KULTURAVID-20

KULTURAVID-20 –

Ez neukan denon ahotan dagoen gaiaz hitz egiteko gogorik. Nahiago nuen kulturaz hitz egin tarte honetan, baina apirilak 21 eta 22an kultura greba digitala egin zuten kulturgileek, eta, beraz, gaur, kulturaz hitz egiteko, koronabirusaz ere hitz egin behar da.

KULTURAVID-20Koronabirusa iritsi behar izan da, agirikoa zena, denon aurpegien aurrean jartzeko: alegia, zerbitzu publikoak ahultzen ari zirela azken 20 bat urteotan, polikiago edota azkarrago eta ondorioa txarra dela: bizitzak arriskuan jartzen dituela, areago larrialdietan.

Ezinbesteko zerbitzu horien artean daude osasungintza, zaintza eta garbitzea, besteak beste, baina baita hezkuntza, ikerketa eta kultura. Argi geratu da gizarte baten ezinbesteko eskubideak direla.

Gaur aldarri bat egin nahi dut kulturaz. Beti azkena geratzen dela ematen du, bai aurrekontuetan, bai lehentasunak markatzean, eta, hara non, egun hauetan denok ari garen musikari helduta, liburuei, antzerkiari edo zineari, digitalki bada ere, gure burua ez galtzeko.

Asteburuan Haizea Barcenillari irakurri nion Berrian, nola denok ari garen kulturako sortzaile jendeari eskatzen beren aportazioa egin dezatela, guztiok konfinamendua hobeto eraman dezagun. Une hauetan beraien sormena inoiz baino joriago egongo dela ere asumitzen dugula zioen adituak. Ondoren, gogoetaren egileak gogorarazten zigun ,zein egoera prekarioan ari diren lanean normalean kutura sotzaileak eta, areago orain, asko bere bizimodua irabazteko aukerarik gabe.

Horregatik egingo dute greba: gogoeta eta eztabaida soziala bultzatzeko, premiazko laguntza neurriak hartzea eskatzeko eta topagune eta bilgune bat sortzeko.

Kultura ezinbestekoa zaigu bizitzan aurrera egiteko, bizitza kalitatez eta osasuntsu bizi ahal izateko eta, zoritxarrez, kulturgileen lanbidea prekarizatuenetakoa da eta gehienetan ezin dute bizimodua atera eta beste lanbide batzuek izan behar dituzte egunero jateko eta fakturak ordaintzeko.

Aurreko krisiak ahuldu bazituen, oraingoak are gehiago: lanik gabe konfinamentuan eta etorkizunean sormena aurrera eramateko kontratazioak gauzatzeko bideak jartzen ez badira.

Hau da korobirusaren ondorioz dauzkagun konfinamenduaren eta osasun krisiaren kontraesana: aurrera egiteko ezinbestekoa zaiguna, irtenbiderik gabe desagertzeko arriskuan lagako duela.

Babes dezagun kultura eta kulturgileak denon artean edo 2020an ez gara egongo kultura ekitaldi gabe apirilak 21 eta 22an bakarrik.

KULTURAVID-20

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude