Orexa eta ‘Franconstein’ Gobernua

Orexa eta ‘Franconstein’ Gobernua –

Jose Mari Pastorrek Berria egunkarian.

Herrian EH Bildu da jaun eta jabe. Bozen ostean argitaratu duen artikuluan azaldu du Eldiario.es egunkari digitalak: Orexa, gotorleku gipuzkoarra. Hauteskundez hauteskunde herri (ia) guztiak botoa ematen dio EH Bilduri batera. Datuak hedatu ditu: Tolosaldeko herriak 123 biztanle ditu. Horietako 83k dute bozkatzeko eskubidea. Igandean 62 lagunek eman zuten botoa. Den-denek egin zuten EH Bilduren alde.

Orexa eta 'Franconstein' GobernuaBeste muturrera joan eta eskuineko alderdi batek boto guztiak bereganatu dituen kasu batzuk aipatu ditu hedabideak: Valdeprado eta Carabantes herrietan (Soria) PPk erdietsi ditu boz guztiak. Jaramillo Quemado udalerrian (Burgos) Vox irten da garaile. Boto-emaile bakarra izan da han. Voxekoa bera.

Orexan, ostera, eskuin espainiarrak inoiz ez du botorik lortu. Bertako botoekin ez dago aukerarik Espainian Franconstein gobernua osatzeko —nola deitu, bestela, frankismoaren ondorengo soziologikoen eta frankismoaren oinordeko nostalgikoen arteko gobernuari?—. Azken orduko ezusterik ezean, eskuindarrek ez dute modurik izango gobernu mota horretan elkartzeko. Orexako botoek eta Hegoaldekoek ezer gutxi balio diete ametsa egia izateko. Gurean aukeratutako diputatuek bidea oztopatuko diote eskuinari.

Faxismoaren aurka bozkatu dugu euskaldunok. Eskuak luzatuko dizkiegu espainiar (ustez) ezkertiar guztiei hesia eraikitzeko. Ustez idatzi dut. Bai, zeren eta zer da egun ezkertiarra izatea? Izan ere, hain da zabala kapitalismoaren barruan segitu eta klase zapaltzailearen eskuetatik ogi-birrinak hobeto banatzen ahalegintze huts guztiz pragmatikoaren eta sistema erabat suntsitzearen amets gaur ia erabat utopiko eta batzuetan mesianikoaren artean dagoen eremua!

Antifaxistak gara eta geure burua eskaintzen diegu espainiar aurrerakoiei. Inoiz etorriko zaigu ezer bueltan haiengandik? Zer emango digu Valdeprado, Carabantes eta Jaramillo Quemado herrietako jendeak geure elkartasun internazionalistaren truke? Espainia faxismotik salbatzea egokituko zaigu beti eta beti? Espainiak Euskal Herria salbatuko du, ba?

Espainiar ustez ezkertiarrek —benetako eskuindarrekin itxaropenik ez— benetako konponbidea eskaintzeko gogoa izango dute inoiz, noizean behingo keinuez gain? Sarritan pentsatu dut: argiak balira, erraz konponduko lukete auzia. Gure etorkizuna erabakitzen utzi eta kito. Behin baino gehiagotan pentsatu dut: soilik erabaki horrekin garaipen erdia izango lukete eskura unionistek. Beste erdia beldur kanpaina bat eginez eta mamuak astinduz osatuko lukete. Arrasateko lagun batek esan zidan, aspaldi: «Joan zaitez Gipuzkoako herri abertzaleenetara eta esan kooperatiben etekinez karabana erosten duten langileei hori guztia arriskuan egon litekeela independentzia lortuz gero».

Ez dugu horraino iritsi beharko, seguruenik. Izan ere, aberri sakratuaren batasunari dagokionez, politika bakarra egiten dute espainiarrek: esku bat barrabiletan jarri eta bestera makila ekarri. Diferentzia? Guk gelditu nahi dugun Franconstein gobernuak lehenengoan aterako du borra; eskuinak zapuzteko gogoa duen Frankenstein gobernuak, aldiz, pazientzia handiagoa izango du. Ez du hain basati jokatuko. Emeki eta goxo makurraraziko gaitu.

Eskuin espainiarrak apenas du sustengurik gurean. Voxen boto emaileek ez dute ezer erabakitzen hemen. Baditugu horietako batzuk, baina. Zenbait herritar eta, dudarik ez egin, okupazio indarretako kideak. Baina tira, horrek ez du zertan txarra izan beti. Lankide ohi batek azaldu didanez, kuadrillan Ezkerraldeko guardia zibil bat du. Botoa Voxi ematen dio eta alaba ikastolan du —ikastolak anitzak ez direla esango dute gero—. Bada zerbait. Gizona —guardia zibila, ez laguna— bereizia da emaztearengandik. Asteburuetan Bilbotik hamar bat kilometrora dagoen swinger club batera joaten da neska-lagun berriarekin, bertan bikotekide trukea egitera. Ene, ene, ene! Non dira gure Espainiaren esentzia betierekoak? Modern times. Chaplinek ez, baina Tejerok baleki!

Orexa eta ‘Franconstein’ Gobernua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.