[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna XII

Langileriaren errogabetasuna XII –

Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Langile-kondizio zinez berriaren eraiki beharra presa handikoa da, beraz  aztertu behar da berandu gabe. Norabide bat erabaki behar da oraitik beretik. Izan ere, gerla bukatu orduko, eraikiko dugu zentzu konkretuan. Eraikiko ditugu etxeak eta batimenduak. Eraikiko duguna ez da suntsitua izanen nun ez den gerla berri bat gertatzen, eta bizitza eraikiko dugunari egokituko zaio. Paradoxikoa izango litzateke alabaina  utz ditzagun harriak berez eta txirripaz elgarretaratzen, jakinki harri horiek beharbada belaunaldi askotarako, bizitza sozial guziari eraginen diotela. Horrexegatik, enpresa industrialen antolamenduari buruz pentsamolde argi eta zehatz bat aurretik eduki beharko da etorkizun hurbilerako.

Langileriaren errogabetasuna XII

Ustezko zatiketa politikoen beldurrez premia honi ihes egiten baginio, erran nahi luke sinpleki ez garela kalifikatuak Frantziaren patuan esku hartzeko. Urgentea da beraz aztertzea langileen erroztamendu-plan bat zeinaren, hemen laburtuta, zirriborro posible bat daukazuen:

Lantegi handirik ez litzateke gehiago. Enpresa handia litzateke  muntaketa lantegi bat ekoizpen-tailer tipi andana batekin lotua, hauek langile bakar batez edo hainbatez osatuak izago lirateke, landa–eremuan barreiatuak. Eta aldika langile horiek -ez eta espezialistak- joango lirateke, txandaka, lan egitera zentroko muntaketa lantegira, eta egonaldi horiek haientzat pestak izan beharko litzaizkie. Egonaldi horietan, egun-erdia lanerako litzateke, gainerakoa kontsakratua litzatekeela lagun arteko lokarriei, enpresa-patriotismo baten loratzeari, konferentzia teknikoei -langile bakoitzak uler dezan fabrikatzen dituen piezen funtzio zehatza, eta besteen lanak gainditu izan beharreko zailtasunak-, geografia-konferentziei uler dezaten nora doazen fabrikatzen laguntzen dituzten produktuak, zein gizakik baliatuko dituen, zein ingurune motan, zein eguneroko bizitzan, zein giza-girotan produktu horiek dauden, eta zein lekutan. Gai horiei guziei gehituko litzaieke kultura orokorra. Izan ere, muntaketa lanregi zentral bakoitzaren ondoan, langile-unibertsitate bat egongo litzateke. Unibertsitate horrek enpresa-zuzendaritzarekiko lokarri hertsiak izango lituzke, baina haren proprietatea ez litzateke izanen.

Makinak ez lirateke enpresarenak izango baizik eta  landa eremuan bareiaturiko tailer tipi-tipi ugarienak, eta hauek aldiz indibidualki edo kolektibolki langileenak. Langile bakoitzak edukiko luke gainera etxe bat baita lur zati bat ere.

Jabetza hirukoitz hau, alegia makina, etxea eta lurra, estatuak langileari eman beharko lioke ezkontza-garaian, baldintza batekin. Izan ere, gainditu beharko luke azterketa tekniko zail bat, baita inteligentzia eta kultura orokorra kontrolatzeko beste azterketa bat ere.

Makinaren hautaketak erantzun behar lieke, alde batetik langilearen gustuei eta ezagutzei, eta bestetik ekoizpen teknologia zabalari. Nabarmen da makina hori ontsalarik izan behar dela, ahal bezainbat, arreglatzen diren makina[1] automatiko eta erabilera anizkuneko horietarikoa.

