Nork erre nahi ditu hondakinak? (15)

Orain, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki du prebentzio kanpaina bat abiatzea, sei urtean, 2010 eta 2016 artean, «hondakinen kopurua ez handitzeko». Galdera da zergatik ez den helburu bezala jartzen erretako eta zabortegietara botatako hondakinen kopurua murriztea. Datuak hain onak badira, eta sei urteko tartea edukita, nola ez da planteatzen helburuak hobetzea? Zergatik baztertzen da hondakin kopurua murriztea, eta jartzen da hondakin kopuruari eustea?

Oso esanguratsua izan daiteke, hori ulertzeko, Bizkaiko hiri hondakinen kudeaketarako II. planak, 2005ean, zehaztu zuena. Hauxe da Xabier Garmendiaren DPA enpresak proposatu eta Bizkaiko Diputazioak onartu zuen helburua: «Hondakinen kudeaketa iraunkor bat, Kudeaketa Sistema Integral baten diseinuan oinarriturik, aukeren hierarkia era malguan ezarriz, non prebentzioa den lehentasunezko helburua, eta atzetik datozen berrerabiltzea, birziklatzea eta konpostatzea, energia sortzeko aprobetxatzea eta balioztatu ezin den frakzioa botatzea». Xedearen laburpen horretan aurkitzen den «aukeren hierarkia» horren atzean Europako Batasunak ezarritako tratamenduen hierarkia dago. Eta «era malguan ezartze» horretan dago arazoa: Europako Batasunak hierarkia gisa planteatzen duena, «era malguan» interpretatzen duela Bizkaiko Foru Aldundiak, Xabier Garmendiaren aholkuz. Zertarako daude hierarkiak, «era malguan» ulertu behar badira? Parlamentuak onartzen dituen legeak «era malguan» ulertu behar dituzte herritarrek? Konstituzioen aginduak eta betebeharrak «era malguan» ulertu behar dituzte? Baita isunak eta zergak ordaintzeko orduan ere? Europako Batasunak ezarritako «aukeren hierarkia» horretan, hondakinak erretzea azkenaurreko aukera dela ezkutatu nahi du planak, «era malguan ezarri» kontzeptu horren atzean. Planaren abiapuntua ez baita Europako Batasunak emandako tratamenduen hierarkia goitik behera jarraitzea, prebentzioari lehentasuna emanez; planaren abiapuntua da Europako Batasunak emandako tratamenduen hierarkia azkenaurreko aukeratik gora jarraitzea, errausteari lehentasuna emanez, eta zabortegiak ekidinez. Hori da arazoa Bizkaiko planean: Zabalgarbi behar da, eta Zabalgarbik jatekoa behar du(66).

Bizkaian bakarrik ez, azken urteotan beherantz egin du hondakinen sorrera kopuruak, atzeraldi ekonomikoaren eraginez batik-bat. Gipuzkoan %5,8 egin zuen behera 2009an. Baina 2008an ere behera egin zuen: %2,8. Gipuzkoako Diputazioak espero zuen 2009an 484.601 tona hondakin sortuko zirela, baina 426.000 tona sortu ziren. Aldea %12koa da; bada zerbait. Ez da, bakarrik, diputazioak jarritako birziklatze helburuak espero baino zazpi urte lehenago erdietsi direla; gainera, diputazioak espero zuena baino %12 hondakin gutxiago sortu dira bitarte horretan. Ondorengo grafikoan agertzen dira 2016 urtea bitartean Gipuzkoan sortuko diren hondakinei buruz diputazioak 2006an egin zituen estimazioak, eta azken urteetan sortu diren hondakin kopuru errealak ?Gipuzkoako Diputazioaren estimazio honetan kontuan hartzen da prebentzio kanpainak indarrean daudela eta etxeetan konposta egiteko jarduerak martxan daudela; alegia, beste estimazio batzuetan, hondakin gehiago sor zitezkeela kalkulatu zuen?:

 

