Nola iritsi den eraikuntza enpresa bat gure hiriko menpeko pertsonak zaintzera
Nola iritsi den eraikuntza enpresa bat gure hiriko menpeko pertsonak zaintzera –
Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua ez da salbuespen bat euskal erakundeek zainketen arloko guztia kudeatzeko duten logikaren barruan: publikoa izan beharko litzatekeen zerbitzua da, baina esku pribatuetatik kudeatzen da. Lizitazioak “beheranzko enkante” bihurtu dira, non diru-proposamenik onena aurkezten duen enpresak zerbitzua hartzen duen. Horren ondorioa argia da: azken urteetan 60 greba-egun baino gehiago egin ostean, emakume langileek hitzarmena berritu gabe jarraitzen dute (eta badira 6 urte), eta Etxez Etxeko Laguntzarekin batere zerikusirik ez duten enpresa-mota guztiak agertzen ari dira lizitazioetan, diru-etekinak lortzeko irrikan, baina kalitatezko zerbitzurik eskaintzeko gogorik gabe.
Egoitzak, eguneko zentroak, etxez etxeko laguntza-zerbitzua eta esku-hartze soziala; horiek dira zainketen sistemaren ardatza. Baina diagnostikoa eskandaluzkoa da: hamar bat egoitza publiko, soilik udal txiki gutxi batzuek dute etxez etxeko laguntza-zerbitzua udalaren ardurapean, eta Gizarte Esku-hartzearen sarean baliabide publikoen presentzia oso bakana da.
Errealitate horretatik ez dago ezer urrutiago, kudeaketa eraginkorragoaren mantra neoliberala baino. Erakunde publikoek beren betebeharrak eskuordetzen dituzte, eta horrela, funtsezko zerbitzu horiek aurrezki-irizpideetatik kudeatzen dira, eta hortik datozkigun ondorioak bistan daude: zerbitzuaren kalitate-narriadura, lan-baldintza ziztrinak, bezero-sareak eta ate birakariak. Azkenean, zerbitzua pribatizatu, eta zaintzaren erantzukizuna familiaren eremura itzultzen da. Hori guztia dago eredu horren azpian. Eta bide batez, enpresentzako etekinak daude negozio seguru batean. Horra hor euskal oasia.
Hortaz, eraikuntza-arloko enpresa multinazional batek Bilboko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua kudeatuko du azkenean. Zerbitzu horren hastapenetan langileak kooperatibismotik eta erabiltzaileekiko hurbiltasunetik atera ziren; orain, ordea, Bilbo non dagoen ere nekez jakingo duen enpresa batek etxez etxeko laguntza-zerbitzua kudeatuko du, zerbitzuaren zereginak ezagutu barik, sektore horretan esperientziarik izan barik. Baina etekinak ateratzen bai, esperientzia luzea dute, eta ezin argiago dago zein den beren asmoa: erabiltzaileen eta diru publikoaren kontura mozkinen kontua milaka euro batzuekin gizentzea.
ELAk azaroaren 17an eta urtarrilaren 26an aldarrikatu zuen zaintzaren sektorea publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar dela. Izan ere, horrela bakarrik lor daiteke azken helburua: zerbitzuaren kalitatea, erabiltzaileen duintasunari eta ongizateari hobeto eustearren. Langile gehiago behar dira, eta baita lan-baldintza hobeak, erakundeen erantzukizun zuzena eta finantzaketa handiagoa ere. Zaintzaren sektoreko langileok ez gaude prest oraingo eredu hori irensteko. Horregatik, martxoaren 4an kalera irtengo gara berriro. Zaintzaren publifikazioa aldarrikatzeko!