Nafarroako konkista aztergai izanen da Vianan

500 urte dira Albako Dukeak bere gudarostea Nafarroan sartu eta konkistatu zuenetik eta urtemugaren karira, kongresua prestatu du Nabarralde elkarteak irailaren 18 eta 19rako. Haien asmoa da konkistaren gaia “Nafarroatik bertatik” lantzea, borondatez eginiko baturaren teoriaren gisako “eufemismoei” aurre egiteko. ‘Espainiar konkistaren V. mendeurrenerantz’ lelopean, Euskal Herriko historialarien lehenengo biltzarra eginen da beraz Vianan (Nafarroa Garaia). Jardunaldietako ohorezko batzordea Elvira Sainz, Iñaki Duque Sanz de Vicuña, Juan Maria Atutxa eta Gregorio Galileak osatuko dute eta batzorde zientifikoa Joseba Asiron, Pello Esarte eta Mikel Soraurenek.

MzA1NA==

Kongresuko egitarauari dagokionez, hitzaldiez gain, bisita gidatua ere izanen da Vianan bertan, Juan Cruz Labeaga Mendiolaren eskutik. Larunbatean, Jon Oria, Mikel Sorauren, Peio J. Monteano, J.J. López Antón, Floren Aoiz, Bixente Serrano Izko eta Iñaki Sagredo solastuko dira. Igandean berriz, Jean Louis Davant, Pello Esarte eta Joseba Asiron izanen dira protagonistak. 

Izen ematea irailaren 10aren aitzinetik egin beharko du jardunaldietan parte hartu nahi duenak, telefonoz edo Nabarralderen bulegora joz (Bidankoze karrika 3, behea. 31014 Iruñea). 30€ ordaindu beharko dute parte-hartzaileek, 5€ ikasle txartela dutenek eta erakundeek 100€ren truke nahi adina lankide eramateko parada izanen dute. Gainera, Nabarraldek azaldu du Palacio Pujadas hotelean ostatua merkeago izanen dutela biltzarrean izena ematen dutenek.

BARDO GORRI NAFARRA