Nahikoa da! Hezkuntzako langileak nazkatuta gaude
Nahikoa da! Hezkuntzako langileak nazkatuta gaude –
Azken egunetan, Jokin Bildarratzek, Hezkuntza Sailburuak eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria denak, hedabideetan maiz esan du. Adierazpen horien aurrean STEILAS sindikatuak zera adierazi nahi du:
Momentu honetan kontraesan handia dago COVIDari aurre egiteko protokoloaren betekizunaren eskatze mailaren, langilearen bizkar gainera zamatutako lan kargaren eta hezkuntza administrazioaren kudeaketaren artean.
Hezkuntza zentroetara irakasle ordezkoak heltzen ari diren baieztapena zuzena bada ere, ez da egia hezkuntzako langileak garen kolektibo guztietan ordezkapenak bermatzen ari direnik.
Haurreskolak Patzuergoan, ordezkapenak ez dira betetzen ari. Badakigu enpresak haurreskolak zabalik mantentzeko helburuarekin hezitzaileak, lan hitzarmenean jasota dagoenaren kontra, aparteko orduak egitera behartzen ari dela, ordezkoak aurkitzen ez omen dituelako. Gainera Haurreskolei jakinarazi zaie “… egoerak hoberantz nabarmen egin duenez, poliki-poliki, COVID errefortzuei dagokienez, hartutako neurriak zentro guztietan malgutzen joango direla …” horrek lan karga eta eragiten duen kaltearekin.
Heziketa Bereziko Hezitzaileen sektorean ere ikasgeletarako itzulera langileen bajaz beteta egon da, eta, nahiz eta egoera hori oso aurreikusteko modukoa izan, Administrazioak ez du aparteko neurririk ezarri. Gainera, ikasturte hasieratik salatzen dugun bezala, hezkuntza ordezkaritzetako langile-falta nabarmena da eta pertsonal arloak bunkerizatu egin dira, egungo kaosa areagotuz.
Ondorioa, lehen egunetik betetzen ez diren bajak ez ezik, batzuetan, astea gainditzen duten bete gabeko ordezkapenak; beharrik ez dagoen ikastetxeei gaizki esleitutako ordezkapenak, langile ordezkoa eguna, dagokion soldata eta puntuaketa galtzera eramanaz. Eta bitartean, lanez erabat gainezka dauden eta ikasleen beharrak behar bezala asetzera iristen ez diren langileak. Kolektiboak artatzen dituen ikasleak aniztasun funtzionalekoak dira, hezkuntza premia bereziak dituztenak eta zoritxarrez, askotan, zaurgarrienak eta mendekotasun handienekoak. Eta, tamalez, ikasle hauek dira, kudeaketa kaxkar honen biktima nagusiak.
STEILAS sindikatuak Hezkuntza zentro guztietan eta Haurreskolak Patzuergoan hezitzaile nahiz irakasleen ordezkapenak lehen egunetik betetzea eskatzen du. Horretarako beharrezko baliabide guztiak jartzea eta kudeaketa lanetarako ere behar diren baliabide teknikoak eguneratzea exijitzen du, orokorrean langileak pairatzen ari diren lan karga estrekin amaitzeko eta familiek, ikasleek zein haurrek merezi duten hezkuntza zerbitzua jasotzeko.
Nahikoa da! Hezkuntzako langileak nazkatuta gaude