Zonbi istorio bat

Zonbi istori bat –

Hain modan dauden zonbien filmetan, unerik dramatikoena zera izan ohi da, protagonistaren lagun mina, senidea edo ohekidea zonbi batek hozkatzen duenekoa. Itzulbiderik gabeko gertakari  latz horrek, goitik behera aldatzen du bat-batean protagonistaren mundu afektiboa. Badaki, hainbeste maitatutako hori, oraindik besoetan hartuta duela, begiak begietan, minutu gutxi barru erabat aldatuko dela, bera ezagutuko ez duen eta ausikika ekingo dion izaki nazkagarri horietako bat bihurtzeraino.

Zonbi istori bat

Agi onenean, protagonistak badu antidoto baten etorrera hurbilaren albistea, eta hozkatu-berria non giltzapetua, hura iritsi bitartean. Gainerakoan zonbiartera egotzi (berak tiro egitea eskatzen ez duenean), ez da beste biderik egon ohi, noski, hozka egin diezaion uztea ez delako aintzat hartzen.

Horrelakoetan, sarritan  agertzen da pertsonaiaren bat, metamorfosia gertatu behar denik sinesteari egoskor uko egiten diona, edo, lehen maitea zonbi bihurtu dela ohartzen ez dena. Egoskorkeriak edo despisteak, zoritxarreko hozka berrira eraman ohi du: horra ostera pertsona bat gutxiago eta zonbi bat gehiago!

Bidebatez ezin aipa gabe utzi, filmean zehar dozenaka hain erraz eta soil tiroka akabaturiko zonbiak, denak izango zirela norbaiten lagun min, norbaiten senide, norbaiten ohekide, inoiz horrelakorik adierazten ez bazaigu ere. Urrutiko zonbiak dira horiek, protagonisten ikuspuntuan jarrita.

Zonbiak, lehenago gorputz horretan bizi izan zen pertsonaren tankera oraindik gordetzen badu ere, ez du jada harengandik ezer ere. Antza fisiko itsustu bat besterik ez. Gainerako ezaugarri guztiek beste izaki mota baten aurrean gaudela erakusten digute: Berezko hizkera galdu dute, talde handitan ibiltzen dira ibilera motel baina seguruaz eta oraindik pertsona dirautenak jatea baino, beste txirrintarik ez dute. Ez gaiztakeriaz agian, senak oharkabean hartaratzen dituelako baizik, seguru asko. Halere pertsonek garbitu egiten dituzte, ez gaiztakeriaz hauek ere, aukera bakarra, haiek ala gu, delako baizik.

Ugaltze tasak ere merezi du komentariorik. Pertsonek sexu jarduna eta hainbat urtetako hazialdia behar dute adin nagusiko berri bat egiteko, (dauden testuinguru larrian burutzeko ezinezko samarra) eta zonbiek berriz, nahikoa dute koxk xume bat kideko berria haienganatzeko. Zeinen zail batzuentzat eta zeinen erraz besteentzat.

Eta halere, hainbeste zailtasun artean eta zorioneko antidotoa oraindik hain urrun egonda ere, pertsonok beti moldatzen dira bizirik irauteko. Zer egiten dute arantza-bidea arrakastaz burutzeko?

Hasteko, gotortuta bizi, pertsonak pertsonekin, ez pertsonak zonbiekin nahastuta. Hurrena, hozka egitera datorren zonbiari danba! eman tiro,  beste erremediorik ez dagoelako eta bizirik irautea lehen agindua delako, zeren aukeran nahiago dute lasai haiengandik urrun ibili. Zonbiek hozkatutako lagunarekin berriz, esandakoa: lehenik eta behin ez despistatu,zuhur sinetsi eta doluz onartu hura zer bihurtu den; hurrena, ahal dela giltzapetu  antidotoa heldu bitartean, edo gainerakoan gotorlekutik egotzi, gizartetik kanporatu, aurrerantzean etxe berri duen zonbiartean gera dadin. Eta esan gabe doana, guztiek oso garbi dute hobe dela pertsona izatea zonbi izatea baino. Hor inork ez du zalantza izpirik.

Hau idazten ari nintzela ez dakit zergatik etorri zaidan burura duela egun batzuk euskaldunak, euskolonoak eta baskolonoei buruz argitaratutako artikulua.  https://zuzeu.eus/euskara/euskaldunek-ez-dute-euskal-kultura-kontsumitzen/

Lotura bitxiak egiten ditu gogoak, ezta?

Hara, eman dezagun pertsonak, euskaldunak garela, zonbi zaharrak, baskolonoak eta hurko zonbiratu berriak, euskolonoak. Inoiz iristen ez den antidotoa, beti zain gauden hizkuntza politika orokonpontzailea, guztia aldatuko duen independentzia e.a.  Zeozertarako balioko al digu konparazioak?

Eta ez naiz ari baskolono eta euskolonoei aurrerantzean zonbi deitzeaz bakarrik. Protagonisten iraunbideaz ari naiz batik bat. Erkagarri al dira egoerak eta irtenbideak? Eta aldagarri? Batetik bestera ekargarri alegia?

Zonbi istori bat
Zonbi istori bat

2 pentsamendu “Zonbi istorio bat”-ri buruz

  • Erkagarri dira bai egoera eta bai irtenbidea. Errealitatea zonbien metafora baino askoz ere konplexuagoa dela kontutan hartuta ere balio du adibideak. Herriaren atzeranzko joera etengabe honetan geure burua gotortzea besterik ez dugu, etorkizun batean indar handiagoz oldar egiteko

  • euskaldun bat 2018-04-10 22:17

    Etsaia zein den garbi izan behar da eta etsaiari etsai deitu behar zaio. Lehen bagenekien zein zen etsaia, orain lausotzen ari da. Zonbien pelikuletan pertsonek garbi dute zeintzuk diren zonbiak baina gurean ez da horrela. Adibide inozo bat aipatuko dut, aurrekoan ikusi nuena. Kirol-denda batetik irten ziren amona, ama eta seme txikia. Ama ezagutzen nuen, abertzale petoa da, etsaia nor den ondo dakiena. Semea kexu zen, erdi negarrez zegoen: “Eta niri hori gustatzen bazait, zer!!?” esaten zuen, azalpen eske. Hasieran ez nekien zeri buruz ari zen umea, gero jabetu nintzen: umeak Real Madrid-eko kamiseta erosi nahi zuen eta amaren aurpegian, “horixe bakarrik falta zait, Real Madrid-eko kamiseta erostea!” irakur zitekeen. Umeak ez zuen ezer ulertzen, Realekoa erosiko ziola esaten zion amak baina bestea ezetz. Adibidea sinplea da baina nahiko garbi erakusten du gertatzen ari dena: bi belaunaldi, batek ondo daki zein den etsaia, besteak ez daki. Gure ume garaian gutako inori ez zitzaion burutik pasa ere egingo Real Madrid-eko kamiseta erosteko aukera eta are gutxiago kamiseta jantzita kalera irtetea. Belaunaldi berria ez da zonbiak identifikatzeko gai, harrapakaririk ezagutzen ez duten animaliei pertsona bat lehenengo aldiz hurbiltzen zaienean bezala daude, ez dute mehatsurik ezagutzen. Inork erakusten ez badie, akabo gurea…. beno… isiltzera noa bestela ZUZEUk zentsuratuko nau umeei gorrotatzen erakutsi behar zaiela aldarrikatzen ari naizelako. Horrela goaz!