala emakume askok sentitu dugulako plazan erdi biluztutako gorputza geurea balitz bezala, eta gure intimitatea bortxatua sentitu dugulako. Ez, ez, esaten dugu ametsetan, baina jendetzak ez du entzuten. Inork ez du espero panpina batek hitz egitea.