Paidokrazia

Paidokrazia –

Aritz Galarragak idatzi eta Argia aldizkarian iragan astean argitaratua.

PaidokraziaKoronabirusak ekarri dituen albo-kalte positiboetarik: isil antzean zebiltzan ahots esanguratsu batzuk itzuli dira berriz zera publikora –auskalo puntualki, estuasunak hartara behartuta, edo geratzeko; noski azken hori desio nuke, biziki–. Santi Leone adiskidea izan da berpiztuetako bat. Pablo Sastre ere animatu zaigu, agerkari honetantxe publikatu artikulu pare batekin. Hirutasun laikoa osatzeko, Ramon Andres, Elizondotik, nahiz ematen duen belarrondotik ari zaigula: “El silencio, sobre todo el silencio. Como si hubiera renovado la propiedad de su origen, que es la de dejar las cosas, el mundo, de manera intacta”.

Andres gaur hona ekarri badut, ordea, da batez ere berak irakatsi zidalako azken garaiotan asko erabili dudan kontzeptu bat: paidokrazia, hau da, haurren gobernua, edo, areago, haurren diktadura. Buruan dabilkit terminoa egunotan, konfinamendu garaian haurren kaleratzea errebindikatzen duten ahotsak nabarmendu baitira. Ea, ez gaizki ulertu, nik ere nahi dut haurrak kalera ateratzea, nahi dut mundu guztia kalera ateratzea, ahal den neurrian behintzat. Baina haurrak lehen lerroan jartze horri bi motibazio ikusten dizkiot: edo haurrekin denbora gutxi pasa du jendeak aurretik –eta orain lanak–, edo haurrak guztiaren zentroan kokatu ditu definitiboki. Bigarren horrek kezkatzen nau bereziki: helduon bizitzaren erdigune, motibo bakar ia, haurrak direnean –ezagutzen dut haurren egitekoekin haurrak baino gehiago emozionatzen denik–. Eta hori ere ez da asuntoa. Edo bai, bakoitzak egin dezala bere bizitzarekin nahi duena. Hori bai, haurrak kalera atera behar direla diogunean, haurrengatik egiten dugu, edo guregatik, haurrekin gehiago ezin dugulako? Haurrak eskubide osoko subjektu gisa aitortzearen alde nago noski. Baina haurrak izaki ia jainkotiar gisa hartzearen kontra. Eta batez ere helduon miseriak haurren atzean ezkutatzearen kontra.

Paidokrazia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.