Onintza Enbeita: “Madrilera goaz bihar edo etzi herri libre batean bizitzea lortuko dugula esatera”

Onintza Enbeita

.

Abenduaren 20an Espainiako kongresurako hauteskundeak ditugula-eta, ZUZEU kanpainan sartu eta gure herrian diren bi alderdi abertzale nagusietako kide bana gonbidatu dugu geurera; EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburu Onintza Enbeita alde batetik, eta EAJko Gipuzkoako zerrendaburu Joseba Agirretxea bestetik.

Ikasketaz kazetariak ditugu biak, eta egun, Madrilen diputatu. Eskarmentua dute, eta biak ala biak, etorri onekoak dira. Ez dakigu batak ala besteak konbentzituko zaituen, irakurle, baina bakoitza berea edonoren aurrean defendatzeko prest dira Agirretxea eta Enbeita.

.

Onintza Enbeita: “Madrilera goaz bihar edo etzi herri libre batean bizitzea lortuko dugula esatera"

1979an Muxikan jaioa, Kongresurako EH Bilduren zerrendaburua da Bizkaian Onintza Enbeita.

Iñaki Antiguedad ordezkatu zuenetik hiru urte luze eman ditu Enbeitak Madrilen, baina “mila borroka sozialetan parte hartu duen emakumea naiz, eta bertsolaria”; diosku berak. “Diputatu izatea anekdota bat da nire bizitzan”.

Madrilgo bizitzari buruz galdetuta, eta Kongresutik landa, “hiri zoragarria da -onartzen du-; izugarrizko jende jatorra dago bertan, eta mila aukera desberdin, baita galtzeko eta aste betez inor ez ikusteko ere”.

ZUZEUk erretirodunekin bilera bat bukatu berritan harrapatu du hitzorduz hitzordu dabilen Enbeita, bazkalordu batez; eta luze jardun dugu.

Madrilen orain arte izan duen eskarmentua dela-eta, “murrizketen legegintzaldia bizi izan dugu”, dio bizkaitarrak. “Guk gure etorkizuna Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat erabaki behar dugula aldarrikatzen dugu Madrilen, baina Estatu horren menpe gaudenez, bertan onartzen dituzten lege guztiek gurean ere badute eragina; eta eskubide sozialak asko murriztu dira”.

“Autonomi Estatutuak, konpetentziek eta Kontzertu Ekonomikoak ez digute burujabetza osoa bermatzen eta ehuneko bat edo bestean guri ere eragiten digute Estatu espainolak ematen dituen atzerakada guztiek; horregatik esaten dugu %30a negoziatzeari utzi eta burujabetza behar dugula, %100ean”.

Enbeitaren ustez, erabateko burujabetza hori lortuko da “euskaldun guztiok sinesten dugunean guk aukera dugula gure proiektu ekonomiko politiko eta sozialak gure herrian, guk erabakitzen dugun esparru geografikoan garatzeko. Hori sinesten dugunean inork ez gaitu geldituko”. Eta horretara ei doa EH Bildu Madrilera, “esatera ez dugula gainetik inposatzen zaigun Estatu horren menpean egon nahi eta argi dugula lortuko dugula, bihar edo etzi, herri libre batean bizitzea. Gure herrian”.

Enbeita eta Agirretxearekin izandako elkarrizketatan, burujabetza izan da kontzeptu errepikatuenetako bat, bakoitzak bere modura ulertzen badu ere.

«Eskubideak ezin dira eman eta kentzen diren kontu bat izan, horregatik diogu burujabetzaren %100a behar dugula»

“Espainiako gobernuak hainbat eskubide historiko lapurtu dizkigu urte askotan zehar eta eskubide horiek berreskuratu behar dira, herri oso bat eraiki behar dugu”, Enbeitak argitu digunez. “Horregatik, Madrilgo ganberetan gure ahotsa egotea inportantea da; guk esaten ez duguna ez du inork esango“.

