Noiz irabazle? Demokrazia ez da bozkatzea
Demokrazia ez da bozkatzea –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Oraingo solas zabaldua da aski dela erreferendumean bozkatzea, herri gisa irabazle izateko, bozketan galdu ala irabazi.
Gipuzkoako hondakinen auzian ere irabazle aterako omen ginatekeen, gaia erreferendum batean trenkatu balitz, emaitza bat izan ala bestea. Beraz, erreferendum bidez erabakiko balitz erraustegia eraikitzea, herri gisa irabazle aterako ginateke, demokratikoki erabaki delakoan? Minbizi eragilea litzatekeen azpiegitura bat erreferendum batean erabaki delako, herria irabazle litzateke, nahiz eta minbizi gehiago sortu?
Hondarribiko eta Irungo alardeetako auziak ere aterabide sinplea du, beraz, logika horren arabera.
Bozka bezate herri horretako herritarrek ea emazteek alardean desfilatzeko eskubiderik baduten ala ez. Gehiengoak erabakitzen badu ezin direla alardean ibili, herri gisa irabazle ginateke? Emazteen eskubideak urratzea “demokratikoki” erabaki delako, irabazle ginateke?
Onar liteke emazteen eskubideak urratu nahi dituztenek bozka dezaten? Ez.
Osagarria arriskuan jartzen duten neurriak txarrak dira herri batentzat, bozkatuz ala bozkatu gabe.
Oinarrizko eskubideak urratzen dituen politika bat kaltegarria da herri batentzat, bozkatu ala ez.
Demokrazia ez da bozkatzea. Edo ez bakarrik.
Diktaduretan ere izan dira erreferendumak, eta horrek ez ditu diktadurak demokrazia bihurtu.
Demokrazia da informazio osoa eskuratzea, erakundeak gardenak izatea, adierazpen askatasuna edukitzea eta aske izatea. Ez da demokrazia gurea ez den estatu baten poliziaren eta justiziaren mehatxu pean egotea, estatu horren propagandaren azpian itorik bizitzea, estatu horren administrazioaren sareetan harrapatua egotea…
Demokrazia ez da bozkatzea.
Edo ez bakarrik.
Demokrazia da informazio osoa eskuratzea,
erakundeak gardenak izatea,
adierazpen askatasuna edukitzea eta aske izatea.
Mendeetan zehar, beste estatu baten aginte pean bizi den herri bat ez dago egoera demokratiko batean.
Egoera horretan antolatuko liratekeen bozketak ez lirateke baldintza demokratikoetan eginen. Herri batek berez dauka aske izateko eskubidea, eta eskubide horren betetzea hautazkoa izatea bera da galtzaile izatea, askatasunaren berezkotasuna ukatzea denez gero.
Askatasuna hautazkoa izatea da zapalkuntza zilegi bihurtzea.
Herri gisa irabazle izan gaitezke eguneroko urratsetan. Eguneroko urrats horiek herria egiten edo desegiten dute. Euskarari lekua kentzen badiogu lan munduan, administrazioan, komunikabideetan, bizi publikoan… galtzaile gara. Euskarak eremu berriak hartzen baditu, irabazle gara.
Zazpi probintzietako enpresen arteko sareak eta elkarlanak sendotzen badira, herri gisa irabazten dugu. Komunikabideek Euskal Herria dutenean ardatz eta erreferentzia, herriago gara; zatiketa instituzionalaren arabera jokatzen bada, ez gara herri, galtzaile gara.
Euskal Herri osoko kirol topaketak eta txapelketak antolatzean, herria ehuntzen dugu. Harremanak sendotzean herri ikuspegia garatzen dugu. Espainiari edo Frantziari gutxiago begiratzen diogunean, indar gehiago dugu herri gisa.
Gure historiaz gehiago dakigunean, gure buruaren jabeago gara; gure geografia barneratua dugunean sendoago gaude…
Hori guztia eguneroko lanaren bidez egiten da (edo ez da egiten). Lan horrek (maiz isila, besteetan ozena) eragiten du herri kontzientzia handiagoa bihurtzea. Hori gabe ahul gaude eta, beraz, askatasunetik urrun.
Zenbat eta jende gehiagok ulertu hondakinak birziklatu behar direla, orduan eta gehiago irabazten du herriak edo Lurrak; ez, ordea, hondakinekin zer egin bozkatzen denean, birziklatzearen edo hondakin gutiago sortzearen beharraren kontzientzia hori hartu aitzin.
Herriarekin gauza bera da. Teilatua nekez egonen da zutik, aitzinetik paretak altxatzen ez badira.
…
Arrazoi guztia. Herria bera indartu gabe ezinezkoa da etorkizuneko estatu baterako baldintzak eratzea. Politika formalari eman zaion zentralitateak Herriarentzat funtsezkoak diren arlo horiek baztertzea ekarri du, eta gaur egungo joera negatiboa joera horren ajea da hein batean. Agerikoa da abertzaleok garenok beste formula batzuk aurkitu behar ditugula Herria azkartzeko, are gehiago krisi sakon honetan murgilduta egonda