Non utz dezaket txirrindua Donostian?

Txirrindu zale amorratua naiz, ahal dudan guztietan (eta gure Euskal Herri kuttuneko klima lagun dudanean) bizikleta aukeratzen dut garraiobide gisa, udan nahiz neguan. Hasiera batean, gutxi batzuk besterik ez ginen motorrik gabeko bi gurpilen gainean harat-honat ibiltzen Donostian, eta tristetu egiten ninduen joan-etorri motzetarako bizikleta bidelaguntzat hartzen zituztenak hain gutxi izateak. Baina orain… tira, uste dut orain iritziz zeharo aldatu dudala.

Ez nator bidegorrietarako hirugarren edota laugarren errail bat eskatzera (nahiz eta zenbait tokitan, beharrezkoa izan), ezta espaloiak estutzea proposatzera ere bidegorriei tokia egiteko (nahiz eta, hau ere, interesgarria izan). Ez. Txirrinduz mugitzen garenontzako aparkaleku duin eta egokiak eskatzen ditut.

Lehen autoa non aparkatu ez genekielako hartzen genuen txirrindua, baina orain txirrindua aparkatzea geroz eta zailagoa da Donostiako erdigunean (tira, ez beti, baina bai eguraldi onarekin eta ordu jakinetan) eta madarikazioak besterik ez zaizkit mingain puntara etortzen kaleetan horrenbeste txirrindu ikustean.

Txirrindu-aparkalekuak gainezka egon ohi dira; hori dela eta, askotan, txirrinduak zuhaitzetara, kale-argietara edo harrapatzen dugun hiri-altzari aproposenera lotzera behartuta gaude. Udan, Kontxako baranda “txirrinduen baranda” bihurtzen da, pasealekuan dauden aparkalekuak ez baitira nahikoak (dena dela, aparkaleku berriak jarri dituzte duela gutxi; eskertzekoa da, ea hiriko beste guneetara zabaltzen den ekimena). Horrek, hiria itsusitzeaz gain, oztopo ugari jartzen dizkie oinezkoei gaizki jarritako txirrinduen artean mugitzera behartuta baitaude.

Hori alde batetik. Bestetik, hiriko edozein tokira zoazela, ez duzu beti txirrindua nahi edo behar duzun tokian uzteko aukerarik eta hamaika buelta eman behar dituzu aparkaleku baten bila, azkenean txirrindua kale-argi baten postera lotzeko.

Behin gaiari helduta, luze mintza ninteke hiri-txirrindularion gorabeherez (bidegorriak, aparkalekuak, oinezkoak, ibilgailuak…). Baina hemen bukatzea erabaki dut gaia gehiegi luza ez dadin. Horregatik, jarraian argazki batzuk uzten dizkizuet, nire hitzek baino askoz hobe azaltzen baitute dena.

<

UDAZKEN KOLOREAK