Ongi etorri errefuxiatuak
Ongi etorri errefuxiatuak
Ongi etorri errefuxiatuak. Europan, krisi ekonomikoaz gain errefuxiatuen krisia ere badaukagula diote zenbaitek; nik ez nuke krisi bezala izendatuko, nahiz eta, salatu dutenez, munduan 60 milioi errefuxiatutik gora dauden.
Euren herrietatik alde egitera behartuta, munduko beste txokoren batean aterpe hartzen dute. Errefuxiatuetatik gehienek Ekialde Hurbiletik eta Afrikatik heltzen omen dira, gatazka politiko-militar eta sozioekonomikoak medio. Herrialde gehienek egin dituzte inoiz mugimendu migratorioak handik; handik hona eta hemendik hara, uneak eta egoerak hala eskatuta. Gaur egun, Siria, Afganistan, Irak, Sahara, Palestina, Kurdistan, Kolonbia eta Tibet dira, besteak beste, herrialde migratorioenak.
Larunbatean protesta egingo dute Europa mailan, errefuxiatu hauen egoerak erantzule zuzenak dituela salatzeko; bertoko eta munduko herrialde boteretsuenak, hain zuzen ere.
Ehunka milaka emakume, gizon eta haur noraezean dabiltza estatu batetik bestera: konparatuak, zentroetan sartuak, bortxatuak, desagertuak, jipoituak, lapurtuak eta jazarriak. Eta guzti hau, gainera, Europako estatuen onespenarekin.
Egoera salatzeko Europako herrialde ezberdinak elkarrekin protesta egingo dute otsailaren 27an, eta Euskal Herrian ere hainbat mobilizazio egingo dira larunbat eguerdian Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñan. Mezu argi bat helarazi nahi dute: “Ongi etorri errefuxiatuak”.