Non eman da benetan Badiouren “gertakizuna” euskal gizartean? (II)

Non eman da benetan Badiouren “gertakizuna” euskal gizartean? (II) – 

Nire aurreko artikuluan zeraren gainean hausnartu nahi izan nuen: zer lekutan, egotekotan, egon den Badiouren “gertakizuna” kategoria bereziak deskribatzen duen hori gure euskal gizartean, eta, zehahazkiago, eman ote den “gertakizun” badiouar hori inoiz ENAMek urratutako 50 urtetako ibilbidean, edota, aldiz, zinez euskal gizartean eman ote den, bere burua ber-asmatu, ber-signifikatu behar izan duen aldetik.

Bada, aurreko artikulu horrek zabaldutako foroan Imanol Galfarsorok hartu zuen parte. Bere komentarioaren bidez, bete-betean inpugnatu zuen nire artikuluaren tesia. Zuzen onez, partez, Badiouzaleren oso jakituna eta zale petoa dugun aldetik. Zuzen onez diot, ezen jada aurretu-abisatu nuen nire aurreko artikuluan Badiouk berak berorrek, beretik, eta bere filosofiatik, berez, hartzen zuen arriskuaz: “maizenean bere testuen abstraktotasuna-teorikotasuna eta, zergatik ez, iluntasuna, tarteko, gai honek ezin dio interpretazio kontua izateari utzi. Kontuak kontu, Badiouren aldetik berariaz edo ez, ezin uka bere pentsamendua bortxazko borroka asko aldezteko erabilia izan denik”. Zuzen onez, diot, jakinda, egia esatera, Badiorenak oso prozesu zehatzen zerbitzu-mesedetan soil-solik erabili izan direla; gehienetan Mendebaldeko demokrazien kontra egitea izango du eskakizun, besteetan beste, sistema hauek askatasunez mozorroturiko dominazio sistematzat joko direlako.

Garlfarsororen kritika espero izatekoa zen eta nuen. Espero eta aurretiaz ere jada izana bezala nuen neure gogoan. Hau horrela ere, zinez estimatzekoa da bere zehataztapen-kritika. Espero nuela diot delako inpugnazio hau ere aurreikusia nuelako nolabait edo beste nire aurreko artikuluan zera nioenean: “badakit hemen irakurketa ez-ohiko samarra eta agian neuregia egiten ari naizela. Baina, halere, nago fideltasun delako horrek ez duela derrigor bortxazko iraultza batekiko izan behar”. Nolanahi ere den, aurreikusitako kritika horri erantzutera animatuko naiz, edo gutxienez horrenaren harian nire tesiarenak are gehiago zukutzera eta, horretara, aurreko artikuluaren bigarren parte bat eman.

Badiouk “gertakizun” deituko duen horretatik segituko da betiere haustura. Gertakizun delako horrek eten batekin du lotura estua, berez jada gaur artean egon den horrekiko guztiorrekiko etenarekin, ezarria dagoen ordenaren urraketarekin. Hori bagenekien, ondo jakin ere. Honen harian, Galfarsorok zera diost bere iruzkinean: “Gertakizuna beti sortuko da esperimentaziotik, ez dagoena mantentzeko, oro har, konformismotik”. Bada, hori guztiori ondo aintzat hartuta, goazen, hurren, ideia hauen gainean sakon hausnartzera, merezi du-eta, nahiz-eta jakin, agian, edo oso litekeena, Badiourenak Badiouz harago eramaten arriskatzen ari naizela, “neo-badiouismo” edo “post-badiouismo” baterako iradokizun ausart bezainbat polemikoen ur handitan sarturik. Nolanahi ere den, filosofiak, askotan, ez du horren ondo bat egin izan politikaren irrits asezinekin, are gutxiago iraultza izaerakoekin. Bestetik ere, eta datozen lerrootan azaldu ahal izango dudanez, “gertakizunaren” kategoria soziologiak gizarte-prozesuen gainean aspaldi emandako argibide oinarri-oinarrizkoetatik isolatu izanak abstrakzio inoperante huts izatera lerraarazi dezake. Noan bada honi guztioni ekitera…

Jada aspertzeraino esanda moduan, Badiouren gertakizuna ez da inondik ere zeinahi motatako gertakaria, bazik-eta bat-batean, espero gabe, jada aurre-ezarritako ordena iraul lezakeen hori. Bada, labur-labur, horrelatsu-edo deskribaturiko gertakaria eman ahal izan dadin segidako baldintza hauek eman beharko lirateke. Hauek aipatzeaz bat, baldintza direlako horiek zerrendatzeaz bat, berauek gure euskal gizartean ENAM/EZ-ENAM dialektika horrekikoan zer nola obratu duten erakutsian jartzen ahaleginduko naiz:

1) “GERTAKIZUNA” halaxekoa izan dadin, aurrez dugun egoera batetik ez da aurreikusgarria izan behar. Espero gabe, inondik ere aurreikusi gabe, ematen da irrupzioa. Nolabait edo beste, jada existizen den horren muga-mugan kokatzen da. Euskal gizartean gertatukoari dagokionean zer esango genuke honekikoan? ENAM baldintza horiek ondo beteta sortu bazen ere, bere sorrrera zin-zinez gertakizuntzat jo badaiteke ere, behin bere ibilbidea hasita, behin bere 50eko urtetako ibilide luzea urraturik hasita, zer izan du horretatik? Ez al zen bilakatu bortxazko betibateko ibilbide bereberaren segida espero izandako baino ez? Inondik ere iritsi nahi izandako hegemonia inoiz lortu ez zuenez, zorrotz-zorrozki hitz eginda, soil-soilik bere hasiera espero gabea baino ez genuke zinez gertakizuntzat jo beharko, eta, hortaz, behin hastapen hori gaindituta, bere bortxazko forma tarteko ere, su-eten behin betikoa ailegatu artean behintzat, prozesu jada ezagutu, tamalez ohiko eta betibatekotzat baino ez.

ENAMetik kanpo euskal gizartearen gehiengoari dagokinean, aldiz, zer esan? Gurea ez da inondik “ebento” (“gertakizuna”) horren aurrean kontserbakoi eta otzana izan den gizarte bat, hurrik eman ere. Gizarte honena ez zen betibateko jarraipena izan, hurrik eman ere. Euskal gizarteak, bere barne erraietan giro ezin eramezko hau pairatu ahal izateko errotik, egunez egun, bere burua eraldatu behar izan zuen. Bestela, nola iraun gizarte bezala? Nola ez eman amore? Jarraipen betibatekoaz ez dago inondik ere azaltzerik euskal gizartea prozesu luze honetatik onik atera izana. Nekez euts dakioke honelako barne jazarpenezko eta bortxazko egoera horren luze bati. Erresistentzia paregabe batez bortxazko egoerari eustsi dion euskal gizartearen gehiengo horrek askoz arrazoi gehiago ditu, egiari zor, eurena zinezko gertakizuntzat jotzeko, eta berorrekiko zin-zinez guztiz fidela izan dela argi izateko.

2) “GERTAKIZUNA” halaxekoa izan dadin, ezarritako ordena sinbolikoa urratu-irauli behar du. Hein horretan, ENAMi berea aitortu behar zaio. Euskal tradiziozko osagai kulturalak behin beretuta, errotik bestelakotu-bersignifikatu dituenik, ezin uka. Baina, honekikoan ere, lehengora bueltatu behar naiz berriz; behin prozesu horretan sartu zelarik, ez al dugu jada sinbolismo aski ezagun eta betibatekoa izan berena, bestetik, izatekotan, sekulan hegemonia guztizkorik iritsi ez duena?

ENAMetik kanpo euskal gizartearen gehiengoari dagokinean, aldiz, zer esan? Bada, agian, ez horren indartsuki, eta bide batez ekoizpen aniztasun askoz handiagoz, baina ez da jarraipen huts eta soil izan. Bortxazko uholdeari solbenteki aurre egin ahal izateko, sinbolismoaren ber-signifikatze beharra atergabekoa izan da.

3) “GERTAKIZUNA” halaxekoa izan dadin, berau ahoskatu eta aldeztuko duen subjektu argi baten beharra dago. ENAMi dagokionean, argi eta klar aitortu behar da kontu hau. Abian den herri batek osatutako mugimedu itxurapean, baina finean eta buruan iritzi aniztasunerako lekurik batere uzten ez duen “kase dirigenteko” bertikalismo hutsezko subjektu ezin objektiboagoa izan dugu ENAM.

