Oinharrizkoa

Oinharrizkoa

Bizkaiko Hitzan argitaratutako “Oinarrizkoa” sarreran, Nerea Ibarzabalek oinharrizko izendatu du “genero ikuspuntuan oinarrizkoari ere muzin” egiten dionari.

Ados, bai, feminismoarekiko sentiberatasun minimo bat sentitzen dugun euskaldunok mikromundu bat osatzen dugu. Manifestazio eta kontzentrazioetan aurkitzen dugun jende hori da sare sozialetan eta euskarazko hedabideetan gaiaz hitz egiten duen jende bera, baita Anariren kontzertuetako publikoan aurkituko duguna ere, normalean.

Errealitatea gordinagoa da, ados. Eta badakit batzuetan basikoa eskatzea gehiegi eskatzea dela, baina aizu, ez dakit, sentitzen dut. Uste dut denon inguruan aski albiste/iturri/aukera badaudela oinarri-oinarrizkoaz jabetzeko, urrutitik bada ere usaintzeko, norbere pentsamolde zurrunaren zutabeak apur bat dardaratzeko adina. Horraino ere ez bazara iritsi, barkatu baina zeure errua da, eta horregatik uste dut zilegi dela zurekin haserretzea, batez ere eragiteko gaitasuna baduzu.

Ze, imajinatu genero ikuspuntuan oinarrizkoari ere muzin egiten dion pertsona batek —oinharrizko dei geniezaioke, mugiezintasunari erreferentzia eginez— eragin eremu bat duela, miresten duten pertsonak dituela inguruan. Guraso izan daiteke, edo guraso eta politikari, edo politikari eta irakasle, edo bertsolari eta guraso eta youtuber. Bonba patriarkal ibiltari bat.

Demagun, aste honetan ikusi dudan moduan, oinharrizkoa irakaslea dela eskola txiki batean. Kirolari profesional gizon bat ekarri dute ume denen aurrera, argazkiak atera eta galderei erantzuteko. Oinharrizkoak, moderatzaile lanetan, ez du aurreikusi, noski, nortzuk altxatuko duten eskua azkarren gehiengoa gizonak diren kirol bati buruzko galderak egitean. Ehun ume aretoan, 30 esku altxatuta, hiru dira neskak. Oinharrizkoak banaka ematen die hitza, presaka, denbora faltagatik. Mutil baten galdera, beste mutil baten galdera, mutil batek aurrekoaren galdera bera —hanka sartzeko lizentzia preziatu hori-, beste mutil baten galdera.

OinharrizkoaNeska bik oraindik besoa altxatuta eutsi diote, baina hirugarren lerroko neskato txikiak jaitsi egin du, astiro, eta aurrera begira geratu da. Mundua erortzen sentitu dut bere besoarekin batera, derrotarik handiena, nire begien aurrean. Besoa jaistean, gizartean beretzat gordetako lekua zein den esan diogulako neska txikiari, atzerago eseritako eta isildutako neska nagusiagoek aspaldi ulertutako kontua. Eta leku hori kirol profesionaletik eta jendaurretik urruti dago, klaro.

Kirolariak joan beharra dauka eta amaitu dira galderak, nesken ahotsik entzun gabe. Irakasleek ez dute serio hartu ikusitakoa kontatu diedanean, eta, kirolari profesional gizonaren ustez, neskok lotsatiagoak gara, eta, tira… normala da.

Haserre nago makromunduarekin, oinarrizkoa enegarrenez esanarazteagatik. Eta haserre nago neure buruarekin, ezin izan dudalako oinarrizkoa egin: ahotsa altxatu eta neska horiei neronek eman hitza, inoren zain egon gabe.

Oinharrizkoa
ereduak, feminismoa, haurrak, heziketa
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude