Norena da bertsoa?

copyrigth

Aurrekoan egoera kuriosoa gertatu zen Bergaran. Argia itzali eta inongo mediok ez zuen grabatu bertso eder hau. Beno, inongo mediok ez, 53R61-k grabatu zuen bere mp3arekin eta sarean jarri denen eskura. Eta hortik abiatu zen galdera bat: norena da bertsoa? Hau da, zein da bere lizentzia? Zein da doinuaren lizentzia? Bertsoek copyrighta al dute? Arte efimeroa al da?

Har dezagun bertso zehatz bat: http://www.youtube.com/watch?v=IaNGuoyzLbw

Bertso hau aukeratzea ez da kasualitatea. Bere edertasuna, perfektutasuna eta maila beste askoren gainetik dago. Bertso borobil horietako bat da. Sentimenduz beterikoa eta jende askorentzat hunkigarria. Baina artikulu honetan ez dut bertso-kritikarik egingo, ni ere ez bainaiz horretan aditua. Artikulu honetan copyrightari buruz hitz egingo dut:

Gaia:
Bertsolari bati gai bati buruz kanta dezala eskatzen diotenean gaia pribatua izatetik publiko izatera pasatzen da. Kartzelako gaia bertsolari guztiei proposatzen diotenez copyrighta izaten jarraitzen du, baina kasu honetan Domeinu Publikoan utzi dutela esan daiteke. Nahi haina bertso, nahi den moduan eta noiznahi erantzun ahal zaio gai horri. Creative Commons lizentzian utziko balute gaiak “lan deribatuak” eta “izera komertziala” baimentzen duela esan daiteke. Beraz izan dezakeen lizentziarik itxiena cc-by-sa litzateke. Baina horretarako jakin behar da nor den gaiaren egilea, hau da, Bertsozale Elkartea bera den edo gai-jartzailearen esku jarraitzen duen. Beraz ezin dugu jakin nor den “by” hori kasu gehienetan.

Doinua:
Doinua da bertsolariak aukeratzen duen lehenengo gauzetarikoa. Doinu horiek gehienetan jabetza publikoan daude. Adibidez “Pello Joxepe” herrikoia da eta, beraz, ezin da copyrightik galdetu, autorea ziurrenik orain dela 70 urte baino gehiago hil zelako. Bideoaren kasuan oso zehatza da. Abestiaren egilea Mikel Laboa da eta bere jatorrizko izenburua “Martxa baten lehen notak“. 1980an eginiko diska batean argitaratu zenez ezin da esan copyrightak iraungi dela. Letra ordea Joxan Artzerena zen, ez Laboarena. Ez dut uste Laboak Artzerik eskumenik ordainduko zionik, nahikoa izango zen diskan bere izena jartzearekin. Beraz letrak copyrighta badu ere Laboari cc-by lizentzian utzi ziola argudia daiteke. Eta musika? Ba ziurrenik toke herrikoiekin landuko bazuen ere musika berea izango zen. Eta eskumenak? Hau ez dago argi, diska Elkarrena da, baina ziurrena da eskumenak saldu ez izana. Agian Oreka TXek argitu dezake.
Maialen Lujanbiok doinu hori aukeratu zuenean Mikel Laboaren kanta herrikoitzat hartzen du, hau da, guztiona den zerbait. Berez ez da horrela. Berez Ramoncínek eskatu beharko lioke diru bat Laboaren ondorengoei emateko. Baina inork ez du hori horrela denik uste.
Bertsolariak bertsoa osatzen duenean horren truke copyrighta eskatuko balu lehenago doinu bakoitzaren egileari bere zatia nola ordaindu zehaztu beharko litzateke, beraz.
Baina Maialen Lujanbiok badu abestiarekiko eskumen bat, hau herrikoia bada: berak zehaztu dezake zeintzuk diren grabazio eta distribuzio moduak. Suposatzen da eskumen hau Bertsozale Elkartearen esku uzten duela, berau baita azkenean eskumenak saltzen dizkionak telebistari. Baina hau geroago eztabaidatuko dugu.

