Nafarroako museoan eta baluarten euskarari sarbidea eman nahian

Administrazioan Euskaraz taldeak bere poztasuna adierazi nahi du Nafarroako Museo eta Baluarteren inguruan Nafarroako Parlamentuak hartutako akordioengatik.

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatu du gaztelaniarekin batera euskara erabil dezan Nafarroako Museoaren testu idatzietan, eta kontuan har ditzala neurri, kontraste eta zabalera baldintzak, euskarazko testuaren ikusmena bermatze aldera.

Era berean, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua eta Baluarte Fundazioa premiatu ditu lau ataletan:

  • Euskararen presentziari eta garapenari dagokienez, aurrerapausoak eman ditzaten eraikinaren barneko errotulazioan eta testu inprimakietan, era horretan euskara eguneroko tresna izan dadin, eta ez salbuespena, bere ohiko jardunean.
  • Aurrerapausoak eman ditzaten, euskararen ahozko erabilerari dagokionez, Biltzar Jauregiko informazio guneetan jendeari arreta zuzena nahiz telefono bidezkoa ematean, bai eta kanpoko txarteldegietan, bisita gidatuetan eta auditorioko megafonia bidezko informazioa ematean ere.
  • Aurrerapausoak eman ditzaten Baluarte-Biltzar jauregi eta auditorioko programazioetan euskararen kultur adierazpideak sartzeari dagokionez.
  • Aurrera egin dezaten Baluarte Fundazioari bilera eta kongresuetarako aretoak erabiltzea eskatu duten entitateei aldibereko itzulpena, testuen itzulpena eta elebitrasunerako bestelako erraztasun batzuk eskaintzeari dagokionez, baldin eta halakorik eskatzen badute, Nafarroako hizkuntzen erabilera normal eta aldiberekoa ziurtatze aldera.

Gure taldeak bultzatutako eskaerek gure mugak gainditu dituzte eta Nafarroako herritarren ordezkari gorena den Parlamentuak bere egin ditu. Orain pilota Nafarroako Gobernuaren teilatuan dago. Ea logika demokratikoa nagusitzen den eta laster Nafarroako Museoa eta Baluarte gure etxea bezala sentitzen ditugun euskaldunok.

Iruñean, 2012ko ekainaren 28an.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA. Identifikazio Fiskalerako Kodea: G31836323.

Ordezkaria: ANGEL MARIA LAKUNTZA AZTIRIA.

Administrazioan Euskaraz Taldea