Otegi EITB kritikatzeko azokaren merkealdietan

Otegi EITB kritikatzeko azokaren merkealdietan –

Badira 10 urte ETAk lehergailu bat eztandarazi zuela Bilboko EITBren egoitzan. Gerora, bere agurrean, ‘ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa’ liburuan, adierazi zuen atentatu hura ez zela ulergarria izan. Kontraesana zela Nafarroan ETB jartzearen alde egin eta aldi berean egoitza nagusia txikitzea. Bada zerbait. Testuinguratze bat da. Hamarkadak aurrera egin du baina begien bistakoa da EITBk hamaika arazo kroniko dituela oraindik –bildu ditut urtetan batzuk– eta tartean erakunde publikoekiko lerratzea.

Otegi EITB kritikatzeko azokaren merkealdietan

Euskalautonomiaerkidegotarren %70 EAJren udal gobernupean bizita, pentsatzekoa da nondik doan kontua. Jaurlaritza, Aldundiak, hiriburuetako Udalak… dena da berde jeltzalea. Erakunde publikoak, zuzendaritzak… harritzekoa al da EITBk ere joera jeltzalea izatea? Gominolazko munduan ez zuen hala izan behar, BBC you know, baina hau da gure herria, mon ami. Gogoratu, irakurle, EITB Eusko Legebiltzarrak kontrolatzen duen hedabidea dela. Ardura behinena administrazio kontseilu horretako ordezkariak direla, tartean, EH Bilduk izendatutakoak.

Berriagoa da EITBren aurka lehen mailako agintariek egitea, txio bidez. Ikustekoa da adibidez Arnaldo Otegik argitaratu berri duena, Unai Urruzuno legebiltzarkideak, eta ezker abertzaleko ahari-buru digitalek –zer dio Maddalen Iriartek?–. Jaitsi al daiteke Otegi bezalako arduradun bat errazkeria horren mailara? Bertxio merkeen azokara? Hedabide publikoari prestigioa debalde urratzera?

EITBko bi artikuluren pantailazoak hartu, ondorioak atera, eta jomugan jartzen du hedabidea Otegik. Deigarria da bere txioa, eta arrazoia kentzeak zaila dirudi. Modu nahikoa zekena dirudi EITB.eus-en erabili dutena EAJren alde egiteko. Baina bada tranpa bat ere. Aurkitu zitzakeen Otegik beste bi pantailazo, bere salaketa hau kafeina gabe utziko luketenak, are gehiago, kontrako ondorioa ateratzera eraman zezaketenak.

Otegi EITB kritikatzeko azokaren merkealdietan

Nahikoa arazo ditu EITBk gainera Arnaldo Otegiren mailako politikari bat bertxio egia-erdien mailara jaitsi dadin. Kritika ganoragabe hori egiten duena ehunka milaka euskal herritarren ordezkari politikoa da. Ondo irudituko zitzaizun berbera egingo balu Aitor Estebanek aurreko irudia hartuta? Ez al du ba EH Bilduk administrazio kontseiluan bere kezkak bideratzeko aukerarik?

Kritika alfer horren aldean, bereziki Naiz-ek, ariketa interesgarria egin du EITBri buruzko iritziak plazaratuz, modu eraikitzailean, Berria-n ere idazle batzuk badira zorrotz egin dutenak EITBko ajeen analisia. Kezka batetik abiatuta soluzio bideak jarriz. Otegi eta enparauei ardura berdinarekin jokatzea eskatu behar zaie, ez daitezen oharkabean bihurtu EITB hainbeste maitatzeagatik azken lanbakada eman zien senarra. Ospearekin akabatzea. Bitartean, zaindu zure bertxioak, mon ami.

Otegi EITB kritikatzeko azokaren merkealdietan

 

 

 

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.