Non daude adierazpen askatasunaren mugak?
Non daude adierazpen askatasunaren mugak?
Konstituzio eta legeek ezartzen dituzten arauek ez daukate irakurketa edo interpretazio bakarra. Adierazpen askatasuna arautzeko irizpideak ere ez. Hau oso hurbila zaigu euskaldunoi arrazoi ezberdinengatik. Joan den abenduan, ETAko kide bi oroitzen zituen gutun bat argitaratzearren Iñaki Soto (Garako zuzendaria) inputatu zuen Audientzia Nazionalak. Halere, euskaldunok labanez erasotzera animatzen dutenek ez dute isun bat ordaindu ere. Bestelako kasuak ere badaude. Esaterako, aurreko astean homosexualitateari buruz eskeiniko zuen hitzaldia bertan behera utzi behar zuen Jokin de Irala mediku euskaldunak Costa Rican. La Nación egunkariariari esandakoaren arabera, presio ugari jasan zituela-eta, “Homosexualitatea konprenituz” berbaldia ez ematea erabaki zuen Iralak.
Gaia bera baino, Iralaren iritzia dugu polemika honen jatorria. Izan ere, homosexualitateak sendabidea daukala defenditzen du euskaldunak. Bere aburuz, 200 kasu baino gehiagok ezagun egin duten “terapia zuzentzaile“-ak pazienteen joera sexuala aldaraztea lortu du, homosexualak heterosexualak “bihurtuz”. Bere hitzetan, psiko-terapia honek Amerikako Psikologia elkartearen errekonozimendua jaso du. Hau ez da polemika sor lezakeen iritzi bakarra. Homosexualitatea gaixotasunaren zerrendatik nola “desagertu” zen ere susmopean jartzen du Iralak. Homosexualitatea “sexualitatearen garapena desegokitzat” hartzen badu ere, homosexualek “baldintzarik gabeko errespetua” merezi dutela dio.
Askok esango dute aipatu ditudan adibide biak ez direla konparagarriak. Gai ezberdinak direla aitortu behar dut. Batean, lehergailu bat ipintzean euren bizitza galdu zuten ETAko kide ziren Rafa Etxebeste eta Maite Pérez-en “borroka” goraipatzen da eta bestean atzerakoi iruditzen zaizkigun ideiak defendatzen duen medikua dugu. Dena den, kasu biek ekarri dituzten ondorioek galdera berberara eramaten gaituzte, hau da, adierazpen askatasunaren mugak non jartzen ditugun. Era berean, kasu bietan sentimenduek garrantzi handia hartzen dute. Beraz, oso zaila egiten zaigu arrazoia eta emozioa bereiztea eta horren ondorioz inor minduko ez duen iritzia ematea ia-ezinezkoa suertatzen zaigu.
Izan ere, homosexual bati Iralak bere joera sexuala sendabiderik daukan gaixotasuna dela entzuteak minduta sentiaraziko dio. Era berean ETAren indarkeria pairatu duen bati erakunde horren kideak deskribatzeko “Euskal Herri gorri, euskaldun, parekide eta aske baten aldeko hautua egitearren bizia eman duzuen guztiei” gorazarre egiteak edo-ta “zapalkutzaren aurrean borrokatu eta askatasunari bidea zabaltzeko antolatu” zirela irakurtzeak grazia handirik egingo dionik ez dut uste. Hori gutxi balitz, Garako gutunaren egileek Etxebeste eta Pérez maite dituztela izkiriatzen dute eta Jokin de Irala jasan duen tratuengatik minduta agetzen zaigu. Horregatik, adierazpen askatasunaren mugak jartzeko euren sentimenduak ere ezin ditugu alde batera laga.
Nahiz eta politikoki oso zuzen ez izan, adierazpen askatasunaren mugak finkatzeko ondokoari zor diogun errespetua ez dut uste irizpide bakarra izan behar denik. Izan ere, homosexualitateak sendabidea duela benetan uste duenak edo ETAra pasatzea “zapalkuntzaren aurrean borrokatu eta askatasunari bidea zabaltzeko antolatzea” dela sinesten duenak bere iritzia izkutatu behar digu? Erantzun sinplerik ez dauka galdera honek. Geure ideiak izkutatuz, ziniko bihurtu eta geure burua zentsuratzeko arriskua dakusat. Halere, zenbait ideiak plazaratuz (zintzo jokatu arren), ondokoak errespetu faltatzat har ditzakeela ere kontuan hartu behar dugu.
