Oporrak euskaltegian

Ezeri ekin baino lehen, milaka pertsona bezala ni ere ikaslea naiz. Aipatzearren, diot, osterantzean datozen lerrootan esplikatuko dudana nahiko arraroa egingo zaizu. Gauza arrarorik ez dut esango, baina inork gutxik ulertuko luke zelan urtebarruan ikasten aritu den ikasleak ematen duen bere izena euskaltegi batean. Baliteke Imma Erreak aipaturiko “hamakaren sindromea”-ri aurre egiteko neurri bat izatea. Ez dakit. Psikoanalista orojakileren batek, agian, sexuarekin edo Edipoarekin lotuko du, izan ere, orojakileak guztirako erantzuna bide dauka (erantzunik ez daukanerako, bide batez). Nirea oso bestelakoa da. Ea ondo esplikatzen dudan, bestela idazki honek hausnarketa baino hizki- saldaren antza hartuko du.

Aipatu bezala, ikaslea naiz, hortaz, udan denbora dexente daukat nahi dudana egiteko, ordulariaren menpe bizi den gizarte honetan oporrak ditugun esparru libre bakarra da. Haatik, dirua falta zaigu asti hori “behar moduan” aprobetxatzeko; hau da, telebistan irentsiarazten dizkiguten oporraldi eredugarriez profitatzeko (Marina d’Or bezalako super-tokiez ari naiz), eta berezia ez naizenez, nik ere besteek egiten dutena egin nahi dut. Aitortu behar dut nire jarrera ez dela politikoki zuzena, zeren eta guztiok ezberdinak izan nahi baitugu berdintzen gaituen gizarte honetan. Horregatik kontsumitzeko patroi berdinak ditugu, ezberdinak izan nahi dugulako.

“EGA” Yves Jalabertek egina (CC) http://www.flickr.com/photos/yves_jalabert/5063494970/

 

Gauzak horrela, besteek egiten dutena egiteko ogibidea falta zait. Gurasoen etxean ondo bizi banaiz ere, tenorea da urrats bat aurrera egiteko eta lan merkatuan sartzeko, hori baita dirua “behar moduan” xahutzeko ei dagoen bide bakarra. Horretarako euskaraz egiteko gai naizela erakusten duen agiri bat eskuratzea falta zait. Batzuok pentsatuko duzue aurreko esaldia ironiaz esan dudala, aitzitik, benetan ari natzaizue. Hizkuntza bat formalki menperatzea erakusteari, ama hizkuntza barne, ondo deritzot. Oro har, ondo mintzatzen garela uste dugu eta, harik eta kontrakoa erakutsi arte, sinisten jarraituko dugu. Halere, dena ez da ematen duena eta idatzizkoak ez du sarritan mintzamenarekin zerikusirik izaten, nolako zurak ez baitu holako ezpatarik eratzen. Horren jabe izanda, euskaltegian eman nuen izena, euskara idatzia hobetuko nuelakoan edo-ta euskalduna naizen erakusten duen titulu bat aterako nuelakoan (egia esateko biak bultzatuta egin dut, ZuZeun dagoen mailara hurbildu nahian ere)

Eta lortzen dihardut. Ezberdin izan nahi izateak besteekin berdindu nau, zeren eta EGA edo HABE agiria eskuratu nahi duen jendea ezagutzeko parada eman baitit Euskaltegian izena eman izanak. Asko eta asko euskaldunak garela ziurtatuko duen agiri bat lortu nahian gabiltza, batzuk euskaltzaletasunak bultzatuta eta beste batzuk ogibideak behartuta (eta biak batera, noski). Kontrakoa badirudi ere, ez gara batere originalak, beraz. Ñabarduraz ñabardura, geure oporrak lagun eta familiarekin ematen ditugu, pote bat elkarrekin hartzea gustatzen zaigu eta litekeena da edozein herriko jaietan elkar ikustea. Hori bai, denborak esango digu, “kaixo, zelan?” elkarri esango diogun hurrengoan, EGA eskuetan dugun,  Hala izan dadila, guztion mesederako. Hala eta guzti, aurki amaituko da trinkoa eta elkarri agur esateko tenorea helduko zaigu, betiere euskaraz, zeren eta euskaltegiek eta pertson arruntek erakusten baitute ez dela titulu bat izan behar euskaldun sentitzeko. Haatik, elea mingainean izatea nahikoa zaigu euskaraz bizitzeko, euskaldunberriak zein zaharrak; euskaltegian nahiz oporretan.

 

JALGI HADI EUSKARA OPORRETARA!!! 

PD: Euskaltegiko idazlan batean oinarrituta badago ere, apaindu egin dudala onartu beharrean nago.

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.