Osakidetzan ere arnasguneak sortzea proposatu du UEMAko lehendakariak

600560_osakidetza_1024x576_foto610x342

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak  iritzi artikulua argitaratu du. Belastegiren iritziz “osasungintzan ere arnasguneak sortu ezean, nekez lortuko da Osakidetzan euskararen normalizazioa.” UEMA bere aldetik, “dagokion eremutik eta ahal duen neurrian” laguntzeko prest dagoela nabarmendu nahi izan du, eta “lankidetzarako gune berriak” eskaintzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari.

Irtzi artikulua: Osakidetzan ere arnasguneak.

UEMAren helburu nagusia da herritarren bizitza sozial zein pribatu osoa euskaraz izan dadin bideak urratzea, udalerri euskaldunetatik abiatu, udaletatik igaro eta gainontzeko erakundeetaraino iritsiz. Osasungintza euskalduntzeak helburu horren gauzapenean berebiziko garrantzia hartzen du. Izan ere, egunero milaka herritarrek jasotzen dituzte osasun zerbitzuak, eta gainera, Osakidetza Euskal Herriko lantegirik handienetarikoa izaki, milaka langileren euskalduntzean eragin dezake administrazioak berau euskaldunduz gero.

Gogoratu behar da, herritarrek zerbitzuak jasotzeko eskubidea duten neurri berean administrazioak zerbitzu horiek euskaraz eskaintzeko betebeharra duela. Gaur egun, ordea, urruti gaude eskubide horiek izatetik eta betebehar horiek betetzetik.

UEMAri dagokionari lotuta, Makomunitateak egindako azterketaren emaitzek erakusten dutenez, udalerri euskaldunetan ere ez da ziurtatzen euskarazko osasun zerbitzua. Eta horrek, osasun arlotik harago ere badu eraginik; euskararen arnasgune diren udalerrietan, euskarara nagusi den eremuan, erdarazko gunea sortu  eta bertako egoera soziolingustikoa kaltetzen baitu.  Horretaz gain, herritarren hizkuntza eskubideak etengabe urratuak izaten ari dira. Datu esanguratsu bat aipatzearren, UEMAko 8 udalerritan ez dago pediatra euskaldun bat bera ere.

Gauzak horrela, Osasun Saila euskararen erabilera normalizatzeko II. Plana lantzen ari den honetan, bere ekarpena egin nahi du UEMAk. Beti ere, ikuspegi eraikitzailea izan eta plana bera hobetzeko asmoarekin.

Euskara nagusi den udalerrietan, biztanleen %70etik gora euskaldunak diren herrietako osasun zerbitzuetan lan hizkuntza euskara izan dadin  urgentziazko neurriak hartzea beharrezkoa ikusten dugu. Izan ere, osasungintzan ere arnasguneak sortu ezean, nekez lortuko da Osakidetzan euskararen normalizazioa. Adituek esana da, hizkuntza bat garatuko bada, bera nagusi den guneak edo esparruak behar dituela.

Horretarako ezinbestekoa da aldeko politika aktibatzea, eta hori horrela izan dadin, neurri juridikoak hartzea eta modu orekatu batean inbertsio ekonomikoak egitea. Ezin dugu langileak euskalduntzen etengabe dirua xahutzen aritu eta, aldi berean, langile elebakarrei atea irekita utzi. Langile berriei euskaraz aritzeko gaitasuna ere eskatu behar zaie ezinbestean.

Azkenik, eta Osakidetza euskalduntzeko I. Planaren jasotako asmoen %60a soilik bete zela jakinda,  beharrezko deritzogu jarraipen batzorde eraginkor, ireki eta gardena eratzea. Izan ere, Euskara Plana ausarta izatea garrantzitsua bada, are garrantzitsuagoa da planean jasotako asmoak gauzatzea. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osakidetza euskalduntze bidean aliatuak nahiko balitu, lankidetzarako gune berriak ere eskaini beharko lituzke. Kasu horretan, UEMA prest dago laguntzeko, dagokion eremutik eta ahal duen neurrian.

Maren Belastegi UEMAko lehendakarai