ORREAGAk ekitaldi politiko batera deitzen ditu abertzaleak

ORREAGAk ekitaldi politiko batera deitzen ditu abertzaleak –

Abuztuaren 15ean izango da ekitaldia, Askatasunaren Egunean, 12:00etan, Pasai Donibanen, eta Herriak bizi behar du: egin dezagun aberri bidea izango da haren leloa.

Ekitaldia irakurraldi historiko-politiko labur batekin hasiko da, Pasai Donibaneko santutxoan, eta han lore eskaintza egingo diete eta aurreskua dantzatuko diete Orreagan 778. urtean frankoekin borrokatu zirenei.

Abuztuaren 15 batean izan zen, hain zuzen ere, Orreagako gudua. Han mamitu zen gerora hainbat mendean herri honek izan zuen erresuma independentea: Nafarroako Erreinua. Orduan, politikoki, erresumetan antolatzen zen mundua, gaur egun estatuetan antolatzen den moduan. Orduko erresumak, nolabait esateko, gaurko estatuak ziren. Orduan, haiek ziren errepresentazio politiko gorena, eta herri honek errepresentazio politiko gorena eman zion bere buruari.

Jakina den bezala, baina, Gaztelak –edo geroko Espainiak– eta Frantziak suntsitu egin zuten gure erresuma. Eta, harrezkero, atzean zegoen herria, gure herria, Euskal Herria, ez da bere buruaren jabe. Mende hauetan guztietan, bi estatu arrotz horiek saiatu dira –eta orain ere horretan ari dira, eta ez dute etsiko– beren kolonizazioa eta akulturazioa azken bururaino eramaten, eta, zoritxarrez, lortu egin dute hein handi batean. Euskal Herria fagozitatzeko lana, beraz, ez da alferrekoa izan. Hala, gure herria, bizirik badago ere, okupatuta eta oso ahulduta iritsi da XXI. mendera, azken beltzak joa.

Baina, ahultasunak ahultasun, hemen gara oraindik, eta guk Euskal Herria ez daukagu saltzeko. Herria bizirik dago, eta bizirik eutsi nahi diogu. Horretarako, baina, Orreagaren iritziz, aberri bidea egin eta euskal estatu independentea antolatu beste aukerarik ez dugu. Bestela, jai dago. Bestela, gureak egin du.

Beraz, herriak bizi behar duela uste duten guztiek eta aberri bidea gurekin egin nahi duten guztiek aukera ederra dute Pasai Donibanen bide horretan aurrerapausoak egiteko eta Euskal Herria bizirik dagoela erakusteko.

Lore eskaintzaren eta aurreskuaren ondoren, txistulariek lagunduta, herriko plazara abiatuko da jendea, eta han jarraituko ekitaldi politikoak. Bi hitzaldi labur izango dira han, eta, Urbeltz anaiek zuzenduta, mutxikoa dantzatu du jendeak. Izango da zer jan eta zer edan ere. Herri honen independentziaren aldeko oro dago gonbidatuta.

Herriak bizi behar duelako, egin dezagun aberri bidea.

ORREAGAk ekitaldi politiko batera deitzen ditu abertzaleak