Nafartasun hauskorra

Nafartasun hauskorra –

Hauskorra da, dudarik gabe, Iruñeko alkatearen nafartasuna. Segur aski horregatik behar du bandera erraldoi bat, zeinen handia duen ikus dezagun. Zeinen handia duen nafartasuna, erran nahi baita.

Nafartasun hauskorra
Banderaren masta ezartzeko lanak. Iñigo Uriz / FOKU / NAIZ

Nafartasuna bezain handia du gorrotoa, bidenabarkoan erranda, naski uste baitu paratzeko asmo duen XXL tamainako Nafarroako bandera horrekin euskal abertzale anitz minduko dituela. Tira, nik mindu erran dut, baina joka nezake lepoa izorratu izan dela alkatearen buruan ibili den solasa.

Ezagun da nafartasuna eta gorrotoa bezain handia dela Iruñeko alkatearen ezjakintasuna, bistan baita ez dakiela nolako bilakaera izan duen abertzaletasunak hondar urte hauetan, ez dakiela “euskaldun guziak politikoki nafarrak gara” dela abertzale ez gutiren fede berria eta, hortaz, Nafarroako sinbolo horrek poza bertzerik ez diela emanen. Orobat, ez daki bertze zenbaitek ere gure gogoeta egina dugula, eta, Joan Fuster parafraseatuz, pentsatzen dugula nafarrak izatea hemen, Nafarroan, euskal herritarrak izateko dugun manera dela, baina susmoa dut gogoeta hori euskaratik espainolera itzuliko baliote ere, txinera balitz bezala adituko lukeela Iruñeko alkateak.

Nafartasuna, gorrotoa eta ezjakintasuna bezain handia da Iruñeko alkatearen lotsagabekeria. Horregatik, lotsa arrastorik ez duelako alegia, krisi garai hauetan ehun mila euro gastatu nahi ditu inork behar ez duen bandera batean. Nire uste apalean, diru xahutze alferrikako horrek beharko luke sumindu dezentzia pixka bat duen herritar oro, berdin nafar, euskaldun, euskal herritar, espainol edo munduko herritar sentitzen den.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko maiatzaren 23koa]

Nafartasun hauskorra

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.