Olatua hartzen
Komunikazio kanpaina baten prestatzea luzea da, ez da egunetik biharamunera egiten, gauzak ongi egin nahi badira ez behintzat. Kanpaina horretarako olatuak, edo audientzia pikoak hura ezagutarazteko bakanak dira, gehienetan bakarra izaten da. Hori dela eta, ezinbestekoa da olatu hori iristen denerako baliabide guztiak prest izatea, esku paperrak, prentsa oharrak, web orria, sare sozialak, bideoak etab.
Ezin da bat lau haizetara zabaldu eta hortik bi astera bestea, komunikabideek eta jendeak orohar behin baizik ez baitio kasu egingo kanpaina horri. Lan taldeen arteko koordinazioa funtsezkoa da baliabide guztiak %100ean aprobetxatzeko. Surfean gutxitan aritu naiz, baina aritu naizen bakan horietan ulertu nuen olatua iritsi baino lehen lana egin behar zela, baina behin pasatu eta gero alferrik ari nintzela.
Gisa berean, ezin dira gauzak erdi bukatuta aurkeztu, pentsatuz “gero joango gara hobetzen”. Kanpainak momentu horretan deituko du arreta, eta jendea momentu horretan izandako irudimenarekin geldituko da, alegia, irudimen txarrarekin gelditu bada, balizko bezero edo erabiltzaile behin betirako galdu duzu, ez baita hortik hilabete batzuetara bueltatuko jakiteko “ea zertan dauden hauek”. Lehen irudimenarekin geldituko da.
Lehen, kanpaina erdi bukatuta aurkeztu baino, hura atzeratzearen aldekoa nintzen, baina gaur egun sare sozialekin ezinezkoa bihurtu da aterabide hori, zeozer aurkeztu baino lehen sare sozialak oso tresna eraginkorrak direlako giroa berotzen joateko eta egiten ari zarena kontatzeko. Baina egun zehatz batean aurkezteko gelditu bazara, hitza betetzea baizik ez zaizu gelditzen. Egun gutxi batzuk irabaz daiteke, baina hortik aurrera zure sinesgarritasuna galtzen hasiko zara.
Horrelako egoerak saihesteko ez dago lan taldeen artean adostutako egutegi zehatz bat baino tresna hoberik, eta proiektuan dauden lan taldeek ulertu behar dute talde baten lana dela, eta arrakastaren sekretua bat bestearekiko konpromisoan datzala. Komunikazioa ez da pertsona baten ardura baizik eta talde batena. Baina ezustekoak beti dira ezustekoak, eta horiekin lan egiten jakin behar da. Egindakoaz ikasi, hurrengoan hobeto egiteko.