Nestor Esteban: “Hizkuntza politika bertatik bertara sortu eta erabaki nahi dugu”
Iragan urte hasieran abiatu zuen EHEk Udalak eta biok, euskaraz / Herriko etxeak eta biok, euskaraz dinamika Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan. Orain arte emandako urratsen eta bidean lortutako emaitzen balorazioa egin dute EHEko kideek Uztaritzen, eta dinamika egungo testuinguruan kokatu dute, aurrera begirako urratsen norabidea iragartzearekin batera.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleak agerraldia egin du gaur Uztaritzen iragan urtean abiatu zuen Udalak eta biok, euskaraz / Herriko etxeak eta biok, euskaraz dinamikaren lehen emaitzen berri emateko. Horrekin batera, Uztaritzekoa kasu, tokiko administrazioek euskararen normalizazioa aitzinarazteko hartu dituzten azken neurri eragingarriak jasotzen ari diren debeku, auzibide eta oztopoen inguruko irakurketa egin dute EHEko Nestor Esteban eta Sebastien Irazokik.
Nestor Esteban: “2014an zehar 17 herritan jarri da martxan dinamika, modu batera edo bestera. ‘Modu batera edo bestera’ diogu, dinamika aurrera eramateko molde ezberdinak izan baitira dinamikaren ezaugarri nagusietako bat. Honen oinarrian dagoen logika oso sinplea da: Euskararen herrian bizi gara eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugu. Eskubide hori gauzatzeko mila oztopo ditugunez, konponbide orokorragoen zain egoteke, ahal dugun neurrian urratsak ematen joatea gure esku dago.
Udal administrazioa da herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa, eta baditu hizkuntza politika egiteko eskumenak. Hortaz, herritarrek, norbanakoek herriko etxe eta udaletan erregistratutako eskari konkretuen bidez tokiko administrazioei gure arteko harremana euskaraz izan dadila galdegiten diogu. Urte honetan 1.200 eskariren bueltan erregistratu dituzte herritarrek han eta hemen, EHEk bultzadatxoa eman ostean. Beno, horiek guk kontrolatzen ditugunak, sarean jarri baititugu eskariak egiteko ereduak. Auskalo zenbatek sartuko zituzten eskaera propioak.
Seb Irazoki: Areago, ‘modu batera edo bestera’ diogu ere, eskariek nabardura ezberdinak hartu dituztelako lekuaren arabera. Hala, toki bakoitzean EHEko kideek norbanakoekin eta euskalgintzako zein herri mugimenduko kide eta elkarteekin harremanak egin dituzte eta denen artean erabaki dute, guztion artean indar gehiago egite aldera, elkarren arteko harremana euskaraz izan dadin ze eskari bideratu lehentasunez. Oiartzunen udalarekin batera landu dira euskara ordenantza eta euskara irizpideak.
Tafallan aldiz, alderdi guztiek onartu duten euskararen normalizazioa hauspotzeko dekalogoan jasotzen direnak praktikan betetzeko eskatu dute 100 herritarrek. Herria UEMAn sartu dadin kanpaina egiten ari dira Gernikan; Durangon ordea 220 herritarrek eskatu diote udalari elkarren artekoak euskaraz izateko. Abadiñon eta Garesen ere, EHEko talderik egon ez arren, herritar talde batek dinamika aurrera eraman eta eskariak sartu dituzte; 280 eta 40, hurrenez hurren. Bilbon berriki hasi dira eta ehundik gora bildu dituzte. Iruñean ia 200, Santurtzin 60, Urruñan 170… EHEren webean dago dena ikusgai.
