Nikaragua, Kuba, El Salvador, Palestina, Irak, Chiapas, Sahara, Bolivia, Kolonbia, Seattle, Praga, Kurdistan, Genova, Euskal Herria… Hamaika borroka, borroka bakarra, Gora herriak!!
Orain dela 30 urte, Iraultza Sandinistak piztu zuen itxaropenaren babesean, Euskal Herrian herrialde ezberdinetan zebiltzan tokian tokiko taldeak bildu ziren, Komite Internazionalistak erakundea sortzeko.
Datozen 30 urteetan prozesu zaharrak zein berriak, aspaldiko eta eraberritutako borrokak izango dira gure ibilbideak, gure herri eta hirietako kaleetatik edo erresistentzia antolatzen den oihaneko bide lokaztu batetik, beti ere gure alboan bidaiatzen dutenekin sareak eraikitzen. Jakin badakigu nor garen: erakunde txikia, herrialde txiki batean. Gainera, internazionalismoa feminismo, antimilitarismo edo eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokarekin betidanik parekatu dugu. Berez, ekimen kolektibo sareak sustatzea eta lan egitea gure nortasunaren berezitasun garrantzitsuenetarikoa izan da. Beti lagunduta sentitu gara, horregatik, gertu izan diren guztiei ere, 30 urte borroka ospatzera gonbidatu nahi diegu.
Gertakari asko pasatu dira munduan azken 30 urte hauetan eta horrenbeste pasatuko dira hurrengo 30 urtetan; horietako batzuk bihotzean daramatzagu jada, horren alde borrokatzea baino ez zaigu falta.
Iragana buruan, geroa eskuan
Komite Internazionalistak