Ondarruko portuko zikinak eta isurketak salatu
Duela hilabete batzuk karta bana idatzi genien Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzari eta Itsas Komandantziari. Bertan, portuko isurketekin eta zikinekin amaitzeko eman beharreko pausoak emateko eskatzen genien: txalopek gasoila hartzerakoan portuko zaindariak bertan egotea, mangerei topeak ipintzea, isurketen laginak hartzea…
Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak ez digu erantzun ere egin; Itsas Komandantziak, bai. Honen erantzunean aipatzen zigun legeak asko zorroztu direla isurketei dagokienez, bete beharreko arauak gero eta zehatzagoak direla, eta abar. Baina, arauak arau, komandatziak lege horiek bete arazteko bitartekorik ez zuela aitortu zigun. Legeak bai onak, baina bete eragiteko inor ez!
Ikusirik erakundeek ez dutela arazoari irtenbidea bilatzeko bitarteko ekonomikorik ipini nahi, herritarron txanda heldu da. Geuk salatu behar ditugu geure uraren kontra egiten diren gehiegikeriak. Geuk jakin behar dugu zeinek botatzen dituen zikinak uretara.
Beraz, herritarrei esan nahi diegu, portuan enpresaren edo pertsonaren bat uretara zikinak edo isurketak botatzen ikusiz gero salatzeko, ateratzeko argazki bat edo apuntatzeko izenak. Deitzeko udaltzainei atestatuak jaso ditzaten. Eta bidal dezatela euren salaketa edota argazkia Eguzkiren helbide hauetara: eguzkileartibai@gmail.com edo Kamiñalde 35, Ondarroa.
Portuan edo Artabiden bizi direnei, portuan lan egiten dutenei edota bertatik paseoan ibiltzen direnei adi egoteko eskatzen diegu, portuan gertatzen dena zorrotz zaintzeko.
Denok batera lortuko dugu portua garbiago mantentzea eta ingurumena errespeta araztea. Portu bizi eta garbi bat edukitzea posible da!