Noizko telebista pedagogiko bat?

Ez naiz telebista zalea, are gutxiago, bakan baizik ez naiz jartzen haren aitzinean. Baina onartu behar dut noizbehinka gustatzen zaidala lasai ederrean gelditzea zeozer interesgarria begiratzeko. Baina EiTBn edo Espainiako Estatuko telebistetan ez dut horrelakorik aurkitzen edo ezagutzen, bai ordea, Frantziako Estatuko telebistetan. Dokumentalak gustatzen zaizkit, irudi ederrak eta zeozer erakasten dizutenak.

 

Madagaskar (Luc Legay)

Frantziako telebistan aunitz gustatzen zaizkit Thalassa eta Faut pas rêveradibidez. Lehena itsasoari buruz da, haren inguruan mugitzen den gai guztiei buruz, turismoa, ekonomia, zaletasuna etab… Kataluniako TV3en ere badaukate saio hori. Besteak, Faut pas rêver delako horrek, herrialde batzuk bisitatzen ditu. Aurrekoan Madagaskarren izan zen. Erranen didazue guk gurean Chiloe daukagula, baina ez dauka zerikusirik. Askoz ere landua eta zabalagoa da. Chiloe turistaren ikuspegitik egina badago, Faut pas rêver delakoak askoz eta arlo gehiago jorratzen ditu. Madagaskarreko horretan adibidez, tren zahar batek eskualde batean daukan eragin ekonomikoari buruz aritu ziren, baita europar batek sortu zuen kooperatiba bati buruz eta bertan Baobabak daukan garrantziari buruz ere. Egia erran aspaldi ez nintzen hain gustura egon telebistaren aitzinean.

Bestalde, Ipar Euskal Herrian, Frantzia eta Alemaniaren artean daukaten Arte katea ikusi daiteke, eta honetan ia-ia programa guztiak dokumentalak dira. Joan den aldean dokumental bat begiratu nuen Ameriken deskubritzeari buruz, zernolako ondorioak ekarri zituen, baina ez betiko moduan, alegia, Europarrentzat aberastasunak eta bertakoentzat egurra. Ez. Dokumentalak hori gertatu baino lehenagoko egoera kontatzen zuen: Europearrak nola bizi ziren, zertarako zeukaten Indiarako bide berri bat aurkitzearen beharra, Amerikarrak nola bizi ziren, zenbat tribu zeuden eta non kokatuak, eta zer bizimodua zeukaten. Eta gero berriz, Atlantikoa zeharkatze horrek zernolako aldaketak ekarri zituen ohituretan eta bizimoduan, besteak beste. Hemen aunitz simplifikatzen dut, baina ordu batez gauza asko ikasi nituen. Gauza batzuk banekizkin, baina beste aunitz ez.

Dena dela gogoeta hori alferrikakoa izan daiteke, laster SmartTB delakoekin edonundik edozein kate begiratzen ahalko dugulako. Baina beldur naiz gehiegizko aukera horretan ez ote garen galduko, eta alferrak izanda, ez ote dugun betikora joko. Hala ere ongi izango zen gure txikitasunetik, Euskal Herriaren txikitasunetik, horrelako dokumentalak lantzea, nahiz eta badakidan aurrekontuen aldetik ez den gauza bera. Niri gustatuko litzaidake behintzat. Oker ez banago, egun hauetan Hasier Etxeberriaren Euskararen Jatorria aurkeztu behar dute. Ea zer ematen duen…

Frantsesez ulertzen dutenentzat, hemen dago Madagazkarri buruzko Faut pas rêver.

GAUZA AGERIA