Jabetza hirukoiz hau ez liteke ondorez transmiti, ez liteke sal, ezta inolako moduz bertzelaka ere (soilik kasu batzuetan makina trukatua izan daiteke); Argi ta garbi, makina baliatzen duenak ez luke izanen hura uzteko aukera baizik. Kasu horretan, horrelako langile bati geroxago emaitza bera estatutik berriro eskuratzea zaila baina ez ezinezkoa bihurrarazi beharko litzaioke. Langile bat hiltzen denean, jabetza hori estatuaren eskuetara itzultzen da. Gertatzen denean, estatuak emazteari eta haurrei ongizate berdina segurtatu behar die. Alarguna senarraren lana egiteko gai baldin bada, makinaren jabetza atxikitzen du.

Zergek finantziatzen dituzte emaitza horiek oro, dela zerga zuzenek, dela zerga zeharkakoek, ekoizpenen salpenetatik ateratzen direnek. Erakunde administribo batek, funtzionariz, enpresa nausiz, sindikalistez baita deputatuz osatuak, esleipen horiek kudeatuko lituzke.

Jabetza-eskubide hura auzitegi baten erabakiak ken lezake ezgaitasun profesionalagatik. Langile baten kontrako zigor horren aukerak eskatzen du, neurri penal berak aurreikusiak izan daitezen, beharra gerta baledi, enpresa nausi baten ezgaitasun profesionala zigortzeko.

Tailer tipi baten nausi bilakatu nahi lukeen langileak baimena jaso behar luke baimen hori arretaz emaiteko ardura izango lukeen lanbide erakunde baten eskutik. Langile nagusigaiak erraztasunak ukanen lituzke bizpahiru makina erosteko baina ez gehiago.

Azterketa gainditzeko gai ez litzatekeen langilea soldatapeko egoeran egonen litzateke. Baina bizitza guzian, adin-mugarik gabe, saialdiak berriro egin litzazke. Adin guzitan, eta hainbat aldiz, zenbait hilabeteko lanbide praktika doakoa lanbide heziketako eskola batean egitea eska lezake.

Ezgaitasunagatik soldatapeko egongo liratekeen langile hauek lan eginen lukete taller ez-kooperatatibo tipietan, edo etxean lan eginen lukeen langile baten laguntza gisan, edo muntaketa lantegietan peoi gisan. Baina industrian ez lirateke onartuak izanen kopuru tipian baizik. Horregatik gehienak zuzendu beharko lirateke, zerbitzu publikoetan eta merkataritzan beharrezkoak diren peoi edo paper betetze(2) lanetara.

Ezkontzeko adina arte, eta bizi guzirako etxe batean kokatu arte, karakteren arabera, hogeita bi, hogeita bost, edo hogeita hamar urte arte, langile gazte bat beti aprendizgoan balitz bezala kontsideratua izango litzateke.


[1] Mota honetako makina zitzaion gustukoena SWi, orduko automozio lantegietan ikusi zukeen. Hari esker posible zen langilearen akidura fisikoa ekidin, eta orobat buru-lan bat atxiki makina arreglatu beharragatik.

[2] “gratte papier” frantsesez aski pejoratiboa dena. SWek lan ekoizlea lehenesten zuen.

 

Langileriaren errogabetasuna XII Langileriaren errogabetasuna XII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna XII”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2021-09-08 16:29

    Lanaren filosofiari buruzko hausnarketa, eta horregatik beretik baldintzei buruzko hausnarketa da SWen ezaugarri nausietarik bat. Erreforma eta iraultza berdin zitzaion, nahi zuen langilearen alienazioa ezeztatu. lehenik lan baldinza konkretuei atakatuz eta gero gizartean lanaren estatutua irauliz. Bestela erranda menderakuntza zentzu eta zantzu oro kendu nahi ziokeen lanari. Ene iduriko bere erru bakarra da pentsatu izana posible zela programa hori gauzatzea estatu baten mailan. Bere lanaren filosofia soilik egiazko komunitate batean aplika liteke eta seguraz ere noizbait eta noizbait aplikatua izan da jadanik.