Nekazaritzaren Semantikaz (I)

Nekazaritzaren Semantikaz (I) –

Nekazaritzaren Semantikaz (I)

Eider Rodriguez idazleari gauza interesgarri asko entzun eta irakurri dizkiot, asko; horietako bat Euskadi Irratian Maite Artolak egin zion elkarrizketa batean. Iltzaturik geratu zitzaidan, ez bihotzean, baizik eta tripetan, bereziki. Zera esan zuen, zenbait hitz hustu egin ditugula, errepikatzearen errepikatzeaz hutsik utzi ditugula, esanahiz eta zentzuz.

Maiz sentitu dut –sentitzen dut– nire tripatxo hauetan urduritasun hori, erre punttu hori. Beste arlo askotan bezala, nekazaritzarekin loturiko hiztegia gero eta lausoagoa da, gero eta tranpatiagoa, gero eta hutsalagoa.

Semantikaz ezer asko dakit nik; eta nire mugak onartuta, ekarri nahi dizuet definizioa, ezin laburragoa, Euskaltzaindiak emandakoa:

Semantika: Hizkuntzalaritzaren adarra, hitzen esanahiaz aritzen dena.

Horretaz, hain zuzen ere, idatzi nahi dut nik: hitzen esanahiaz; nekazaritzarekin lotutako hitzen esanahiaz, alegia. Izan ere, uste dut hemen ere badugula zer pentsatu, zer hausnartu.

USTIATEGI: Zerbait ustiatzen den gunea.

Nekazaritza munduan oso ohiko den kontzeptua. Baserri bakoitzak du “ustiategi zenbakia”. Gure etxeak ere badu. Eta hor sortzen zait galdera: gure etxea ustiategia al da? Zenbakiduna izateak ba al dakar ustiatzea ezinbestean? Badakit askoren ustez horrela dela. Baina nik… nik ez dut hori sentitzen. Ez dut hori sentitzen orokorrean; beharbada, une zehatz batzuetan –arkume garaian, adibidez– bai sentitzen dut ardiak traizionatu egiten ditudala. Horrek ez du esan nahi, ordea, ustiatu egiten ditudala, esplotatu egiten ditudala. Azken esne tanta atera arteko onik ez dudala. Neure etekinaren neurria euroa dela. Nire makina-erremintak direla.

Ez dakit nori bururatu zitzaion kontzeptua; baina argi dut buruan zuen ikuspegia zein zen: kapitalista. Hark begi aurrean zituen zukua ateratzeko laranja eta billeteak egiteko makina. Txarrena da, baserri munduan, batzuen –ez naiz ausartzen kantitaterik esatera– jarrera eta jokaera horiexek direla, kasu horietan hitza esanahiz puztuta dagoela, gordin.

TRADIZIONALA: Ohiturazkoa; ohikoa. KONBENTZIONALA: Gauzez mintzatuz, arrunta, ohiturazkoa, ohikoa.

Nekazaritzaren esparruan erabiltzen dira biak ala biak, eta sinonimotzat har daitezke. Askotan erabiltzen dira adjektibo hauek ekoizpen eredu jakin bati erreferentzia egiteko, ekologikoa ez denari. Jakina, ekologikoa ez dena modu askotarikoa izan daiteke, ez da zuria ala beltza. Joan daiteke eredu intentsiboenetik oso estentsiboa den batera. Eta eremu zabal eta lauso horretan galdu egiten da kaletarra, galdu egiten gara baserritarrok. Tradizionala dela esaten digunak zer esan nahi du, ardiak kanpora atera gabe dituela eta olio-palma duen nahasketa ematen diela ala kanpoan izaten dituela eta zereal nahasketa ematen diela? Zer esan nahi du, “parrilla” duela artegian ala azpigarriak dituela?

Noiztik da zer edo zer tradizionala, noiz irabazten du titulua? Bada gutxieneko epe bat? Izan ere, lan egiteko molde intentsibo horiek iraultza berdearekin jarri ziren martxan gehienbat, pasa den mendeko 60. hamarkadan. Hortaz, 50 bat urteko tradizioaz ari gara, 50, besterik ez. Hutsaren hurrengoa alderatzen badugu milaka urtetako lan egiteko manerarekin. Hondar ale bat basamortuan, ezer ez.

Ziur naiz milaka urtetako tradizioaz ari garenean, hitz egin beharko genukeela eredu ekologikoaz, hortaz ari baikara: milaka urtetan, belaunaldiz belaunaldi, nekazaritzan lan egiteko moduaz, inguruarekin hartu-eman horretaz, lurraren emankortasuna bermatzeaz. Simaurraz, azpigarriez, larratzeaz…

Errezeloa dut kasu honetan ematen den mezua eta hartzaileak jasotzen duena bat datozela euren artean, baina ez errealitatearekin. Itsusia da –eta gainera ez du saltzen– esatea modu intentsiboan egiten duzula lan, animaliak ez direla ateratzen edota tomateak hidroponikoak direla; ezin esan ekologikoan ari zarela, zigilua ez duzulako –eta hemen ere badago zer esan–. Gardentasun falta ikaragarria dago. Bi adibide ekarri dizkizuet.

