Oporrak

Oporrak –

Oier Llinasek Alea agerkarian.

Oporretan errealitate marko propioa eraikitzea gustatzen zait; desintoxikazio garaian nago.

OporrakUda lanetik deskonektatzeko garai ezin hobea dela badakit. Eguneroko eginbeharrak pausatu, lankideei agur zoriontsu bat bota, eta, atzera begiratu barik, lantokia azkar batean utzi. Indarrak berreskuratzeko garaia heldu da, urte oso baten ostean berriz airea hartzeko unea. Eta deskonexioa erabatekoa izaten dela frogatzeko mugikorra alde batera utzi dut, berriz ere nire inguru hurbilean gertatzen denari erreparatuz. Aio sare sozialak, kaixo hondartza, eguzkia eta presarik gabeko garagardo freskoak.

Nire behatzen artean hondartzako harea sentitzen dudan bitartean, urte gogorra izan dela pentsatzen dut. Baina ez lanean, gaurkotasunaren jarraitzaile bezala baizik. Espainiako hauteskundeak, lurralde eta udaletarako bozak, ondorengo paktuak, etengabeko kanpaina eta, noski, uholde hau elikatzen duten ibaiadarrek: Otegi telebistan, Gorenaren espektakulua, San Ferminetako txupinazoa… Gezurra eta manipulazioa jaun eta jabe diren reality show bati begira gaudela dirudi askotan.

Honen aurrean nork esan dezake inoiz ez duela izan guztia pikutara bidaltzeko tentazioa? Itxaropena galdu eta mendira bizitzera joatea, graziarik gabeko broma bat dirudien gaurkotasunetik urrun. Latza izan da, bai. Horregatik, hain zuzen ere, ez dakit nik oporrak lanetik ala informaziotik hartzen ditudan. Egin beharreko deskonexio hau ez al den politikatik desintoxikazio bat. Garuna hustu eta garbitu hurrengo kurtsoan agintariek prestatuko dituztenak begi artean sartu baino lehen.

Horregatik, oporretan errealitate marko propioa eraikitzea gustatzen zait. Arau bakarra daukan markoa, alegia: besoa luzatu eta atzamar puntetatik urrunago dagoen guztia ez da existitzen. Horrela, egunotan, nire errealitateko pertsonaiak lagunak, bikotea, tabernetako terrazak eta liburuak izan ohi dira. Mugikorra non dudan ere ez galdetu, ez bainago ziur. Ni orain desintoxikazio garaian nago. Oporrak deitutako tratamendu hau bukatzen denean berriz bueltatuko naiz eguneroko errealitate politikora. Baina, momentuz, nire atzamar puntak tiraderan dudan bainujantziaren errealitatera heltzen dira bakarrik. Eta hortik, hondartzara.

Oporrak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.