Euskal Herria 2030. Merezi duzun herria!

Euskal Herria 2030 –

Gure deia Euskal Herriari, 60ko hamarkadan egin bezala, XXI. mendeko berpizkunde baterako

Euskal Herria 2030
Arg: ilyessuti (pixabay)

Nola josi egitasmo komunitario bat, hamarkada honetan halabeharrez eta aurrez aurre jarriko zaizkigun erronka handiekin sintonian, garai distopiko honi neurria hartuko dion herri egitasmo oso bat. Nola marraztu, dela aldaketa klimatikoak behartuta, dela indarrean den zaintza ereduaren egiturazko gabeziek, dela nagusitzen ari diren hamaika aldagaiek eraginda, maila globalean batetik ageri zaizkigun erronkak baina Euskal Herrian, bestetik, propioak ditugunak modu bateratuan abordatuko dituen eskaintza eraldatzailea. Nola fokuratu sektore zabalen arteko ortzimuga konpartitu bat. Ziurrenik guztiok ere denbora luzez bueltaka darabilgun kezka da honakoa.

Otsailarekin, EH Bilduren II. Kongresua abiatu da eta geure buruari ezarriko dizkiogun erronka organizatibo eta politikoetako bat apuntatzen ari gara, herri egitasmo baterantz eztabaida handi bati abiapuntua jarri nahi diona.

Ziurtasunez ezer aurreratu baldin badezakegu, datozkigunak ezegonkortasun eta ziurgabetasun garaiak direla da, desberdintasun sozial hazkorrek eta krisi klimatikoak ezaugarrituko dutena. Honi urte luzez gure herrian egonkortu den gobernantza modu, eredu eta inertziek gero eta ageriagoko dituzten agorpen zantzuak gehituz gero, guztiak euskal egitasmo nazional berri bat eta beronen oinarri sinboliko eta programatikoak eguneratzera eraman behar gaitu ezinbestean. Horretarako, herri-egitasmo sendo bat josi behar dugu, narratiba berritu bat zehaztasun programatiko nahikoarekin. Beraz, bizitza duinerako euskarri publikoak eskaini eta giza segurtasun emaile izango den herri-egitasmo bat mahaigaineratzeko urgentzia dugu. Eskala humanoaren (pertsona) eta eskala ekologikoaren (planeta) neurriko aterpe bat, elkar zaintzan oinarritua.

Herri-egitasmo emantzipatzaile bat orain arte egin ez den moduan gorpuzteko unea iritsi dela deritzogu, eta hori askotariko pertsona eta kolektiboen artean baino ezin daiteke egin. “EH 2030, Merezi Duzun Herria” deitu diogu langintza horri heltzeko oinarrizko proposamenari, zeina kongresu-prozesu honen testuinguruan burutuko diren jardunaldietan aurkeztuko den eta datozen hilabete eta urteetan nazio elkarrizketa zabal baten bidez ondu eta jantzi beharko den.

Honako eremu hauek proposatzen ditugu, hainbat erronka handi xede bakarrerako osagai; klima larrialdiari aurre egiteak gure garapen eredu eta ehun produktiboan doiketa soilak egitea baino gehiago eskatu digu. Europako batez bestekotik gora berotegi efektuko gas isurtzen dugu, energia berriztagarrien hedapena bereziki baxua da gurean, eta kanpoko energia zein baliabideen menpekotasuna dezente altua. Sistema produktibo gutxi prestatua dugu hurrengo urteetan egin beharko den trantsizioari aurre egiteko, energia fosiletan errotutako hazkunde eredu zehatz bati oso lotuta dagoen garapen eredua delako.

Disrupzio teknologiko baten atarian gaude, zeinak askotariko eremuetan paradigma aldaketa sakonak ekartzerainoko arriskuak dakartzan. Aldiz, boterea demokratizatu, gizartea ahaldundu eta harreman ekonomiko justuagoak sortzeko aukera berriak ere irekitzen ditu. Alabaina, sektore teknologikoaren deskapitalizazio prozesu nabarmena gertatu denean, genituen baliabide teknologiko urriak atzerriko eskuetan utziz, trantsizio digitalari begirako herri-estrategia argia behar dugu.

Desberdintasun sozialek inoiz ez bezalako gorakada izan dute azken urteetan, eta gure ongizate-eredua, lehendik gabezia asko zituena, huts egiten ari da, eta haustura sozial bat sortzen gizartearen oinarrian bertan. Covid-19ak zaintzen krisia gogortu egin du. Arlo publikotik erantzunik ez dagoenez, emakumeen zama gero eta handiagoa da, eta beren gain erortzen diren zaintza lanak gero eta prekarioago eta jasangaitzagoak dira. Zantzu guztien arabera, genero-arrakala areagotu egin da, eta emakumeak gehiago pobretu eta diskriminatu dira; batez ere, kolektibo zaurgarrienak.

Osasun eta zaintza duinak askatasunez eskuratzea (beraz, familiatik kanpo kolektibizatuta) edo pentsio duinak bermatzea (batez ere, emakumeentzat) dira erronka nagusietako batzuk.

Iraultza pedagogiko baten beharrak, hizkuntza ereduen topeek, curriculum propio bat ez izateak, segregazio maila handiek eta beste hainbat hutsunek egungo hezkuntza ereduak eraldatzeko premia larria mahaigaineratzen dute. XIX. mendeko eskola dugu XXI. mendeko ikasleak hezteko.

Halaber, kontuan izan behar dugu krisi honek indibidualismoa indartu eta gizarte-kohesioa murrizteko arriskua dakarrela, eta aldi berean, krisian dagoen demokrazia ordezkatzailearekiko herritarren desatxikimendua sakonduko duela. Ireki den ziklo historiko berriak, bere ziurgabetasun eta arrisku guztiekin, beste gobernantza eredu bat eskatzen du, eredu kolaboratibo bat, instituziogintza berri baten bidez pertsonak, eragileak eta herri mugimenduak lotuko dituena, eta gure praxi eta jakinduria kolektiboa katalizatuko duena, komunitate konprometitu, indartsu, kohesionatu eta bizi bat bultzatuko duena estatu burujabe, justu eta demokratiko baterantz.

Ataka historiko honetan garatu beharreko eraldaketa-prozesuak identitate komunitario sendo bat eskatzen du, komunitate batekiko pertenentzia zentzua. Neoliberalismoak taldetasuna hausten du, gizarte fragmentatu eta hauskorrak sortuz. Asko dira euskalduntze prozesua agortzen ari dela adierazten duten ahotsak. Ez gure hizkuntza ez gure kulturaren transmisioa ez daude bermatuta, eta biak dira ezinbestekoak, komunitate eta nazio gisa garatuko bagara.

Erronka asko eta ez nolanahikoak. Gure deia Euskal Herriari, 60ko hamarkadan egin bezala, XXI. mendeko berpizkunde baterako. Otsailaren 26 eta 27an burutuko den jardunaldian lehen harria jartzera goaz. Gonbidatuta zaudete!

Euskal Herria 2030
Euskal Herria 2030
Euskal Herria 2030

EH Bilduko zuzendaritzako kidea