Nahiak eta aukerak

Nahiak eta aukerak –

Lohizune Amatriak Nafarroako Hitzan.


Oraingo honetan ez die eskatu, baina lagundu dute berriro. Azken hilabetean beltzak ikusi zituen hilabete amaierara iristeko, eta lotsaren lotsaz gurasoak deitu behar izan zituen alokairua ordaindu ahal izateko. Duela urtebete baino gutxiago erabaki zuen bakarrik biziko zela, unea iritsi zela bere buruarekin soilik bizitzen ikasteko. Orain, ikasten hasia zela, zenbaki gorriek bultzatu dute atzera.

Nahiak eta aukerak

Bihar du hitzordua pisukide berriekin; oraingo etxea utzi, eta gela bat alokatuko du, bizitzeko laguntzarik eskatu behar ez izateko. Gutxi daki haiei buruz, lanean ari dira eta bere adinaren bueltakoak dira. Hori ez da gehien arduratzen duena: “Pisukide ona izango al naiz? Garbia? Atsegina?”. Izango duen konpainiak ito egin du, une batez.

Auzokidearekin oroitu da, atikoan bizi denarekin. Apartamentu txiki bat da harena, apenas 40 metro koadrokoa. Pentsa, sofak hartzen du sarrera-sukaldea-egongela espazio ia osoa. “Hura bai bizi dela itota”. Lan afera baten ondorioz, aste batetik bestera lekualdatu behar izan zen, eta pisu txiki hori izan zen aurkitu zuen lekurik onena. Soldataren erdia baino gehiago bideratzen ari da orain bertan bizitzera.

“Lotsagarria da”, horrela pentsatzen dute haren inguruko guztiek. “Eskerrak gobernuaren laguntza eskatzerik duzun”, esaten diote, gero, gehienek. Baldintza guztiak betetzen ditu, bai, eta lagungarria izanen zaio laguntza; baina horietako batek muturtu egiten du: etxebizitzaren gehieneko errenta hilean 650 eurokoa izan behar duela ezarri du gobernuak. Hori da haren pisuaren prezioa, gehienekoa. “Zein ari dira laguntzen? Gazteak edo higiezinen merkatuan direnak?”.

Atsekabetu egiten du pentsamendu horrek, are gehiago bere lagunik onena gurpilean sartzear dela jakin duenetik. Herritik hirira mugituko da. Alokatzeko etxebizitza bila aritu da azken hilabetean, baina dena da garestiegia, zaharregia edo zikinegia. Horregatik, etxekoen gomendioari jarraitzea erabaki du: pisu berri bat erosiko du. Zenbakiak egin ditu, eta alokairua baino merkeagoa izango zaio hipoteka.

Hipoteka. Hipotekatu. Hitz potoloak izan dira orain arte harentzat. Hiria ez du sentitzen bere leku, eta erosteak ekar dezakeen loturak kezkatzen du. “Etorkizunean etxebizitza honetan bizi nahi ez baduzu, beti izanen duzu saldu edo alokatzeko aukera”. Gomendio horretan jarri du itxaropena, baina iruzurti sentitzen da. Eta beti izanen da joan eta etorrian ibiltzea baino seguruagoa batekin apaltzen du kezka.

Hori da herriko lagun gehienen hautua. Herrian geratuko dira bizitzen, beste ezer ez dagoen bitartean, gurasoen etxean. Herrian ez dago ia alokairurako aukerarik, eta salmentan dauden etxeak garestiegiak, zaharregiak eta handiegiak dira, dena batera. Horregatik utzi du berak herria. Ez da bakarra, eta egoera paradoxikoagoak ere ezagutzen ditu: herrian lan egin eta hirian bizi da bere senideetako bat.

Argi dago, zerbait ez gara ongi egiten ari.

Nahiak eta aukerak Nahiak eta aukerak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.