Edukia:
Bertsoaren edukia bertsolariarena da. Berak kantatzen du, artista batek bere arte-lana egiten duen bezala. Lizentzia beraz bertsolariak berak zehaztu behar du. Edozein lanak, egiten denean, copyrighta du eta egile eskubide horiek zeintzuk diren egileak berak zehaztu behar du. Hala da espainiar legedian eta, ziur ez banago ere, frantziar legedian. Gainera, espainiar legediaren barnean ez da beharrezkoa lana erregistratzea, nahiz eta eginez gero beraren egilea dela errazago froga daitekeen.
Bertsoaren egilea da, beraz, bere lizentzia zehaztu behar duena.

Grabazioa:
Kalean grabatzen den edozer gauza publiko egin badaiteke ere leku pribatu batean egiten denarkein ez da berdina gertatzen. Badira eskumen batzuk, bai bertan agertzen diren pertsonenak, bai eta, kasu honetan, jaiaren antolatzailearenak ere. Bertsozale Elkarteak emisio eskumenak komunikabide zehatz batzuei ematen dizkie. Horregatik goiko bideoa ilegala litzateke. Berez argitaratzeko eskumena duen bideo bakarra honakoa da: http://www.youtube.com/watch?v=I9Lva4Fcg9s
Honek arazo bat suposatzen du: irudiak emititzeko eskumenak EiTBk dituenez euren esku dago noizbait horiek ikustea edo ez. Hau da, EiTBk erabakitzen badu ez duela BECeko finala emitituko (eta baliteke erabaki hori hartzea, batek daki!) beste inork ezingo luke momentuan emititu. Agian irudiak geroago ikus daitezke, bai, baina ez momentuan.
Bide batez EiTBk argitaratu duen bideoak Zurak eginiko abestia agertzen da. Abesti hau Bertsozale Elkarteak zabaldu badu ere bideoak esan beharko lukete norena den.

Ondorioa… norena da bertsoa?
Bertsoaren lizentzia, beraz ez dago oso argi. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren webguneari kasu egin ahal diogu eta bertan begiratu “Lege-oharra” horretan zer jartzen duen. Baina alferrik. Ez du ezer jartzen. Joan gaitezke bestela Bertsozale Elkartearen webgunera eta bertan irakurri lege-oharra. Hor bai, jartzen du edukiak zabaldu daitezkeela baina helburu komertzialik gabe alde batetik, eta eraldaketarik gabe. Beraz cc-by-nc-nd da bertako lizentzia. Baina azpian esaten digute

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen jabetzakoak dira www.bertsozale.comeko diseinua, irudiak, mapak, grafikoak, markak, errotuluak, ikur bereizgarri edo logotipoak, markoak, iragarki-bandak, software-lizentzia eta bestelako sorkuntzak. Era berean, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak legez eta modu esklusiboan ditu haiek ustiatzeko eskubideak.

Eta oraindik arraroagoa, bere azpian:

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak baimena ematen du beste web orrietan bere edukiak aipatzeko, betiere edukiak kopiatzen ez badira.

Hau da, alde batetik esaten digute ezin dela lan deribaturik egin eta bestetik ezin dela kopiatu, baina bai aipatu. Korapilotsua.

Baina ez du aipatzen ea bertsoak elkartearenak diren, hau da, lehiaketaren antolatzaile finalarenak, edo elkartekideena, hau da, bertsolariena. Beraz hortik ezer gutxi atera daiteke.

Ondorioz, zehaztu ezean bertsolaritzak ez du gai honekin aurrera egingo. Bertsoak ezingo dira ziurtasun osoz erabili ez bada argi adierazten bertsoaren lizentzia zein den. Momentu honetan linbo juridikoan dagoela esan daiteke, eta hemen idatzitakoa bezalako aburuak egon daitezke kontrakoa esanez. Lizentziak zehazteko garaia noiz helduko da?

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

6 pentsamendu “Norena da bertsoa?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude