[Barretartia] Nola adierazi gustuko duzula?

Nola adierazi gustuko duzula? –

«Umorea, euskara eta sormenarekin batera, beti izan da nire bizitzan zutabe garrantzitsua, eta hori dela eta 2012an Barretartia bloga ireki nuen, umorezko eta umoreari buruzko euskarazko gunea».

Idoia Torregarai Martija (Usurbil, 1974)

.

Udan gutako askok, ez denok, denbora libre gehiago izaten dugu, kalean gehiago ateratzen gara, bitamina D gehiago hartzen dugu (ironia), festarik festa ibiltzen gara eta jende berria ezagutzen dugu eta beraz, harremanak sustatzeko garai aproposa izaten da. Eta gaur landko dugun gaia hauxe da: nola adierazten diogu norbaiti gustuko dugula? Izan ere, ze zaila egiten zaigun batzuetan, ezta? Lotsa dela, beldurra dela… Ba lasai, hemen gatoz laguntza ematera!

Zuk nola egiten duzu hori? Nola adierazten diozu gustuko duzula norbaiti?

Izan ere, oso gutxi dira gustuko duten horrengana joan eta ziplo botatzen diotenak: – Gustatzen zatzaizkit. Hori urduritasuna bere gorenean dagoenean esatea oso zaila da, eta ez da naturala geratzen. Ta orduan zer, erdarara joko dugu? ¿me gustas mucho? Je taime? Hori igual gehiegitxo da… Norbaitek zuzenean esan nahi baldin badu, nire gomendioa beste esamolde jatorragoak erabiltzea da:

  • Oso gustuko zaitut
  • Nire gustukoa zara
  • Zurekin gustatuta nago

Edo sarean arrantzatu ditudan hauek erabili ditzakezu:

«Mazo molatzen duzu… Gustetan zatzataz… Zeuaitxik noia… Asko gurotzut!… Gustoko zattut… Zutaz gustatzen naiz… Zutaz nago… Zurekin gustatzen naiz… Zurekin gustatuta nago… Zatsegit… Zugaz gusteute nau… Gustetan dostazu… Gogoko zaitut… Goxo sentitzen naiz zurekin… Gustateztazu… Zamolat… Datsegit zaitut… Txora-txora eginda naukazu».

Beno, egin praktikak esaldi hauekin eta esango didazue funtzionatzen duten ala ez.

Adituen arabera (Cupido izango da aditua?, kaixo Maitiakoak?) gustuko duzun horri begietara begiratu behar diozu hitz egiten diozunean. Ba ez ditut nik oso aditu kontsideratzen hauek, nora begiratuko diozu bestela? Belarrietara? Horretaz gain ahora begiratzen badiozu noizean behin, ba musukatzeko gogoz zaudela esango diozu.

Gorputz adierazpena erabili eta adibidez, aurrez aurre zein ondoan bazaudete, egin ezazu berak egiten duen berdina. Hankak gurutzatzen dituela? Ba zuk ere bai. Besoak mugitzen dituela? Ba zuk ere bai. Aizu, beharbada maitasun bikotea beharrean zirkoko espektakulu bat montatu dezakezue!

Arreta jarri. Esaten duena entzun eta buruarekin adierazi entzuten ari zarela eta interesatzen zaizula. Galderaren bat egitea ere ondo legoke.

Ikutu. Baina disimuluarekin. Bere ondoan arretaz gaudenean entzuten ba besotik heldu, beno, heldu baino piska bat igurtzi, konturatu gabe egingo bazenu bezala. Edo sorbalda edo. Noski, ez ikutu edozer gauza, kasu horietan salaketa jarri daitezke eta.

Barre egin. Umorea bi pertsonen arteko biderik zuzenena izan daiteke. Barre eginarazten badiozu eta berak zuri ere bai. Hor gauza asko aurreratuta daude!

Teknologia berriek ere lagundu gaitzateke arlo honetan. Gai txoro batengatik elkarrizketa abiatu dezakezu, adibidez. Baina kontuz, bihotz eta muxutxoak ere neurrian bidali behar dira. Askoz esanguratsuagoa da bihotz bat bakarrik jartzea 20 baino. Facebooken bere postei atsegin dut edo komentarioak egiten. Paulo Colehoren mezuren bat jartzen badu, orduan ihes egin! Twitterren bere mezuak bertxiotzen dizkiozunean, edo alerta bat jartzen duzu berak txiokatzen duzunean. Instagramen ba etiketatu egiten duzu. Eta noski, pribatu bat bidaltzea, hori ere bada modu bat.

Eta pertsona batzuk badaude nahiz eta maiteminduta egon, inoiz adierazten ez dutenak. Ezezkoari beldurra izaten da honen arrazoi nagusia, baina ez bagara ausartzen inoiz ez da lortzen.

Joan den ekainaren 13an Euskadi Irratiko FAKTORIA saiorako egindako kolaboraziotik.
Nola adierazi gustuko duzula? Nola adierazi gustuko duzula? Nola adierazi gustuko duzula? Nola adierazi gustuko duzula?