“Nire bizitza aldatu du, bizi-esperientzia ahaztezina izan da”
“Nire bizitza aldatu du, bizi-esperientzia ahaztezina izan da” –
Hori izan da Joseba Lekuonak eta Guillermo Aierra gaur goizean Nafarroako Ikastolen egoitzan aditzera eman dutena. Iruindar bat eta garestar bat, heldutan euskaldundutakoak biak ere, IKA eta AEKren euskaltegietan.
Txikitan euskara ikasteko aukerarik izan ez eta heldutan ekin zioten euskara ikasteari, arrazoi ezberdinengatik, baina biek ere zerbait falta zutela sentituta. “Hemen bizi zara, hemengo hizkuntza da eta kalean entzuten duzu, irratian, kontzertuetan… zuk ere ezagutu nahi duzula sentitzen duzu” azal du Guillermok. “Gure herria ezberdin ikusten eta hobe ulertzen lagundu dit, zalantzarik gabe.
Hemengo kultura eta toponimoak, esaterako, ikas prozesuan deskubritzen zoazen zerbait da. Ohartzen zara betidanik izendatu duzun toki horrek esanahi bat duela”. Joseba Lekuonak esan duenez berari “lanerako benetan baliagarria izan” zitzaion: “Ferietan ibiltzen naiz (hargina naiz) eta Nafarroan zein Euskal Herri osoan ibiltzen naiz lanean. Euskaldunekin euskaraz egiteak gertutasuna eta konfidantza sortzen du eta horrek salmentan eragina du. Tratua goxoagoa da eta bezeroek eskertzen dute”. Guillermok gaineratu du euskara bere eguneroko hizkuntza bilakatu dela, euskaraz bizi dela orain dituen aukerak aprobetxatuz. “Euskalduna naiz, euskaraz bizitzeko gai naiz, benetako iraultza izan da nire bizitzan”.
Euskaldun izateko bide honetan IKA eta AEK izan dute bidelagun. “Euskaltegiko giroa zoragarria da. Izena eman nuenea euskara ikastea buruan banuen ere, esperientzia humano mundiala izan da. Klasekide, irakasle eta euskaltegiko gainerako kideekin egindako harrema berezia da. Ez zaude bakarrik, hainbat lagun dago zu bezalaxe euskara ikasten eta beste hainbat zuk euskara ikastea desiatzen. Nik euskaraz jakiteak parean dudan euskaldunari euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen dio. Eskuzabaltasun eta elkartasun ekintza bat da” baieztatu dute biek.
Haiekin batera Paul Bilbao, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Idazkari nagusiak hitz egin du heldutan euskara ikasteko urratsa ematen duten herritarren konbentzimendua txalotzeko. Zentzu horretan “azken berrogei urteotan milaka nafarrek euskaldundu dute beren burua, eta hori, zalantzarik gabe, IKA eta AEK-ko euskaltegiei esker izan da. Eta, gaurko agerraldia horretarako ere probestu nahiko genuke, hain zuzen ere, IKAk eta AEK-k euskararen berreskurapen-prozesuari egin eta egiten dioten ekarpena zoriontzeko. Oztopoen gainetik gure herria herritar euskaldunez betetzeko ekarpenari erantzukizunez erantzun izan diote eta erantzuten diote gaur egun ere” adierazi du.
Herri mugimenduak eta herritarrek egiten duten lana eta ahaleginak, ordea, instituzioetatik ez
duela behar bezalako erantzunik azpimarratu du: “Badakigu Nafarroako Gobernuak, ez eta bere hizkuntza-politikak ere, ez dutela laguntzen; are gehiago, gehienetan gure kontra datoz. Nafarroako Gobernuak ez baitu helduak euskalduntzerik nahi, eta horretarako bere esku dagoen guztia baliatzen du helduak euskalduntze-prozesuetatik aldentzeko: dirulaguntzak kendu, oztopoak jarri…”
Bilbaorekin baterak Ikastolen Elkarteko Peio Mariñelarena, Sortzen-Ikasbatuazeko Aiora Epelde eta Garikoitz Torregrosa, Euskal Herrian Euskarazeko Peio Zabalza, Topaguneko Pablo Kormenzana, AEK-ko Helios del Santo eta IKAko Joxerra Olano izan dira. Haien izenean adierazi du: “zalantzarik ez dugu euskaraz bizi nahi dugun herritarrak gero eta gehiago garela, baina euskaraz biziko bagara euskaldun gehiago izan behar dugu. Eta horrexegatik, gaur deia luzatu nahi diegu euskaraz ez dakiten herritarrei urrats hori eman dezaten. Euskara ikastea posible da, AEK-ko eta IKAko euskaltegiak hori errealitate bihurtzeko irrikitan daude”.
Hortaz, ikasturte berria hastear dagoen honetan euskaltegiak leporaino betetzera deitu dute: “euskalduna izatearen, euskaraz bizitzearen abenturari ekiteko garaia da. Ikasi eta erabili, erabiltzen ikasi, erabiltzeko ikasi, erabiliz ikasi, …Horretan ditugu bidegile eta bidaide IKA eta AEK-ko euskaltegiak”.