Ordulariak eta iparrorratza
Ordulariak eta iparrorratza –
Badatoz, oporren ilunkeran, Kataluniatik bueltan. Herrian ezin geratu eta etxean bezala sentitzeko destinoa hautatu, kuriosoa. Norberak kudea bitza bere konfort guneak. Turista etiketa erantzi nahian edo, els carrers seran sempre nostreskamiseta soinean. Berri-berri dago. Pandemia garaitik apenas erabilia, batez ere, lotarako. Amestea libre da.
Harro datoz, anekdota eta melaninaz ase, erdipurdiki kanperizatutako erdipurdiko furgenatxoan, euskal furgesia ttipiko balizko kide. Aurrerago, pulamentuzko furgonetetan, goi furgesia eta, autokarabanan, frantsesak. Errepidean klase borrokarik ez, abuztuan bidaiatzea pribilegio burgesa baita.
Etxeranzko erdibidean, aberria: Petilla Aragoi. Gizalegezko geldialdia eta izenari ohore. Gerora antzuak diruditen galdera abisalen segida dator: «Asko falta al da? Noiz hasi ginen distantzia denboran neurtzen? Bazenekien aimarek iragana aurrean kokatzen dutela eta etorkizuna, ikusten ez dena, atzean? Euskaraz ere aurre-k iraganari egiten dio erreferentzia… Bua, kosmobisioa zer den! Eurak bezala askatuko al gara, gu ere, Espainiatik?».
Deulofeu matematikariak, oinarri zientifiko eztabaidagarriekin, inperioen igoera eta gainbeherak aurreikusteko formula bat diseinatu omen zuen. Haren arabera, Espainiak 2029rako dauka iraungitze data. Arnaldok 2000rako esan zuen: Julek, aldiz, 2025erako eta Anjek iparraldeaz ahazteko. Aurreko krisiak Espainiarekiko asimilazioa areagotu bazuen, azken honek giltzarrapoa jarri dio. Pandemia ostean jendartea mugitzen hasiko ei da eta agendarik ez da falta.
Baina alferrik da ordulariei begira aritzea, iparrorratzik ezean.
berriarentzat egindako kolaborazioa