Diario de Noticias. 2019-04-09

Itxaso también pidió priorizar las especies autóctonas de árboles, y la producción ecológica frente a la tradicional, que ofrece, dijo “muchas oportunidades de cara al futuro”.”

Ez dut ulertzen, zer demonio eskatu du Itxaso jaunak? Mezua ezin lausoagoa da, ez du ezer esan, ezertxo ere ez. Eta zuk, zer ulertu duzu, irakurle?

Bigarren adibidea administrazioan aurkitu dut, esleipen publiko batean, erakunde ofizial batek idatzita. Oraingo honetan tradizioa baztertu da eta konbentzionala erabili. Zer esan nahi dute? Zer ulertu behar dugu? Zein konbentziotan ebatzi zen zer den ekoizpen konbentzionala? Genebakoan, akaso?

1. xxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxx

Xedea: gaztagintzaren ekoizpen ekologikoa.

Azalera: 8,536643 ha.

Epealdia: hamabost urte, beste bost urtez luzagarria aldeek horrela adostuz gero.

Prezioa: xxxxxxx €/urteko BEZ barne.

Tasak: HOMen urteroko aprobetxamenduaren tasa.

2. xxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxxx

Xedea: ekoizpen konbentzionala.

Azalera: 52,12022 ha.

Epealdia: hamabost urte, beste bost urtez luzagarria aldeek horrela adostuz gero.

Prezioa: xxxxxxxx €/urteko BEZ barne.

Tasak: HOMen urteroko aprobetxamenduaren tasa.

Espedientea jendaurrean jartzen da hogeitamar (30) egunez, interesa duenak espedientea ikusi eta, nahi izanez gero, alegazioak aurkez ditzan.

Bi eremuok oso ezberdinak dira, baina bietan hizkuntza ez da batere zehatza. Biak kezkagarriak badira ere, bereziki arduratzen nau administrazioan hiztegi hutsal hori erabiltzeak. Izan ere, administrazioak ezartzen dizkigu kontzeptuak, hark sortutakoak dira baliagarriak, lege maila izaterainokoak. Kasu honetan ez, ordea. Ebazpen horretan ez dago zehaztuta ekoizpen konbentzionala izenaren atzean zer dagoen, zer egiten den eta nola. Zergatik? Akaso, atseginagoa da tradizioa aipatzea eta herritarren amets bukolikoak hegan jartzea, zenbait errealitate gordinei bidea eta baliabide publikoak ematen zaizkiela baino askoz atseginagoa, zalantzarik gabe. Atsegina izan arren, ez da ondratua, ene ustez; besteak beste baliabide publikoak, kasu honetan lur publikoak, ezin direlako hipotekatu kutsagarriak diren hainbat praktika direla eta.

ELIKADURA BURUJABETZA:

2002. urteko Elikagaien Munduko Gailurrean, 400 nekazari erakundek honela definitu zuten:

Elikadura burujabetza herriek, komunitateek eta herrialdeek beren nekazaritza, labore, arrantza, janari eta lurralde politika propioak definitzeko eskubidea, nork bere ezaugarrien arabera modu ekologikoki, sozialki, ekonomikoki eta kulturalki egokiak erabiliz. Janaria eduki eta ekoizteko eskubidea barne hartzen du, alegia, jende guztiak daukala janari seguru, elikagarri eta kulturalki egokia eta janaria ekoizteko baliabideak izateko eskubidea, eta nork bere burua eta bere gizartea modu iraunkorrean eustekoa. Elikadura burujabetzak esan nahi du herriek eta komunitateek nagusitasuna dutela merkataritza auzien gainetik janaria eta janari ekoizpena kontrolatzeko.

Iraultzailea den kontzeptu hau ere, sortu zenetik hona, husten joan da, hustu egin dute –dugu?–. Orain nahi dugun guztiaz betetzen dugu, komeni zaigunaz; merkatuak zer agindu, halaxe egin. Elikadura burujabetzak gaitasuna du eskuina eta ezkerra batzeko; hori bai, bakoitzak betetzen du nahi duenarekin. Denek ikurrinez beteko dute, eta horiek nahikoak izango dira jakiak saltzeko, ekologikoki, sozialki, ekonomikoki eta kulturalki egokiak izan ez arren. Nahiko da bertakoa izatea, berdin dio nola egin, berdin dio erabiltzen diren lehengaiak Brasildik, Turkiatik edo Kontxintxinatik datozen; behin Bilboko portura helduta, lortzen dute nazionalitatea, labela. Ñabardurak, etortzekotan, beranduago etorriko dira, lauso; eta puxikari –kontzeptuari, alegia– betetzeko geratzen zaiona bestelakoaz osatuko da.

Uste dut, gutxienez, kontzientzia falta dela hitzen erabileran; eta arinkeria, ordea, soberan. Kasu batzuetan, zintzotasuna ere, faltan; eta manipulazioak gainezka egiten du.

Eta semantika joko horretan, nahi gabe, geu gara husten garenok.

PD. Hiztegiak, zoritxarrez, izango ditu sarrera gehiago…

Nekazaritzaren Semantikaz (I)

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN