Nafarroan hizkuntz ereduaren aukeraketa
2013ko hasieran semealaben bat eskolan lehenengo aldiz matrikulatu beharko duzue askok (Haur Eskolako 1. Maila – 3 urte). Agian pixka bat despistatuta ibiliko zarete Nafarroan 8 hizkuntza eredu ditugulako (A, B, D, G, Britihs, TIL, TIL-A eta TIL-D). TIL-D ez da eredu bat, baizik eta D ereduaren bertsio berria, ingelesa indartuta. Nafarroako Gobernuak inposatu egin zuen D eredua eskatzen zen zentroetan (Sarriguren, Buztintxuri, Noain).
Zoritxarrez, eredu asko eta informazio gutxi. Gainera, baldintza berdintasunean ez dira eskaintzen eta bultzada instituzional berbera ere ez daukate.
Arrotxapeako Euskalgintzatik gaiari argi pixka bat ematea gustatuko litzaiguke. Hala ere, informatzeko animatu nahi zaituztegu, eta hori ongi egiteko, eta ahal bada oso ongi, zuen semealabentzako eredua aukeratzerakoan hartuko duzuen erabakia oso garrantzitsua delako eta beren etorkizun akademikoa, onerako eta txarrerako, erabaki horren menpe egon baitaiteke neurri handi batean.
Kontu pedagogikoetan sartu gabe, hori profesionalei dagokielako, eta irakasleen jarrera, gogoak eta profesionaltasuna baloratu gabe (eredu guztietan antzerakoa dela sinetsita), hauxe erran dezakegu: D eredua da ikasleei gainahaleginik gabe Lehenengo Hezkuntzaren amaieran bi hizkuntza (gaztelania eta euskara) menperatzea eta hirugarren hizkuntza (ingelesa edo frantsesa) baldintza hobeagoetan ezagutzea ahalbidetzen dituen eredu bakarra.
Gure semealabentzako D eredua aukeratzeko arrazoi gehiago izanen dira, baina bi azpimarratzea nahi genuke:
1. Ikuspuntu linguistikotik, D eredua da Nafarroan eredu ELEANITZ bakarra:
Hizkuntza murgilketa duen eredu bakarra da. Gainontzeko ereduetan, nagusia ez den hizkuntzan saioak % 50 edo gutxiago diren bitartean, D ereduan Haur Hezkuntzako lehenengo urtean % 100 izatetik Lehenengo Hezkuntzako 6.ean % 67 izatera doan tartean dago (% 61 TIL-D ereduan).
- D ereduko ikastetxeetan euskararekiko harremana % 100a da (noski, gaztelania eta ingeleseko eskolak izan ezik). Irakasleek, irakasle ez diren langileek, monitoreek eta abarrek menperatzen duten hizkuntza da. Pentsaezina da hori gainontzeko ereduetan.
- Euskara gure gizartean hizkuntza bizia da. Hizkuntza honetan eskolatik kanpoko eskaintza oso zabala eta ekonomikoki arrazoizkoa da (telebista, irratia, kultur ekitaldiak, tailerrak, kanpamenduak), ikasleei eskola esparrutik kanpo erabiltzea ahalbidetzen diena.
- Gaur egun D ereduan irakasleen ia % 100ak euskara menperatzen duen bitartean, ingeleseko ereduetan, % 10ak edo 20ak soilik menperatzen du.
- Elebidun izateak (euskara eta gaztelania menperatzeak) hirugarren hizkuntza (ingelesa, frantsea, alemana…) hobeto ikasteko laguntzen du.
2. Ikuspuntu akademikotik azkeneko aldietan prentsako informazio batzuk nabarmen ditzakegu: Azkeneko bi urteetan selektibitatean izandako emaitzak hobeak izan dira D ereduan (hemen) eta Bigarren Hezkuntzako kanpoko probetan D eredukoen emaitzak beste ereduetakoenak baino hobeagoak izan dira (hemen).
Zeuk aukeratzen duzu: Emaitza akademiko onekin bi edo hizkuntza gehiago menperatzea ala batekin geratzea, ahalegin berarekin. Zure seme/alabaren etorkizuna jokoan dago. Informa zaitez eta aukera ezazu ongi. Ez zara damutuko.
RT @zuzeu: Nafarroan hizkuntz ereduaren aukeraketa.: NAFARROAN HIZKUNTZ EREDUAREN AUKERAKETA. 2013ko hasieran semealaben … http://t.co …