NE: Aurrerantzean eskari gehiago biltzen eta sartzen joango gara leku horietan; eta urrats berriak ematen ere. Erregistratutako eskariek erantzun positiboa izan dute leku batzuetan. Esaterako, Agoitzen, Etxarri-Aranatzen eta Altsasun udalarekin harremana euskara hutsez izatea eskatu duten 120tik gora herritarrek baiezkoa jaso dute aipatu udaletatik. Herri horietan, beraz, udal administrazioarekin duen harremana euskaraz bizi ez duenak, nahi ez duelako da. EHEtik txalotu egiten ditugu udal horien erabakiak eta eskerrak ematen dizkiegu euskaldunon eskubideen bermerako eragile izateagatik. Ikusi eta ikasi dezatela besteek.
SI: Kasu askotan isiltasun administratiboarekin egin dugu tupust. Izan ere, askok dituzte herritar horiek egiten dituzten eskariak berez kontenplatzen dituzten planak eta abar, baina teorian eta postureoan geratzen dira. Kasu horietan eskariei erantzuteko eskari berriak erregistratu dira, herritarrei gertatutakoaren inguruko informazioa eman zaie, eta presioa egin zaie udalei erantzun bat eman dezaten, kalejira, bizikleta martxa, elkarretaratze eta gisakoekin.
Ezezkoak iritsi dira ere. Tafallako alkateak, dekalogoan sinatuari itsu eta gor, alderdiari jakinarazi gabe erantzun zien, Vascuencearen Legea aitzaki, eskariei ezezkoa emateko. Erantzunaren ostean udal taldeekin bilduta, UPNko alkateak atzera egitea lortu zuten. Durangoko alkateak ere ezezkoa erantzun zien herritarrei, aitzakia ez batere serioak medio, “herritarrak euskaraz artatzea bermatzeko baliabideak falta” dituztela kasu. Urruñako auzapezak entzungor egin zien bertako euskaltzaleek galdegindakoari eta Olentzerok herriko etxe parean utzi zizkion frantses hutsezko herriko seinaleak, ikatz pila batekin.
NE: Aurrerantzean beraz, baiezkoa erantzun duten herrietan neurriak txalotu eta eskari gehiago bideratzera goaz. Erantzunik eman ez duten administrazioetan eskariak bideratzen segituko dugu ere, eta erantzun ezaren aurrean presio egiten. Ezezkoa erantzun dutenei,ostera, egurra. Ez dugu onartzen gure eskubideekiko halako mespretxurik. Dinamikaren emaitza txukunak eta honek aurrera begira ekartzen ahal dituen fruitu berriez jabe, Udalak eta biok, euskaraz / Herriko etxeak eta biok, euskaraz dinamika indartu eta zabalduko dugu aurrerantzean. Horrekin batera, normalizazioa hauspotzeko politika burujabeak abiatzeagatik helegite eta mehatxuak jasaten ari diren administrazio lokalei babesa helarazteko ekimenak bideratuko ditugu. Horregatik gaude gaur hemen; Uztaritzen.
Kanpo esku hartzerik ez! Hizkuntza politika bertatik bertara sortu eta erabaki nahi dugu.
SI: Azken hileotan euskaldunon aurkako erasoek ez dute etenik izan. Egoeraren larritasuna agerikoa da . Neholako disimulurik gabe ari dira jotzen euskararen eta euskaldunon aurka, euskaraz bizitzeko dugun eskubidea erreala bihurtzea nahi izanagatik soilik. Kaskaroteneatik, LOMCEtik edota euskarazko hedabideen itotzetik hasita, adibideak zenbakaitzak dira. Alta, bada azkenaldian jomuga komun dena: tokiko administrazioa.
Uztaritzeko Herriko Etxeak erabaki historikoa hartu eta ofizial izendatu zuen euskara. Biba! Pauetik segidan iritsi ziren helegitea eta auzibidea. Onartezina zaie euskarak menpeko izaerarik ez izatea erderekiko. Euskaldunok geure herrian eta geure hizkuntzan bertan udaleko akta bat euskaraz jasotzea ilegala dela normaltzat hartzea nahi dute, baina ez gaude prest. Ez da normala. Ez da onargarria; eta urte gehiegi daroagu oso sinpleak diren urratsak noiz iritsiko zain. Bada garaia aurrera egiteko, euskaldunon menpekotasunaren betikotzea ‘inoizkotzeko’.
