Non utz dezaket txirrindua Donostian?

Txirrindu zale amorratua naiz, ahal dudan guztietan (eta gure Euskal Herri kuttuneko klima lagun dudanean) bizikleta aukeratzen dut garraiobide gisa, udan nahiz neguan. Hasiera batean, gutxi batzuk besterik ez ginen motorrik gabeko bi gurpilen gainean harat-honat ibiltzen Donostian, eta tristetu egiten ninduen joan-etorri motzetarako bizikleta bidelaguntzat hartzen zituztenak hain gutxi izateak. Baina orain… tira, uste dut orain iritziz zeharo aldatu dudala.

Ez nator bidegorrietarako hirugarren edota laugarren errail bat eskatzera (nahiz eta zenbait tokitan, beharrezkoa izan), ezta espaloiak estutzea proposatzera ere bidegorriei tokia egiteko (nahiz eta, hau ere, interesgarria izan). Ez. Txirrinduz mugitzen garenontzako aparkaleku duin eta egokiak eskatzen ditut.

Lehen autoa non aparkatu ez genekielako hartzen genuen txirrindua, baina orain txirrindua aparkatzea geroz eta zailagoa da Donostiako erdigunean (tira, ez beti, baina bai eguraldi onarekin eta ordu jakinetan) eta madarikazioak besterik ez zaizkit mingain puntara etortzen kaleetan horrenbeste txirrindu ikustean.

Txirrindu-aparkalekuak gainezka egon ohi dira; hori dela eta, askotan, txirrinduak zuhaitzetara, kale-argietara edo harrapatzen dugun hiri-altzari aproposenera lotzera behartuta gaude. Udan, Kontxako baranda “txirrinduen baranda” bihurtzen da, pasealekuan dauden aparkalekuak ez baitira nahikoak (dena dela, aparkaleku berriak jarri dituzte duela gutxi; eskertzekoa da, ea hiriko beste guneetara zabaltzen den ekimena). Horrek, hiria itsusitzeaz gain, oztopo ugari jartzen dizkie oinezkoei gaizki jarritako txirrinduen artean mugitzera behartuta baitaude.

Hori alde batetik. Bestetik, hiriko edozein tokira zoazela, ez duzu beti txirrindua nahi edo behar duzun tokian uzteko aukerarik eta hamaika buelta eman behar dituzu aparkaleku baten bila, azkenean txirrindua kale-argi baten postera lotzeko.

Behin gaiari helduta, luze mintza ninteke hiri-txirrindularion gorabeherez (bidegorriak, aparkalekuak, oinezkoak, ibilgailuak…). Baina hemen bukatzea erabaki dut gaia gehiegi luza ez dadin. Horregatik, jarraian argazki batzuk uzten dizkizuet, nire hitzek baino askoz hobe azaltzen baitute dena.

UDAZKEN KOLOREAK

3 pentsamendu “Non utz dezaket txirrindua Donostian?”-ri buruz

  • Duela ez asko Amsterdamen egon nintzen. Gauza ezaguna da hiri hori dela txirrindularien paradisua; lehentasun erabatekoa dute hiri guztian zehar, dena dago pentsatuta beraientzat. Lehenik bizikletak, gero oinezkoak, azkenik motorrezko ibilgailuak, hori da araua. Bertan ohartu ginen hemen, Euskal Herrian, ez garela sobera trebeak bizikletak aparkatzen. Aamiga. Lehenik eta behin, bi giltzarrapo beharrezkotzat jotzen dituzte bertan. Zure argazkietan horrore apur batez ikusi ditut bizikletak aurreko gurpiletik lotuak soilik (bizikleta-zale lagunok: Atzeko gurpila aurrekoa baina garestiagoa da!). Aurrekoa koadroari tximeleta delako batez lotua badago (eta ez torloju batez), ojito. Segundo-erdi batean eraman daiteke pitxi-pitxi. Berdin eserlekua, zer esanik ez maletatxoak eta abarrak.
    Aparkatzeko teknikari buruz, zera: Kotxeekin egiten dugun bezala, saia gaitezen lekua aurrezten, besteekiko adeitasunez.
    Binaka baldin bagoaz, bi bizikletok elkarri lotzea espazioa aurrezteko modu ekologiko bat da (gurpilak eta koadroak zuhaitzari!). Edo hirunaka, edo launaka. Bestela ere, zutoin bakoitzak gutxienez bi bizikletentzat tokia ematen du, erraz.
    Barandatan lotuko baditugu, ez dugu zertan aurreko bizikletarekiko halako espaziorik utzi behar. Elkar gainezarri daitezke. Eta gogoratu, (konplexuak gainetik kentzeko eta abar), hiri garbi bat nahi baldin badugu, Amsterdameko baranda-kilometro amaigabeetan ez dagoela jostorratz bat bera ere jartzerik, i no pasa res: Hiriak belar, zeru, adreilu, harri, saltxitxa usainak ditu, ez CO2arena. Deskribaezina. Kotxe batek okupatzen duen espazioan, sei-zortzi bizikleta sartzen direla; egin ditzagun kalkuluak. Oinezkoei, hurkoei, “espazioa lapurtzen ari gatzaizkiela-eta” gaizkitxo sentitzen hasten garenerako.
    Agur bero bat bizikleta-zale guztientzat! Kalera, kalera!

  • Oso ekarpen ona! Egia da. Ni ere iaz Amsterdamen izan nitzen eta txundituta bueltatu nintzen, milioi bat urtetako aldea ateratzen digute! Eta aparkalekuei dagokienez, flipatuta gelditu nintzen geltoki ondoan dagoen mega-aparkalekuarekin: https://zuzeu.eus/2011/07/19/non-utz-dezaket-txirrindua-donostian/amsterdam/ (irudian ikusten dena oraindik gehiago luzatzen da!) Milaka txirrindu (milaka!), bata bestearen ondoan, txukun-txukun jarrita. Horretarako toki egokia dutelako, noski. Hori donostian, oraingoz, pentsaezina da.

  • Ni neu berriro 2011-07-20 13:53

    Ikaragarria, geltoki ondoko aparkalekuarena, IKARAGARRIA! Kaian ere badago antzeko bat, beste bizikleta mordo ikusgarriarekin.
    Euskal Herrian pentsatzekoa ala pentsaezina dena…Gaiari ez diogu sekula seriotasunez heldu nire ustez. Justo de la Cueva idazleak egin zuen saiakera bat kotxeen industriaren indar ikaragarriari buruz; bertan azaltzen zuen nondik datozkigun hainbeste errepide, kotxe-ilara, autobia, motor-inbasio…Batetik bestera ibiltzeko eredua, azpiegiturak, logikak…ezarrita topatzen ditugu; ez dago eztabaida publikorik. Baina sekula ez da berandu guzti hori kuestionatzen hasteko, eta gauzak aldatzen hasteko. Gure arrazoitik hasita.
    Agur bero bat!