Nor bere buruarekin ezkondu
Nor bere buruarekin ezkondu
Lea-Artibaiko Hitzan “Ondarroako emakumeak nor bere buruarekin ezkonduko dira“ irakurri, eta emakumeen ahalduntze ekintza honek atentzioa eman digunez, Salabardoan jaso dugu.
Ondarruako emakume batzuk beraien buruarekin izandako ezkontza bat irudikatuko dute domekan [martxoak 12]. Ekitaldia Ondarroako Kofradiako Zaharrean egingo da, 13:00etan. Etxelilan egindako jabekuntza eskolaren bitartez landu dute ekintza artistikoa, eta aurretik, Sopela, Bilbo, Cadiz (Espainia) eta Teruelen (Espainia) ere errepikatu dute esperientzia.
Ekintza publiko horren bitartez, norbere buruarekiko maitasuna “beraien bizitzeko erdigunea” dela aldarrikatuko dute Ondarroako emakumeek. “Sarri askotan geure burua azken lekuan jartzen dugu, izan ere, gaur egungo jendarte honetan emakumean besteak zaindu, eta haien bizitza errazteko gaude” azaldu du May Serrano ekintzaren sortzaileak; berak bost urte daramatza bere buruarekin ezkonduta.
Azaldu dutenez, ezkontza tradizional bateko elementu guztiak bilduko ditu ekitaldiak. “Loreak, gonbidatuak, arroza… ezberdintasun bakarrak norbere burua maite, eta garen modukoak onartzeko konpromisoa hartzea izango da, ezkontza honeta norbere buruarekiko fideltasuna goraipatuko da”.
Ekintza, hain zuzen ere, Etxelilako jabekuntza eskola batean landu da. Udalak Etxelila emakumeen etxean lantzen dituen ikastaro anitzen artean bat, May Serranok gidatutako izan dela azaldu du Bisit Beiro Berdintasun arloko zinegotziak. “Garrantzitsua da gure herrian norbere burua balioan jarri, eta garen moduan onartzeko saiakera egitea, eta ikastaro honek beste gauza askoren artean emakumeen jabekuntza sustatzeko balio du”.