Oroitzapenak

Puru-usaia sudurzuloetatik sartzen zaidan bakoitzean berarekin oroitzen naiz, bere ahots baxua datorkit gogora. Ezin dut ekidin. Larruzko amerikana beltzekin ere gertatu ohi zait. Esku handi eta beltzaranekin bezala. Eta zer esanik ez norbaitek aitortzen didanean Donostiako neskarik lirainena naizela. Gorputz osoko iletxoak tente jartzen zaizkit.

Badira jada sei hilabete joan egin zela, eta ez, oraindik ez naiz hutsune hori betetzeko gai izan. Oraindik ezintasuna sentitzen dut bere begi igualak kaletik ikusten ditudanean, bihotza paralizatzen zait benetan bera denaren ustearekin. Baina ez, inoiz ez da bera. Ez naiz gauza onartzeko ez dela berriz nire parean egongo barre algara ozen horrekin.

Tira-birak ondotxo gogoratzen ditut ere, nola ez ba, horrenbeste denboraren ostean broma desatseginak ahazterik balego… Ez dit axola, nahiz eta papera egin, funtsean inoiz ez bainintzen haserretu. Beti jakin nuen bere komunikatzeko forma zela hori. Hain zuzen, nirekin txarto jokatzean maite ninduela adierazten zidan. Inoiz baino gehiago. Zailak dira gizakion arteko harremanak, argi dago. Noizbehinka maitasuna eta gorrotoa ezin dira bereizi.

Denbora pasa ahala norbaitek ordeztuko duen beldur naiz, eta ondorioz, bere aurpegia ahaztuko dudan. Mina ematen du honetaz jabetzeak. Bere argazkiak ikusteak bezala. Jendaurrean isilik geratzen naiz, baina bakarrik egotean malkoa masailetik behera joaten uzten dut. Gero konturatzen naiz berak ez lukeela halakorik nahiko, eta After Eight txokolate bat jatea erabakitzen dut, edo limoi zatitxo bat botatzea Coca-Colari, soilik berak gomendatuta egiten nuena lehen. Bere ohorean egiten dudan errituala bihurtu da orain.

Aitortu behar dut ez dakidala zehazki zergatik joan zen, eta are gutxiago nora. Eta horrela hobe. Nahiago dut pentsatzea olatuek beraiekin batera eraman zutela, itsasoan barrena, tokiren batera zeinetan puru asko erre, biraoak esan eta gustu txarreko bromak egitea ongi ikusia dagoen. Zoriontsu dela.

Oroitzapenak

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...