NE: Gisako tenorean etorri dira erasoak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian. Azken honetan Nafarroako Gobernu euskarofoboa bera izan da Baztango udalaren euskara planaren kontra jo duena. Ez da berria. Olaztin ere PPko zinegotziaren ekimenez bota zituen atzera Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertako hizkuntza irizpideak. Bitartean, jo eta su dabiltza Gobernutik Vascuencearen legeak euskarari onartzen dion estatus juridiko apurra ezerezean uzteko.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako toki administrazioak Carlos Urquijoren, Damoklesen ezpatapean dira. 100 herri erakunde ingururen kontrako helegiteak aurkeztu ditu. Bistakoa du euskarari eta euskaldunoi digun herra. Bere helegite guztietatik bakarrean egiten dio erreferentzia Euskararen Legeari, eta berau, gaztelerari aitortzen zaiona errespetatzen ez ei duelako. Groteskoa da, esperpento iraingarria, euskaldunon eskubideak egunero eta debalde kolpatzen diren herri batean.
Horregatik, Uztaritzeko Herriko Etxearen kontrako helegitearen epaia iristear dagoela eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako euskaldunon kontrako erasoak iritsi berritan, herri gisa erantzuteko deia zabaldu nahi diegu herritar, eragile eta instituzioei: eraso onartezinei “aski da!” esan eta eskubide ukaezinen alde kalera ateratzeko deia.
Baina ez hori bakarrik, euskaraz biziko den herria elkarrekin eraikitzeko eta eskubideen zapalketa elkarrekin gainditzeko deia egiten diogu euskaldun, euskaltzale eta herritar orori. Batzen gaituena urruntzen gaituenaren gainetik jarrita, uste dugu momentua dela erantzun sendo eta bateratua artikulatzeko, euskaldunon aurkako eraso etengabeak salatu eta euskaraz bizi ahal izateko neurri ezberdinak hartzen ari diren herri erakundeei gure babes osoa adierazteko. Eta, bide batez, hainbat herri erakundek hartutako bideari eutsi eta herri erakunde gehiago bide bera hartzera animatzeko. Aipatutako norabidean euskalgintzako eragileez gaindi, bestelako eragile sozial, politiko, kultural eta instituzionalen inplikazioa eta gutxieneko konpromisoak ere beharrezkoak direla uste dugu, erantzun puntual batetik harago.
EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ (EHE)
Uztaritzen, 2015eko urtarrilaren 24an
“Euskarak atzera egin du Nafarroako eremu euskaldunean”
“Mapa soziolinguistikoaren datuak plazaratu ditu Nafarroako Gobernuak. Atzeraldia ageri da eremu euskaldunean: bai ezagutzan, bai erabileran. Eremu mistoan eta ez-euskaldunean handitu egin dira ezagutza eta erabilera.”
http://www.berria.eus/albisteak/107698/euskarak_atzera_egin_du_nafarroako_eremu_euskaldunean.htm
“Dbuseko gidarigaiei euskaraz jakitea eskatzen zien prozedura baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak”.
“Dbuseko gidarigaiek euskaraz derrigor jakiteko baldintza kentzea ebatzi zuen iazko udan Donostiako Epaitegiak, autobusa gidatzeko hizkuntza jakitea «beharrezkoa» ez zelakoan. Orain, EAEko Auzitegi Gorenak berretsi egin du erabakia, argudiatuta euskarako B2 titulua izateko baldintza jarri izanak deialdiaren oinarriak aldatzen dituela….
…helegitea jarri zuen UGT sindikatuak, eta orain arrazoi eman dio Auztegi Nagusiak.”
http://www.berria.eus/albisteak/107727/dbuseko_gidarigaiei_euskaraz_jakitea_eskatzen_zien_prozedura_baliogabetu_du_eaeko_auzitegi_nagusiak.htm