Beraz, zelan orekatzen ditugu besteari zor diogun errespetua eta norberak uste duena adierazteko daukan eskubidea? Hau da nik daukadan duda eta helarazten dizuedan galdera.
Urkoari zor zaion errespetua eta norberak bere iritzia adierazteko eskubidea ez dira nahikoa, nire ustez, (auto)zentsura azaltzeko. Irizpide horiekin gutxiasko adostutako eskubide bat aldarrika daiteke, eta gero lege bat sortu horixe babesteko, eta gero… komuneko zulotik behera bota, ohi denez, zigortua izan behar duena zigortua izan dadin. Zentsura eta boterearen arteko erlazioa argigarriagoa (eta, nola ez, konplexuagoa) iruditzen zait. Ikusi berri dut Nikolaj Arcel-en “En Kongelig Affære” (2012) pelikula. XVIII. mendeko Danimarkan girotua, herrialdearen modernizazio prozesua erakusten du pelikulak. Johann Friedrich Struensee mediku aleman ilustratuak Danimarkako Christian VII erregea txotxongilo gisa baliatu eta hainbat aldaketa aurrerakoi bultzatu zituen. Horien artean adierazpen askatasuna. Baina zer diren kontuak, bere izkutuko gobernu ilustratuari kalte egiten dionean bertan behera lagako du.
RT @zuzeu: Hau da @j_intxaurraga-k helarazten dizuen galdera: “Non daude adierazpen askatasunaren mugak?”:http://t.co/qeQiVMMIJW
Jon, badakit subjektua ez dela hau, baina azaldu al dezakezu zergatik idatzi duzun – ETAko kide ziren Rafa Etxebeste eta Maite Pérez-en “borroka” goraipatzen da – esaldian borroka hitza kakotx artean?
…Jon?…Tok tok tok…hor zagoz?
Aupa Maier,
Kakotxak erabili ditut aseptikoago izan nahian, izan ere gutun honen egileek borroka hitza erabiltzen dute (besteak beste), beste batzuek “terrorismo” berba erabiliko luketeen tokian. Horregatik kakotx artean jartzea erabaki nuen. Besterik ez.
Jon, ba aurretik esanda badakidala ez dela hau subjektua, uste dut kakotxik gabe hobeto legokeela, izan ere batzuentzat terrorismoa bada ere, ukaezina da borroka dela. Borroka horretaz bakoitzak bere balorazioa egingo du, baina borroka da, kakotxik gabe. Zure testuko beste hitz askotan denok ez gara ados egongo (normala den bezala), baina ez dugu/duzu horregatik testua kakotxez bete behar, eta kasu honetan are eta gutxiago, esan bezala haiena borroka dela nahiko ukaezina iruditzen bait zait.
(Honek hausnarketatxo bat izan nahi du, zure kakotxei kritika baino gehiago)
Aupa Maier,
Aurreko erantzuna idatzi bitartean, zuk aipatutakoa pentsatu dut. Hau da, ETArena borroka izan da (gero nork bere iritzia izango du horren inguruan). Eta arrazoia eman behar dizut.
Nire burua zuritzeko-edo, konnotazioak ekiditzeko erabili ditut kakotxak. Aurrekoan esan bezala, egileek erabilitako hitza hartu nahi izan dut. Baliteke aseptiko izan nahian, arin larregi ibili izana.
Ez pentsa zeure iruzkinak txarto hartu ditudanik. Nahiz eta artikuluaren subjetua izan ez, horrelako kritikak/ hausnarketak ondo etorriak izaten dira.
Penomeno, horrela gustoa ematen du!
Noam Chomskyren esaldi bat ekarriko dut gogora:
Si no creemos en la libertad de expresión para la gente que despreciamos, no creemos en ella para nada.
Noam Chomsky
Lehenengo galderarako erantzun erreza dago: adierazpen askatasunaren mugak daude Espainiarrek, haien lege eta Audientzia Nazionalaren bidez, jartzen dituzten lekuan, garaien arabera aldatzen direnak. Horri esker espainolistek eta euskal autonomistek askatasun osoa daukate ETA eta ezker abertzaleari buruz nahi duten guztia esateko.
.
Hau da, ETA eta bere kideen aurka nahi duzuna esan dezakezu eta horri esker artikulu honen amaiera agertzen den azken galderaren inguruko tesi doktoral bat egin dezakezu goi mailako etika eta moralari buruz.
.
Baina ETA eta bere kideen aldeko iritzia baldin badaukazu eta publikoki agertzen baduzu, edo ETAren biktimak zergatik izan ziren ETAren biktimak, edo zergatik ETAren biktimen biktimak izan ginen/garen azaldu nahi baduzu, edo esaten baduzu “maite zaituztegu”, edo “aurrera bolie” edo “Ines”…. , jai daukazu, sentimendu eta errespetuaren zaintzaile zerutiarra omen diren Audientzia Nazionala eta Estatuaren beste tresnak dauzkazu zelatari eta ziztu bizian “orekatuko” zaituzte.
.
Alta, homosexualitateari buruzko ikuspegirik atzerakoiena edo frankismoaren aldekoa baldin badaukazu, edo Guardia Zibila, Ertzaintza eta Poliziaren ekintza “pofesionalen” aldeko txaloak eman nahi badituzu, orduan ez duzu mugarik, Espainiako Erresuman behintzat.
ETAri gorazarre egitea adierazpen askatasunaren seinale baldin bada, ETAri kritika egitea ere bai.
ETAri kritika egitea adierazpen askatasunaren seinale baldin bada, ETAri gorazarre egitea ere bai.
Bai, baina ez.
Naziak kritikatzea eta naziak gorestea ez dira gauza bera. XX, XX eta XX kritikatzea eta “XX, XX eta XX hil egin behar dira” esatea ez da gauza bera.
“Kanibeto marabillosoa da”, “Kanibeto majetea da”, “Kanibetoz paso egiten dut”, “Kanibeto lelo xamarra da”, “Kanibeto oso tipo penagarria da”, “Kanibeto kaltegarria da”, “Kanibeto arriskutsua da”, “Kanibetori ea nork hausten dizkion hankak,jajaja”, “Kanibeto hil egin behar da”, “Jo ta ke, Kanibeto hil arte”, “Aupa, Kanibeto hil dute, guai, orain Plarineto hil beharko litzateke”… ez dira gauza bera.
Eta niri, Kanibeto naizen aldetik, batzuk gustatuko zaizkit, beste batzuk ez, beste batzuk batere ez, eta beste batzuk, zuei ez dakit, baina niri zuzenean delitu iruditzen zaizkit.
Bai, baina ez.
.
Gauza berbera esatea ez da delitua Kanibeto ETA edo ezker abertzalekoa baldin bada baina bai delitua den Kanibeto espainolismoaren kidea baldin bada.
.
Ondorio logikoa da; egungo esparru juridiko-politikoa nazi eta faxistek inposatutakoan oinarritzen da, eta haien ondorengo politiko, ekonomiko, eta kasu batzuetan biologikoek erabakitzen dute zein Kanibetori ematen dioten babesa eta zein Kanibetori egurra.
Horretan bat natorke zurekin.
Nire idazkia Jonek planteatutako kuestio orokorragoaz zen. Zuk planteatutako joko eremu desberdinak kontuan hartu gabe, gizarte batek funtzionatu beharko lukeenaz. Nire aurreko idazkian, berdin dio Kanibeto etakidea, faxista, komunista, militarra, perroflauta, iraultzailea, kirolaria, prostituta, presidentea, medikua edo beherako kronikoa pairatzen duena izan.
Esaterako:
.
” Fernández Díaz amenaza a Enbeita con una causa por el Olentzero para no responder sobre Hellín”
El ministro español de Interior, Jorge Fernández Díaz, ha recurrido a una supuesta investigación de la Audiencia Nacional española sobre el Olentzero de Gernika para cargar contra Onintza Enbeita, diputada de Amaiur que le interrogaba sobre los privilegios de Emilio Hellín, autor de la muerte de la joven Yolanda González en 1980.
http://www.naiz.info/eu/actualidad/noticia/20130313/fernandez-diaz-amenaza-a-enbeita-con-una-causa-por-el-olentzero-para-no-responder-sobre-hellin