“Hondakin sorreraren maila hauek izango dira Lurraldean hiri hondakinen tratamendurako azpiegiturak dimentsionatzeko unean hartuko diren erreferentziak. Prognosietako akats batek, edo prebentzio, birziklatze eta konpostatze helburuak betetzerakoan huts egiteak, ekarriko luke Gipuzkoan ezarri nahi den kudeaketa integraturako sistema itxiko tratamendu azpiegiturak gai ez izatea helburu horiek bete ezean sortuko litzatekeen soberako hondakin kopuruari amaierako tratamendua emateko; eta, ondoren, ezarritako kudeaketa sistema goitik behera hondatzea etorriko litzateke, tratatu ezingo liratekeen soberako hiri hondakinak hartu ahal izateko amaierako hondakindegirik ez izateagatik, hain justu ere. Hau guztia, azken batean, Gipuzkoan hiri hondakinen kudeaketan ardura dutenek Aurrerapen Agiri honetan aurreikusten diren prebentzio, birziklatze eta konpostatze helburuak betetzeko bidean beharrezko neurriak abian jarriko dituzten garantia da.”

Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako planak hori dio. Beldur izango ziren, estimazioetan aipatutakoa baino hondakin gehiago sortuko ez ote zen. Baina estimazioek errealitateak baino goragotik jo dute orain arte, eta horrek galdera dakar: administrazioak ez ote du Gipuzkoako tratamendu azpiegiturak egokitzeko beharrik sentitzen, estimazioen eta datu errealen arteko %12ko aldea ikusita? 2003ko hondakinen antzeko kopurua sortu da 2009an. Antzeko egoeran aurkitu da Bizkaiko Foru Aldundia ere, zabortegira botatako hondakinen kopurua %35etik beherakoa izan dela ohartu delarik. Eta Nafarroan ere hondakinen sorrera kopurua jaisten hasi da 2008az geroztik.

Plangintzak egiten ikasteko liburu oinarrizkoenetan aipatu ohi da, maiz, planei ezartzen zaizkien helburuek eskuragarriak izan behar dutela, errealak izan behar dutela; sarritan, helburu eskuraezinak aurkezten dira plangintzetan, eta hortik etortzen da haien hutsa. Kasu honetan, eskuragarriak izan dira Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek jarritako helburuak. Eskuragarriegiak, agian. Garmendiak idatzi zituen Gipuzkoako eta Bizkaiko planak, eta arta hartu zuen, birziklatu ezin den hondakinen kopurua %60 baino txikiagoa izan ez zedin ?alegia, errauste plantetan erre beharreko hondakinen kopurua %60 baino txikiagoa izan ez zedin?, nahiz eta Gipuzkoan ehuneko hori aldatu behar izan duten, %40ra murriztuta, birziklatzearen errealitateak gainezkatu egin dituelako Gipuzkoako planaren helburuak. Nafarroan, berriz, ISR arduratu da gaikako bilketa ez dadin %33 baino handiagoa izan.

Sortutako hondakinen ehuneko zenbat birzikla daitekeen, hori da galdera. Nafarroako hondakinen kudeaketa planaren eztabaidara gonbidatu zuten Anabel Rodriguez, ISRko zuzendari zientifikoa, hondakinen bilketari eta birziklatzeari buruz hitz egitera. %60 eta %80 arteko birziklatze ehunekoak eskuratzea posible dela aitortu zuen Rodriguezek. Orduan, zergatik arduratzen da ISR bera ISRk posible ikusten duena ukatzera? Zergatik proposatzen du Nafarroak, zazpi urtean, birziklatze maila %31tik %33ra igotzea, batere anbiziorik gabe? Zergatik Gipuzkoan %57 birziklatzera iristea da helburua, eta Bizkaian ez da %40tik pasatzeko intentziorik? Nork erabakitzen ditu ehuneko horiek, eta zergatik? Eta Gipuzkoak %60ra heltzeko asmoa badu, zergatik Bizkaiak ez du halako anbiziorik?

