SOS deia

SOS deia –

Marisa Barrenak Durangon.

«Euskara ikasten ari diren 60 lagunetik gora bikote bila»

Berri hau irakurri eta harritu egin daiteke edonor, baina egia da, antza. Sare sozialetan jarri du SOS hori http://mintzanet.net/ erabiltzale izan nahi duen eta laguntzaile bila dabilen batek.

Hariari tiraka hasi eta beste hau ere aurkitu dut sarean «Euskaldun gehiagok Mintzanet-en parte hartuko balute, urtebeteren buruan milaka euskaldun berrik lotsa kendu eta euskaraz bizitzeko soltura izango lukete». Dylan izeneko gazte ingeles euskaldun berriak idatzi du.

Mintzanet bidelaria eta bidelaguna da Dylan:

Mintzanet proiektuari buruzko beste hainbat aipamen ageri dira baina niri, neure esperientziatik abiatuta, bi hauek egin zaizkit deigarrienak eta aipagarrienak.

  1. Dylanekin bat nator. Mintzanet euskara ikasten ari direnentzako makulu paregabea iruditzen zait. Lotsa kentzeko aproposa. Naturaltasuna lortzeko egokia.
  2. Euskara ikasten ari direnak bikote bila edo bikotearen zain egotea ostera, praktikatu ezinda, kezkatzekoa benetan.

Euskaldunok borondate handia dugun fama itzela daukagu eta horrela agertzen dugu sarri askotan. Mobilizazioak antolatzeko gaitasunean gutxik hartzen digu aurrea. J.L.Lizundiak esaten duen bezala, prozesioetara joaten zaletasun itzela dugu. Eguneko konpromisoa ostera, zailagoa suertatzen zaigulakoan nago.

Ez nadin pesimista jarri, ordea. Oraintsu Jon Sarasuari entzun nion gure hizkuntzak minbizia pairatzen duela. Tratamendua  behar duela. Mintzanet botika ona izan daitekeelakoan nago gaixotasunari aurre egiteko.

Egia esan, erabiltzailea naizen aldetik, esan dezaket Mintzanet tresna edo baliabide itzela iruditzen zaidala hizkuntza praktikatzeko.

  • Euskara erraztasunez hitz egiten dugunontzat astean ordu erdiko trukean: jende berria ezagutu, lagunak egin, bitarteko berrietan trebatu.
  • Euskara ikasten ari direnentzako berriz, aukera ona, doako zerbitzu paregabea.

Euskarari putz egiteko era asko daude, horietako bat http://mintzanet.net/ duzu. Sartu orrian, jaso informazioa eta eman izena. Bota flotagailua SOS deia luzatzen ari direnei.

SOS deia

SOS deia

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude