Otsail hasierak (II)
Otsail hasierak –
Lehenengo eta behin, eskerrik asko Mikel Haranbururi zuzenketa egiteagatik. Hemendik aurrera ikasi dudala uste dut. Otsail hasierak.
Bigarren idazki bat egitera animatu naiz aurreko lerroak osatze aldera. Behin pentsatuta gatazkaren logikari loturiko hilabetekako efemeride batzuk ditudala sentitu dut, eta, barne gogoak askatzea exijitu ahala, zenbaitzuk izkiriatuko ditut. Ekarpena badira, ondo. Bestela, nik neuk inbertitutako denbora-tartea baino ez da galduko bidean.
Izan ere, orain egun batzuk, 2024.ko otsail hasieran, Zaballako espetxean (Araba) preso bat hil dela jakin dugu zenbait komunikabideen bitartez. Lehen berria Hala Bedi irrati libreko sare sozialetatik ezagutu dut; ondoren, beste zenbait berri paperetatik sakonago jaso izan dut notizia.
Zaballako espetxean ez, baina Langraitzen bai eduki naute gatibu denbora laburreko egonaldi pare batean. Bilbon tortura kasu baten harirako epaiketan lekuko gisa eraman nindutela, tarteko. Gogoan dut kondukzioetarako prest nuen irrati txikian bertako isolamendu moduluan Hala Bedi lehen aldiz entzun nuenean harturiko poza, bertako irratia eta bertako albisteak zuzenean jasotzeak sorrarazten zidan zirrara. Athletik-ek errege kopako finala Bartzelona boteretsuaren aurka jokatu zueneko denboraldia zen; Toquero-ren golaren bidez norgehiagokan aurrea hartu, eta amesteko parada eman ziguneko garaia. Nire bakardadean ziega ziztrin hartan, ohea erdian, altzaririk ez, are gutxiago leihoa, eta erpin batean “komun” funtzioa betetzen zuen zuloa bidelagun. Aurten erabat ezberdin ikusi dut Barça-ren aurkako garaipena.
Orduan ere Langraitz, gaur Zaballa bezala, heriotzen berri emateko ohiko ez-lekua zen. Eta orduan, gaur bezala, Salhaketak bide ofizialei kontrajartzeko egiten zuen lanari esker informazioa jaso, salaketa egin, eta ahotsa eskaintzen zuen elkartea bazegoen. Gaur, atzo bezala, “preso bat hil dela” diotelako gainerakoek; gaur, atzo bezala, “espetxeak hil du” esan behar dutenean.
Horrelako kasu batzuk bizi izan ditugu lau pareten artean iltzaturik izan gaituztenok. Madrilgo Soto del Realen, A Coruñako Teixeiro-Curtisen ezagutu ditut aldamenean “berezko heriotzak”: Forentseak, miaketak, ziegetan sartzea, une batez espetxe zaindari gehiagoren presentzia, isilunea, isilunea, isilunea….. egun batetik bestera desagertutako presoa (pertsona) azkar desagertzen da beste preso (pertsona) bat ekarrita. Pare bat egunetan iragana bihurtu, eta “normaltasuna” gailentzen da. Hurrengo arte.
Aldagai nagusi bat dago atzoko eta gaurko testuingurua erabat aldarazten duena, ordea: gaur, atzo ez bezala, EAEko Eusko Jaurlaritzak du espetxe eskumena 2021az geroztik. Honek zer esan nahi du? Bada, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxe sistemaren antolakuntza, erregimena eta funtzionamendu kudeaketaren arduraduna bera dela orain bi urte eta erditik.
Lehenagotik eztabaidari heldu beharra bazegoen, gaur, are gehiago. Egun dugun errealitatetik abiatuta, espetxeak jendartean duen funtzioaren analisi kritikoa egin eta beste eredu bateranzko politikak planteatzeko beharra dago.
2016ko otsail hasieran Ipes elkartetik (beste hainbat eragilerekin elkarlanean) Angela Davis ekarri genuen Euskal Herrira. Bilbon, Donostian, Miarritzen eta Gernikan egon zen, baita Logroñoko espetxe aurrean ere, Arnaldo Otegi bisita zezan saiakera egin baikenuen, arrakasta gutxirekin. Bidebarrietako liburutegian egindako konferentzian kapitalismoaren birprodukzioan espetxe sistemak duen paperaz gogoetatu zuen estatu batuarrak: pribatizazioa, merkantilizazioa-negozio eskema, zapalduen zapaltzailea, egiturazko menderakuntza, isolamendua, asistentzia eza, jendartean ikusi nahi ez duguna ezkutatzeko egitura… sistema aldatu nahi badugu espetxeak aldatzearen beharra azalduz (abolizionismoaren bidean).
Aitor bekit gaiak kontraesanak sortzen dizkidala. Ez du soluzio errazik gaurko errealitateak erakusten dizkigun presoen soslai anitzek, eta are gutxiago ordezkatzen dituzten egiturazko problematikak. Sozialki ez dago gehiengo handirik eztabaidari heltzeko, eta mugak agerikoak dira. Aitzitik, debatea ez emateko ezin da arrazoibidea izan. Aferari heldu behar zaio, bai ala bai. Urgentzia du bizitza bakarra instituzio publiko baten “zaindaritzapean” galtzea porrota delako, nahi dugun ikusmiratik begiraturik.
Otsail hasiera batean ere, orain 10 urte, lagun baten heriotzaren berri jaso nuen. Puerton zuten eta espetxe-zigor osoa betetzeko denbora gutxi falta zitzaion. Askatasuna lapurtu ziotenean bizirik zegoen, eta ez zen bizirik atera. Espetxeak hil zuen. Arkaitz Bellon, Pantxi, euskal preso politiko elorriarra Alcalá Meco-ko isolamenduan ezagutu nuen, 2001ean. Gazteak ginen, eta ez geunden konforme.
Eta bai, bere bizitza inporta zitzaigun.