Neuronak eta irudimena astintzeko erronkaz betetako egutegia

Neuronak eta irudimena astintzeko erronkaz betetako egutegia –

Elhuyarrek neuronak eta irudimena astintzeko erronkaz betetako  #NikEtxeanEsperimentuak egutegia argitaratuko du maiatzean.

Datorren maiatzaren 4tik aurrera, astelehenetik ostegunera  erronkak eta ostiralean ikertzaile gazte batekin solasaldia, hori da Elhuyarrek #NikEtxeanEsperimentuak egutegiarekin proposatuko duen plana. Elhuyarren Bizilabe-ren webgunean (https://bizilabe.elhuyar.eus) egongo dira ikusgai egutegia, eguneko erronkak eta euskal ikertzaile gazte bati egindako elkarrizketaren bideoa.

Neuronak eta irudimena astintzeko erronkaz betetako egutegiaApirileko #NikEtxeanEsperimentuak ekimenaren arrakastaren ostean, Elhuyarrek maiatzerako egutegia prestatu du eta lau astetako zientzia- eta teknologia-erronkak proposatuko ditu. Irudimena eta neuronak astinduko dituzte erronkek;  “mezu sekretuak” desenkriptatu eta enkriptatu, hologramak sortu, barazkietan dauden margoak erauzi, motorrik gabeko hegazkinak eraiki, munduko bitxikeriak behatzeko proposamenak egin edo txorientzako jantokiak egitetik, txoriak identifikatzera edo naturan denbora errealean ikus ditzaten bideratuko dira, besteak beste, gazteak. Den-denak etxean dauden baliabideak erabiliz eta etxetik bertatik gauzatu ahalko dira.

Orokorrean 10-15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak izango dira. Eta familian zientzia- eta teknologia-jarduerak bultzatzeko asmoz, gurasoak haur txikiagoekin ere erronkak egitera gonbidatu nahi ditu Elhuyarrek.

Egindako zientzia- eta teknologia-erronkak sare sozialetan zabaltzeko gonbitea luzatuko da, #NikEtxeanEsperimentuak traola erabiliz.

.

Ikertzaileekin solasaldiak, gazteak inspiratzeko

Maiatzeko egutegian, plan berezia proposatu da ostiraletarako. Izan ere, bizitza errealean zientziaren eta teknologiaren munduan lanean ari den ikertzaile batekin egingo da hitzordua, ikertzailea bera eta bere jarduna gertutik ezagutzeko, eta, profesionalak ezagutuz, gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna indartzeko. Hala, astero euskal ikertzaile baten sekretuak miatuko dituzte Elhuyarretik, haien gaur egungo proiektuen berri izateko, haien bizitzak gertuagotik ezagutzeko, une honetan egiten ari direna egitera iristeko bidearen inguruan ere galdetuko zaie eta, batez, ere, bizitako anekdota interesgarrienak ezagutu nahiko dituzte. Gazteentzako inspiratzaileak izan daitezkeen elkarrizketak dira, ikertzaile horien pasioa eta ezagutza transmititzeko asmoarekin.

Adibidez, Zientzia Azokako parte-hartzaile izatetik, bere asmakuntzarekin munduan zehar ibili den Maitane Alonso Monasterio medikuntza-ikasle gaztearen bizitzaz jakin nahi dugu, eta hura elkarrizketatuko dugu lehenik. Ikerketa da bere pasioa, eta, orain bizi dugun egoerarako aholkua ere eskatuko diogu. Artikoan klima-aldaketaren ikerketan dabilen Naima El Bani Altuna bilbotarrarekin arituko gara ondoren; azken urteetako klima-aldaketa aztertzen ari da, eta horrek gaur egun nola eragiten digun jakingo dugu. Ea zer esaten digun. Urrunago joan, eta beste planetetako atmosferak ikertzen dituen Itziar Garate López astrofisikariarekin ere egongo gara. Eta telekomunikazio-ingeniaria, musikaria eta Big Dataren apasionatua den Lorea Argarate Zubia ere izango dugu gurekin; zenbat datu ematen ditugu nahi barik telefono mugikorra erabiltzean? Gomendioak eskatuko dizkiogu hari ere.

Lauak irudikatzeko esaldi bat: egiten dutenarekiko pasioa.

Hortaz, adi, heldu erronkei eta jarraitu Elhuyarren #NikEtxeanEsperimentuak egutegiko proposamenari!

Esperimentatu eta partekatu!

Neuronak eta irudimena astintzeko erronkaz betetako egutegia

Gizartearen hainbat esparrutan, eraikuntza kolektiboan lan eginez, hobekuntza lortzeko zerbitzuak eskaintzen dituen aholkularitza gara. Parte-hartzean eta berdintasunean oinarrituta egiten dugu lan, eta hizkuntza gutxituei tratamendu egokia eskaintzen diegu.