Gipuzkoako Foru Aldundiaren hondakinen kudeaketa plan berriak, 2008koak, hondakinen %57 birziklatu eta konpostatzeko helburua jasotzen du, zehazki. 2009ko datuen arabera, egun, hondakinen %40 birziklatu, berrerabili eta konpostatzen da Gipuzkoan, birziklatzen dutenei batere hobaririk eman gabe, hondakin organikoak bereizita biltzeko politika orokorrik gabe, prebentzio kanpaina sendorik gabe eta etxean konpostatzea sustatzeko politika eraginkorrik gabe. Abiapuntua hain ona izanik ?Europako birziklatze maila altuenetako bat omen du Gipuzkoak, Carlos Ormazabal Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatuak dioenez?, zergatik ez da hobetzeko tartea aprobetxatzen? 2016an %40 birziklatzeko helburua zuen aldundiaren lehen planak, 2002koak. 2009rako erdietsi da helburua, zazpi urtean, ia ezer egin gabe. Diario Vasco kazetak Ormazabali elkarrizketa bat egin eta Hernanin atez ateko hondakinen bilketa abiatu zen egun berean argitaratu zen, maiatzaren 9an; Garapen Iraunkorreko diputatuak esan zuen aztertzekoa zela etxean birziklatzen dutenei hobariak jartzea, gutxiago ordain dezaten. Orain esaten hasita, errauste planta bukatzean, akaso, jarriko dituzte indarrean hobari horiek. Nora begira egon da foru aldundia hondakinen kudeaketa plana indarrean egon den 2002tik 2010era bitarteko zortzi urte horietan? Hobariak adostea errauste plantak egitea baino lan errazago eta merkeagoa izango al da ba? Zer da, %60ko birziklatze mailara bizkorregi iristeko beldurra?

Eta, hori ikusita, Gipuzkoako Diputazioak, zentzuz ezarri du Europak agintzen duen hondakinen kudeaketarako hierarkia?

Diputazioko teknikari batek erantzungo dio azken galdera horri. «Energia berriztagarrien alde egiteak [kasu honetan, hondakinak errausteaz edota konpostatu aurretik energia ateratzeaz ari da] koherentea izan behar du Europako beste helburu batzuekin, bereziki hondakinen tratamendurako hierarkiarekin». Javier Ansorena Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zerbitzuburua da, eta berak idatzia da pasarte hori, baita ondokoa ere, Hiri hondakinak, energia iturri berriztagarri eta iraunkorra(67) artikuluan, 2009an Residuos aldizkarian argitaratua: «Ondorioz, (…) ez da erraustea sustatu behar, baldin eta horrela hierarkia hori ahultzen bada». Baina Ansorena bera da, segidan, salbuespena azpimarratzen duena: Europak agindu duen hondakinen kudeaketarako hierarkia hankaz gora jar liteke, materialen bizitza zikloaren azterketatik ondorioztatzen bada hierarkia jarraitzea kaltegarri dela. Alegia, hondakinak hierarkia piramide horretatik atera daitezkeela, «besteak beste, egingarritasun teknikoarengatik, bideragarritasun ekonomikoarengatik, eta ingurumenaren babesarengatik». Bestela esanda, hierarkiako beste aukerak erraustea baino teknikoki zailagoak, finantzatzeko zailagoak eta ingurumenarentzat kaltegarriagoak badira, zuzenean pasatu liteke erraustera, hierarkia hankaz gora utzita.

Europako estatuen artean adostasunak eskuratu ezinaren beste adibide bat besterik ez da hierarkiari badaezpadako argudio anbiguo hori eranstea. Antza, salbuespeneko argudio horri eutsi diote Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek eta Nafarroako Gobernuak, hierarkiaren gainerako puntuetan behar besteko indarrik egin gabe, zuzenean erraustera jotzeko. Edozein kasutan, interesgarria litzateke, errauste planta beste kudeaketa urratsak baino teknologikoki egingarriagoa, finantzatzen samurragoa eta ingurumenarentzat komenigarriagoa ote den argitzea. Hori baldin bada, behintzat, Europako Batasunak ezarritako hierarkia hankaz gora jartzearen arrazoia.

Ansorenak, artikulu berean, zehazten du problema hondakinen jatorria dela, nola biltzen diren alegia. Nahastuta biltzen badira, ez dago erretzea beste aukerarik, bere hitzetan. Baina artikuluan hondakinak aztertzen ditu energia iturri gisa eta, beraz, ez du sakontzen puntu horretan; ez du bilketa selektiboaz hitz egiten, hondakinak erraustearen onurez baizik. Arta badu, ordea, erraustea eta birziklatzea ez daudela kontrajarriak zehazteko. Eta Suedia jartzen du adibide, errauste planten aldekoek maiz ohi duten bezala. Suedian, 1994 eta 2004 artean, heren bat murriztu ziren hondakinak; aldi berean, %140 handitu zen birziklatzea; eta erraustea ere %70 handitu zen. Ansorenak ez du zehazten, ordea, Suedian zer egiten zuten hondakinekin 1993an. Susma liteke —susmo hutsa da— zabortegietara botako zutela gehien-gehiena, bestela ez da ulertzen hondakinen kopurua heren bat murriztu eta gero ere, birziklatzeak hainbesteko hazkundea izatea eta, hala ere, erraustearen ehunekoa ere igotzea. Litekeena da, bestalde, 1994an errauste plantarik ez izatea Suedian, edo, izatekotan, bakarren bat egotea. Datu gehiago eduki ezean, beraz, ezinezkoa da adibidea Gipuzkoara ekartzea, eta konparazioak egitea.

Baina kalkulu batzuk egin daitezke:

Iaz 426.000 tona hondakin sortu ziren Gipuzkoan.

Hasteko, hondakinen sorrera kopurua heren bat murriztu izan balitz, 290.000 tona hondakin sortuko ziren iaz —alegia, Europako Batasunak agindutako hierarkiaren lehen puntua, murriztea, aplikatuta. Begien bistakoa da ez dela urte bakarrean lortzeko helburua, baina Suediak hamar urtean lortu badu, Ansorenak dioen bezala, ez da ezinezkoa izango—.

Gipuzkoak orain birziklatzen du %40. Portzentaje hori haziko ez balitz ere, errauste plantarentzat geldituko lirateke 174.000 tona hondakin errausteko. Birziklatzea %60ra helduko balitz —hori da Gipuzkoako hondakinen kudeaketa planaren helburua, ISR berak ere egingarri ikusten duena—, 116.000 tona geldituko lirateke errauste plantarentzat. Urrunago joanda, atez atekoa bezalako hondakinen bilketa sistema bat abian jarrita, esaterako, %80 birziklatzera iritsiko balitz, 58.000 tona geldituko lirateke errauste plantarentzat.

Eta Gipuzkoako errauste plantaren proiektua ia bost aldiz zabor gehiago erretzeko diseinatu dute —260.000 tona hondakin erretzeko gaitasuna eman diote—, eta etorkizunean bigarren labe bat jartzeko aukera ere jaso dute.

Suedia adibide bada, zergatik ez da planteatzen, diputazioaren kudeaketa planean, hondakinen sorrera heren bat murriztea?

Koronel soldadurik gabea, horixe da Europako Batasunak hondakinen kudeaketarako agindu duen hierarkia. Inongo armadetan gertatuko ez litzatekeena gertatzen da bere horrekin: soldadurik ez dagoela koronelaren aginduak betetzeko, edo soldaduek, egon bai baina, eurek nahi dituzten aginduak betetzen dituztela. Edo, metaforak alde batera utzita esateko, hierarkia horrek ez duela eraginik, baldin eta administrazio publikoek zuzenean errauste politiketatik hastea erabakitzen badute.

Azken buruan, interes handiak daude errauste politiken atzean, eta Europako Batasuneko kide diren estatuen artean ez da samurra adostasunetara heltzea. Hierarkiak, zorrotz jarraituko balitz, ez luke ia tarterik utziko errauste plantak eraikitzeko, eta estatu batzuek argi dute zer gauza zehaztu behar diren, zenbateraino, eta zer-nolako zirrikituak utzi behar diren.

Baina Europan adosten dituzte beste kontu batzuk. Badago erakunde bat, Normalizaziorako Europako Batzordea izena duena, eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua (?) ei dena. Estandarrak sortzen ditu, era guztietakoak; zerbaiti buruzko irizpideak estandarizatu behar badira, Europako Batasunak aholku eskatzen dio. Beste mila eskariren artean, ESB erregai solido berreskuratuei buruzko espezifikazio tekniko bat eskatu zitzaion, duela urte batzuk. Garai batean RDF edo hondakinetatik eratorritako fuela modan egon bazen, gerora hainbat arazo antzeman zizkioten erabiltzaileek. RDFak egiteko, errefusaren frakzio hezea ere erabiltzen da, eta horrek ekartzen du erregaiak ez izatea homogeneoak, eta «irudi pobrea» edukitzea. RDFen eboluzioa izan ziren ESB direlakoak. Erregai solido berreskuratu kategoria hori eskuratzeko, hondakinak tratatzerakoan kalitate arau batzuk bete behar dira. ESB horiek egiteko ere hiri hondakinak erabiltzen dira, sailkatuta, baina ezaugarri homogeneo eta bermatuak dituzte, RDFek ez bezala. Hondakinak bereizi eta tratatzeko prozedurak bermatzen du «erregai» berri horien kalitatea.

Bada, Normalizaziorako Europako Batzordeak, eskatu bezala, ESBak egiteko zein irizpide kontuan hartu behar diren zehaztu eta langintza horretarako espezifikazio teknikoak eman zituen. Santiago Palomino ISRko zuzendari teknikoak erreferentzia gisa erabili zituen espezifikazio horiek, 2007ko otsailean, Gaztela Mantxako (Espainia) hiri hondakinen kudeaketari buruzko eztabaidan. Erregai solido berreskuratuak. Etorkizuneko aukerak(68) zuen izena Palominoren saioak. «Espezifikazio hori onartzeak erraztu dezake ESB erabiltzen duten instalazioentzat baimenak ematea», adierazi zuen. «Industria sektore ugarik dute interesa Europako lege markoek bultza dezaten hondakinak erregai alternatibo gisa erabiltzea», ohartarazi ostean, Palominok argitu zuen errauste planta ez diren baina hondakinak erretzen dituzten industrientzat ez dagoela zehaztua nola egin behar diren ESB horiek. Hortik dator, beraz, ESBei buruzko espezifikazio teknikoak adostearen garrantzia. Eta garrantziaren neurriko erantzuna eman zuen Normalizaziorako Europako Batzordeak, adostasunera iristeko arazorik gabe, eskatu zitzaion bezala. Esan behar da Juan Carlos Lopez Agui espainiarra dela normalizaziorako erakunde horren presidentea, kasualitatez Zementuaren eta Beronen Aplikazioen Espainiako Institutuko zuzendari nagusi ere badena. Bide batez esanda, batzorde horretako kide da Javier Ansorena Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zerbitzuburua —Europa osoko milaka teknikarik esku hartzen dute Normalizaziorako Europako Batzordean, klase askotako lan teknikoak egiten—.

«Espezifikazio teknikoak onartzeak ekarri beharko luke inplikatutako agenteek ESB gehiago erabiltzea», nabarmendu zuen Palominok 2007an. Argi dago, beraz, zein izan zen Normalizaziorako Europako Batzordearen zeregina: errauste plantez aparteko beste industria sektore batzuetan erraustea sustatzeko irizpide argiak jartzea. Palominok hitzaldi hartan aztertu zuen, hain justu, ESBak zein industriatan erabili ahal izango liratekeen, eta zer aukera eta zailtasun dituzten horretarako: zementu fabrikak, siderurgia, papera, zeramika… Baita zentral termikoek ere. Palominoren hitzetan, bost milioi tona ESB erabili ahal izango lirateke, urtero. Eta argi esan zuen zementu fabrikak direla «erabilera potentzial handiena» dutenak.

Hondakinen kudeaketarako hierarkiak zirrikituak utzi dituen bezala, industrian hondakinak erregai gisa erabiltzeko espezifikazio teknikoak ez du salbuespenetarako argudiorik utzi.

Koronel honek bai, baditu soldaduak.

————————-

(66) Arazo bat badu Zabalgarbik. Ezker Batuak Bilboko udal gobernua osatzeko baldintzen artean jarri zuen Bizkaiko hiriburuko hondakinak ez erraustea, eta udala betetzen ari da baldintza hori. Zabalgarbik, hartara, erre ahal izango lituzkeenak baino askozaz ere hondakin gutxiago erretzen ditu. Eta hori ez da errentagarria. Urrutirago joanda, diputazioak hondakin gutxiago sortzeko helburua jarriko balu, oraindik eta arazo gehiago izango lituzte Bizkaiko errauste plantak. Horregatik ez da komenientziazkoa hondakinak gutxitzeko politikak abiatzea, eta horregatik egiten dira «hondakinen kopurua ez handitzeko» planak. (Bilboz aparte, Etxabarri da hondakinak Zabalgarbira eramaten ez dituen Bizkaiko udalerri bakarra).

(67) Los residuos urbanos, una fuente de energia renovable y sostenible, jatorrizko gaztelaniaz.

(68) Combustible solidos recuperados. Expectativas de futuro, jatorrizko gaztelaniaz.

 

Segida honetako artikulu guztiak irakurtzeko, erraustu.wordpress.com

Zergatik ez dute erreziklatze tasetan gora egin?

Irudia | Zergatik ez dute erreziklatze tasetan gora egin? | Ezezaguna | LGPL

http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html

Zer duzu buruan “Nork erre nahi ditu hondakinak? (15)”-ri buruz