“Botoa ematea alde batetik indar erakusketa bat da, eta bestetik, alternatibarik ez dagoela ematen duen honetan, guk badugula geurea esatera dator. Helburua da Euskal Herria egunen batean burujabea izatea eta berari dagozkion erabaki guztiak Euskal Herrian hartzea”.

“Gutxi batzuk besteen izerdiaren kontura aberasten den herria da Espainia, ez daukana interesik emakumeak libreak izan daitezen, bere pentsiodunek bizitza duin bat izan dezaten. Ezin dugu pentsatu independenteak izatean horrelako zerbait egingo dugunik hemen”, Enbeitaren iritziz. Horregatik, EH Bilduk ez du independente izan nahi “arazo geografiko edo identitate arazo bat dugulako bakarrik; hori baino gehiago da. Proiektu ezkertiar bat dugu, politikoa, ekonomikoa eta soziala; patriarkatuaren eta sistema kapitalistaren alternatiba bat, eta ezinezkoa da horrelako zerbait Estatu espainiarraren menpean inoiz garatu ahal izango litzakeela pentsatzea, ez digute inoiz utziko. Horregatik behar dugu burujabetza, gure proiektua garatzeko, guk izan nahi dugun herria izateko”. 

Ezkerraren batuketa, “ezker subiranista eta independentistarena, inportantea izan da”, Enbeitaren aburuz, “indar gehiago ematen duelako arazo askoren aurrean. Gizarte hobeago bat lortzeko bidean adostasunetara heldu, minimoetan elkartu eta gehiengoen bila joatea inportantea da. Ibiliz ikasten da bidea eta erakusten zaio jendeari zertarako prest gauden, eta EH Bilduk, sortu zenetik hona, egin du bidea. Espainiako Gobernua da betikoan jarraitzen duena, eta Euskal Herriko eskuina betiko aitzakietara jotzen duena”. 

Alderdi abertzaleen artean eman daitezkeen adostasunak direla-eta, Madrilen EAJ eta EH Bilduren arteko elkarlanaz ere itaundu diegu Enbeita eta Agirretxeari.

«Pausu bat gehiago eman nahi dugu, urrunago joan (burujabetzan), eta horretan askotan bakarrik sentitu gara»

Ciudadanos eta Podemosen agerpenak ekarri ditzaketen aldaketak ahotan hartuta, “ez dakit zerbait aldatuko den”, adierazi digu zerrendaburu abertzaleak. “Badirudi alderi berriek agian gauzak egiteko beste modu bat ekarriko dutela, baina Espainiar Estatuko alderdi nagusiek, berriek eta zaharrek, badute komunean zerbait, Konstituzioaren 2. artikulua, Espainiaren “zatiezintasuna” aipatzen duena; justu guk kolokan jarri nahi dugun hori. Eta hor sortzen dira arazoak”. 

EH Bilduk ez du ikusten bere burua presidente hautaketa bateko giltza izaten. “Zure herria espetxeratzen duen makro proiektu geografiko horretan nork agintzen duen parte hartzea… apur bat arraroa da”. Baina argi luke zein izango litzatekeen baldintza “bat eta bakarra, eta minimorik ez dago, maximoa da. Gure babesa nahi duen edonork onartu beharko luke gu herri bat garela eta burujabetzarako eskubidea daukagula“.

Aurreko legegintzaldian, zazpi diputatu izan arren talde propiorik lortu ez zutela-eta -EAJ eta UPyDk lortu zuten, bosna diputaturekin-, horri begira ez daudela dioen arren, “txakurkeria ba izan zen”, onartzen du bere burua baikortzat duen Enbeitak. “Erabaki politikoa izan zen, gure kontra duten herra horren beste adibide bat. Espero dut bigarren aldiz ez dutela berdina egingo”.

Hurrengo legegintzaldian euskal gatazka konponbidean jartzeko pausuak emango diren ere galdetu diegu EH Bildu eta EAJko ordezkariei; hala nahiko lukete, biek ala biek.

«Gobernuak ez du borondaterik gatazkaren existentzia bera onartzeko ere, eta horrek asko zailtzen du bide guztia»

EH Bilduk, Onintza Enbeita eta Irantzu Varela ditu Madrilgo Kongresu eta Senaturako zerrendaburu Bizkaitik. Feminismoa diskurtsoaren muinean jarri duten bi emakume. “Ezkerraren gabezia handietako bat izan da ezin dela iraultza sozialik planteatu gizartearen %50ari libre emateko aukerarik ematen ez badiozu. Eta beraz, aldaketa sozialaz berba egiterakoan feminismoa erdigunean jartzea ezinbestekoa da“. 

Enbeitaren esanetan, kontua ez da zenbakietan parekotasuna bermatzea. “Sinistu behar dugu kopuruek ez gaituztela askatzen, askatzen gaituztela konpromisoek eta benetan hartzen diren erabakiek; egunero bortxatzen eta hiltzen baikaituzte, gizonen eta emakumeen arteko soldata tartea % 27koa baita… Eta errealitate hori ez da bakarrik Estatuan ematen, baita gurean ere, gure menpekotasuna arazo unibertsal eta orokorra baita”.

“Guk landu nahi dugun Euskal Herrian emakumeek eta gizonek eskubide berdinak izan behar ditugu, bestela Espainia txiki bat eraikitzen gabiltza Kantauriren magalean. Feminismoak askatuko gaitu eta ekarriko du guztiontzat, gizonentzat barne, gizarte hobe bat“.

Bukatzear den hauteskunde kanpaina dela-eta, “orain arte izan dugun boikot mediatikoaren aurrean -zokoratuak sentitu dira azken lau urtetan baita EHko hedabideetan ere-, bozgorailua jarri digute eta balio izan du”, abertzalearen esanetan. “Baina molde zaharretan egiten dira, bakoitzak konbentzitua duena apur bat gehiago konbentzitzeko, eta aldatu egin beharko ditugu”.

Eta zer pentsatua eman beharko ligukeen kontu bat ere aipatu digu, agurtu baino lehen. “Kanpaina honetan, gero eta modu amerikarragoan antolatzen den telebista pribatuek erabaki dute nor den eta nor ez den protagonista”. 

EH Bildu eta EAJko ordezkari banarekin berba egiteko aukera Kataluniako prozesuari iritzi diotena galdetzeko ere baliatu nahi izan dugu.

«Bere buruaren jabe sentitzen diren herritarrez osatutako gizarte bat ezin dela geratu erakutsi digu Kataluniak»

Onintza Enbeita

zuzeutb

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

3 pentsamendu “Onintza Enbeita: “Madrilera goaz bihar edo etzi herri libre batean bizitzea lortuko dugula esatera””-ri buruz

  • Eta legegintzaldi honetan ere, euskaraz egiteko debekuari men egingo diozue zintzo-zintzo?

  • kaixo Onintza, soilik jakin ezazula nik ezker abertzaleari ez bozkatzeko bigarren arrazoi nagusia zarela.

    Interneten GOOGLE IMAGES en “mujer vasca” jartzen baldin baduzu eta “mujer española” edo “mujer x”, beste nazio edo herri guztiek haien irudia zaintzen dutela ikusiko duzu, gure kasuan aldiz interneten euskal herria gorrotatzen duten etxaiek, “mujer vasca fea edo “mujer vasca camionera” topikoak saiatzen dira zabaltzen, badakigu ez dela egia, baina zu bezelako emakumeak ” vasca camionera” topikoa zabaltzen zerikusi handia eduki duzue etsaiei lana errestuaz ” en mi moño y en mi coño mando yo” famatuarekin.

    Gauzak modu askotara esan daitezke, ta zure hizkera halakoa bada etzaitut nahi gure bozeramaile Madrilen.

  • Madridera joan “herri libre batean bizitzea lortuko dugula” esatera bakarrik ?. Ai ene! Hori ez da esan beharrik; egin behar da, maitea!. Garestiak aterako zaizkigu zuen aldarrikapenak, alajaina!.