ENAMetik kanpo euskal gizartearen gehiengoari dagokinean, aldiz, zer esan? Bada, normala eta espero izatekoa denez, berorren “subjektutasuna” ez dela horren haztagarria, noski, gizarte oso baten aniztasuna tartean dagoen aldetik. Baina, jada esanda moduan, euren etengabeko egitez, egite temosoez, gizarte bezala iraun izanak berak ezin argiago uzten du erskutsian berorren subjektu-kondizioa.

4) “GERTAKIZUNA” halaxekoa izan dadin, egia unibertsal batekiko lotura baten arabera obratu behar du. ENAMi dagokioean, hau ere ezin ukatuzkoa dugu. Halere, oso interesgarri dugu kontu hau. Izanez ere, nire ikusian, ENAMen ekinbidean “euskal zerak” berorretaz gorago zegoen inportatutako “egia sozialista internazionalistaren” mesedetan ziharduen. Hau da, ezin ukatuzko subordinazio bat eman da, non “euskal zera” oso bestelako ideologia baterako (eta “zinezko egiarako”) bide eta baliabide izan baita.

ENAMetik kanpo euskal gizartearen gehiengoari dagokinean, aldiz, zer esan? Bada, hau ere irmo eta tinko eman da; jada gizarte demokratiko eta bide biolentoen kontrako moduan iraun ahal izateko, direnak eta ez direnak egin behar izan ditu, inondik ere bide kontserbakoi, ohiko eta betibatekotzat jo genezakeen horrelako bide bati ekin  gabe.

Honi buru emate aldera, Galfarsororen azken hitz batzuk ere ekarri nahi nituzke hona. Zera diost bere iruzkinaren bukaeran: “gertakizuna jada badagoen ordena defendatzetik nekez”. Beno, honekikoan, ados eta desados nago. Ados filosofia badiouarrari dagokionean. Alabaina, aitor horrek gurean zer nola obratu duen, horren gainean egin dezakegun azterketa badiourrari dagokionean, jada honaino esandakoagatik, ez nator inondik bat Galfarsororekin. Izanez ere, honelako pairamen latzetik pasatako euskal gizartea bezalako bat, ez da inondik ere lehengo gizartea bera izango. Euskal gizartea, onerako zein txarrerako, balioen aldetik, berorren buruaz duen irudiaren ber-signifikatzearen aldetik, berorren buruaz duen ulerpen koletibo aldetik, ez da inondik inora lehengo gizarte bera, onerako zein txarrerako.

Igor Goitia

Non eman da benetan Badiouren “gertakizuna” euskal gizartean? (II)

Nola zaude?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

6 pentsamendu “Non eman da benetan Badiouren “gertakizuna” euskal gizartean? (II)”-ri buruz

  • Ez nuen inpugnatu baina, are gutxiago bete-betean. Izan ere, pozik asko hartu nuen Igor Goitiak Badiouren lanarekin engaiatu izana. Garbi baitago bere mentoreak diren Joxan Rekondo eta Imanol Lizarraldek baino askoz ere serioago hartzen duela eta beharko Badiouren figura intelektual erraldoiaren gaurko egungo itzalaz ondo asko jabetzen den neurrian.

    Hori esanda, bai, ‘gertakizuna’ hitzaren esanahia EHko tentuinguruan hankaz gora jarri nahi izanaren parean esteka bat erantsi nuen kritika gisa: https://badiouetagu.eus/gertakizuna-eta-euskal-emantzipazio-prozesua-2-3-euskal-emantzipazio-prozesua-gertakizun-gisa/

    Esteka horrek hiru zatitako idazlan baten bigarrenera eramaten du, non EHan XX. mendeko erdi aldean eman zen gertakizun historikoaren, par excellance, gorabeherak erakusten saiatzen naizen. Idazlanak berak gero aukera ematen du lehen zatira joateko, non Gertakizuna Badiouren arabera zer den erakusten saiatzen naizen, eta hirugarren batera, non Gertakizuna XXI mende honetan bizirik dirauen ala ez aztertzen dudan- nik diot baietz!

    Eta orain bai, Igor Goitia egiten saiatzen denaren nire kritikaren muina zera da: Jean Paul Sartrek berak ‘coup de tonèrre’ gisa izendatu zuen Gertakizun historikoaren subjektu sortzailearen ordez, Igor Goitiak haren kontra egin zutenen gorazarrean nolabaiteko gertakizuna ikusi nahi duela ematen du eta horrekin ados egoterik ez dagoela azpimarratzeko hau eransten dut orain:

    Egia unibertsal batzuen (Askatasuna eta Berdintasuna) gauzaketa singular baten oinarrian (Independentzia eta Sozialismoa+) dagoen askapen mugimenduaren parean, edo zehazkiago, euskal askapen prozesua bultzatzen duen subjektu etiko-politiko kolektibo zehatz baten parean, iraganeko borroka armatuaren garaian kontra egin zutenen artean ez zegoen ezer berririk, ezer ez: onenean, subjektu erreaktiboak ziren (literalki, bakearen aldeko mugimendu zibikotzat aurkezten zirenak bezala) eta txarrenean, subjektu zeharo ilunak (estatu -sakoneko- aparatuak eta abar) – askotan baino gehiagotan biak ala biak koalizioan gainera, koalizio estuan batera bai, pazifistak (sic.) eta polizia (ez sic.). Beraz, ukatzerik ez, zailtasunak dauzkat hor inolako Egiaren gertakizun politiko berri baten ganorazko subjektuak ikusteko!!

    Nahiz eta hortik aurrera noski baietz, nahi beste eztabaidatu genezake etikaz, moralitateaz, demokraziaz, giza eskubideez eta dena dekakoaz. Hemen Zu Zeu agerkarian http://www.badiouetagu.eus web orrialdean, non Badiouren lanen itzulpen zein iruzkin kritikoak beti ongi etorriak izango dira, eta abar, Ze zenbat eta leku gehiagotan hainbat eta hobe. Azken finean Platon gaur egun bezala Badiou hemendik 2500 urtera irakurriko da.

  • Badiouren gertakariari buruz bi ohar egitera ausartuko nintzateke:

    Lehenengoa, gertakariaren beraren izaerari buruzkoa: “Gertakizun baten indarra, munduan ezkutuan zegoen edo ikusezina zen zerbait agerian uztean datza, mundu honetako legeek estalia zuelako. Gertakizuna munduaren zati baten agerpena da, aurretik murrizketa negatibo baten moduan bakarrik zegoena.”……“Dagoen legea, arauak eta egoera baten egitura eteten duena besterik ez da, eta aukera berri bat sortzen. Hasieran, beraz, gertakizuna ez da egoera berri baten sorkuntza. Aukera berri baten sorkuntza da, zeina ez den gauza bera. Izan ere, gertakizuna berdina izaten jarraitzen duen egoera batean gertatzen da, baina egoera hori bera aukera berriaren barruan dago”
    Gertakizunaren planteamendua berritzailea bezain interesgarria iruditzen zait. Gainera, bere “El ser y el acontecimiento” lanean gertakizunaren formulazio zehatz bat emateaz gain, multzoen teoria matematiko baten barruan kokatzen du gertaera.

    Eta bigarrena, ez dudala inolako erlaziorik aurkitzen gertakariaren eta egia unibertsalaren artean.
    Berak erabilitako adibide batera joko dut: Saulorentzat, esaterako, gertakizuna Kristoren berpizkundea da, eta gertakizun honek ez du zuzenean ezer aldatzen Erromatar Inperioan. Beraz, egoera orokorra, hau da, Erromatar Inperioa berdina izaten jarraitzen du. Baina egoeraren barruan gertakizunak aukera berri bat irekitzen du.

    Niretzat ere argi dago Saulorena gertakizuna edo ebento bat suposatzen duela. Baina ez dut ikusten ebento horrek zer ikusia izan dezakeen egia unibertsal batekin.

  • Eta Gero beste zehaztapen pare bat gertakuzunaren izaera, garapena eta luzaera dela eta, Rekondo eta Luzarralderen eragina handiagoa dela Goitiarengan Badiourena baino uste dut eta, eta noski, esan gabe dia eragin hori okerra dela zentzu intelektualean prioagandaren mailan baliagarria bazarie ere, hemen erakusten saiatu nintzen bezala, luzez: https://zuzeu.eus/euskal-herria/resistencia-vasca-ante-las-violencias-recientes-batez-besteko-euskal-desetre-erdikoiaren-gorazarrea-i/
    Gehi II eta III.

