Orreagako gudua oroituko dute abuztuaren 15ean
Urtero legez, Etxabarrengoa Kultur Elkarteak eta Orreaga Fundazioak Orreagako gudua gogoratuko dute abuztuaren 15ean. Hasierako filosofiari jarraiki, helburua da garai hartako gertakariak ezagutzera ematea eta, bidez batez, gaurkotasun politikoan ezartzea. Horretarako, hitzaldi zikloa eta egun osoko egitaraua antolatu dute.
Hitzaldi zikloa Aezkoako eta Aurizberriko gazteek antolatu dute, bertako baliabideak erabiliz. Horiek horrela, sei hitzordu finkatu dituzte Pirinioan. 778ko gatazka ardatz hartuta, eskaintza anitza izanen da, hala nola hitzaldiak, bisita gidatuak edota liburuen aurkezpena.
Agorrilaren 15ari dagokionez, bi zatitan banatuko da eguna: lehena, Orreagan izanen da, oroitarriaren aitzinean, eta bertan omenaldia eginen da. Bigarrena, berriz, IbaƱetako lepoan izanen da. Azken honek izan du aldaketarik nabarmenena. Iaz, Nafarroa Behereatik eginiko proposamen baten ildotik, gatazkaren antzezlan sinbolikoa egin zuten. Inoiz baino jendetsuagoa izan zen, eta jasotako iritzi positiboak bultzatuta, antolakuntza egituratuagoa eta parte hartzaileagoa egiten ari dira. Horren fruitua da aurten sortu den Orreaga 778 lan-taldea, eragile ezberdinak biltzen dituena: Aezkoako Gazte Asanblada, Auzperriko Gaztetxea, Habarrots kolektiboa, Irati Irratia, Nabarra Aurrera, Nabarralde eta Pirinioetako AEK, besteak beste.
Egunak ere irakurketa politikoa egiteko aukera ematen du. Horiek horrela, Euskal Herriko historiarekin edota kulturarekin harremana duen pertsona ezagun batek idazten edo irakurtzen du pregoia, eta aurtengoan Joseba Asiron historialariak hartu du ardura.
Historiarekin izango den hitzorduarekin amaitzeko, bazkari herrikoia eginen da Garraldan. Izena eman nahi dutenek, 948 76 40 87 telefono zenbakira deituko beharko dute edota ibaineta778@gmail.com helbidera idatzi.
Gauza bat: Eneko Aritza ez zen koroatu 778ko guduaren ondorioz, baizik eta 824ko guduaren ondorioz (baldin eta hala izan bazen).
Halaxe da. Horregatik, IbaƱetako ekitaldian hiru urte hartzen ditugu kontuan, gatazka abiapuntu ipinita. 778, 812 eta 824.