    Kontua ez da gertakizuna hasierakoa izan zela (bat-bateko irrupzio iraultzailea) baina gero argudiatu daitekeela ‘gizarteak’ gaina hartu zuela askapen mugimenduaren kontra eta abar. Ez, ez eta ez! Hartu gertakizun amorosoa esate baterako. Bai, hasierako topaketa kontingente eta guztiz ez-usteko batekin hasten da baina gero prozesuan egiaztatzen da, maitaleen fideltasunaren bidez, ez baina batak besteari maitasuna ez da eta bi narzisisten arteko kontratua, fideltasuna gertakizunari baizik, bion artean sortu zuten Errealitate berriari alegia. Eta askapen mugimenduarekin berdin, gertakizun Politikoa ez zen izan sortu zuen Erakundea armatua, Erakunde armatuan eta inguruan eztabaida gogorren bidez finkatu zen partikular baten unibertsalizazioa baizik (independentzia eta sozialismoa).
    Horregatik, berriz, Rekondo eta Lizarralde oker dabiltza, eta ondorioz Goitia ere bai tesi bera errepikatzen duen heinean, askapen mugimendua apenas abertzalea dela diotenean eta kasuan guztiz iraultzailea. Ez. Hori fundamenturik gabeko iritzia da, argudiaketa logiko eta serio baten bidez sostengatu ezin dena. Askapen mugimenduaren militante politikaren fideltasunak askatasun politikoa (independentzia) eta “ giza-berdintasuna edo justizia soziala (Sozialismoa, Feminismoa…) (izan) ditu ardatz. Eta hori azken hamarkadetan jendarte gehiago edo gutxiago egon arren. Nahiz eta Goitiak berak onartu beharko du gaur egungo ‘gizarte’an askatasun politikoaren eta giza-berdintasunaren ideieri fideltasuna osasuntsu dabilela.

  • Igor Goitia Mora 2025-03-31 18:13

    Mila esker Imanol zure iruzkinarengatik.
    Ez luke honetan gehiegi luzatzea mereziko, nire aldetik, esan beharrekoa jada artikulu honetan bertan adierazia daukat-eta.
    Zure linkean jada sartua negoen, eta bertako testua irakurria. Oso interegarria, batere ados ez banago ere, eta neurean bermatzen banau ere. Labur-labur bi ideia nagusi hauengagatik:
    1)ENAMen gertakizuna, izatekotan, izan zen, bere sorreran; gerora baina, prebisible, errepikakorra, eta 50 urtetako tradiziozko subalternitate betibatekoa baino ez da izan. Euren egiteko moldeak, euskal gizarte pararelo samar sortu dutelarik, aspaldiskotik Gabon aurretiko bederatziurrenak baino aurreikusgarriagoak ziren.
    2) Gizarteaz ari nintzen, eta ez Estatuaz eta zehazki ezein erakundez….eta pentstzea euskal gizarteak bere baitako bortxazko honelako jasa etengabekoari eutsi ahal izateko bere burua ber-asmatu behar izan ez duela ez dago nondik defendatzerik.

    Dena den, Egia gora eta behera dagoela, nago Badiorenak bezalako filosofiek prozedura neo-marxistak janzteko eta banre kontsumorako forma berri erakargarriak baino ez dituztela eskaintzen, non delako Egia (iraultzailea) aurrez dago BETIDANIK ondo zehaztuta ebentoa eman edo ez eman, edota dena delako horri ebento deitu edo ez deitu.

    Barne logika eta behar horri erreparatuta, hortaz, argi dago, ni, horri gertakizun deitu beharretik guztiz kanpo nagoenez, normala dela txuri eta beltza aritzea zu eta ni, inondik bat ez etorrita. Normala eta guztiz espero izatekoa.

    Mila esker, Imanol.

  • Hagin urdin 2025-03-31 19:20

    Badiouren gertakizuna ematen den Edo ez subjektibitate ebazteko ideologiko gehiegi…
    Bestetik, gertakizunaren kategoriak zer egin nahi du? Deskribatu edota zilegitasuna eman?

  • Hagin urdin 2025-03-31 19:21

    Ebazteko subjektibitate ideologiko gehiegi… esan nahi nuen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude