Nafarroako Gobernuaren inbertsio politikak herri ekimenez sortutako proiektu estrategikoak itotzea izan du helburu
Kontseiluak azken urteotan euskarari eskainitako aurrekontuen inguruko hausnarketa egin du Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean. Nafarroako Gobernuak azken urteotan sektorerik garrantzitsuenetan egin dituen diru-inbertsioen inguruan hausnarketa egin eta txostena osatu du Kontseiluak. Paul Bilbao idazkari nagusiak esan duenez, “frogatu nahi dugu egin diren inbertsioak ez direla nahikoak izan euskararen normalizazioaren beharrak asetzeko eta areago, herri ekimenez sortutako proiektu estrategikoak itotzea edo gutxienez haien bilakaera normala eragoztea izan duela helburu inbertsio politikak”.
Egoera gutxiagotuan dagoen hizkuntza bat normalizatzeko ezinbestekoa da hizkuntza-politika eragingarria abian jartzea. Egoera horretara iritsi baldin bada lehenago hiztunen eta haiek osatzen duten hizkuntza-komunitate horren kontrako politika bat aplikatu delako gertatu da. “Euskararen kasuan ere, berdin gertatu da. Urte askotan hezkuntza sistematik baztertua, Administrazioaren jardunean lekua ukatua, oro har, botere ekonomiko eta politikoaren gunerik garrantzitsuenetatik kanpo utzia irauteko miraria lortu badugu herritarren atxikimendu fidelari esker izan da. Gaur egun ere, horrela gertatzen dela esan dezakegu Nafarroako Foru Komunitate honetan. Beraz, euskara normalizatuko bada eta gure gizartean dagokion lekua beteko badu honako zutabe hauek dituen hizkuntza-politika jarri beharko da abian: corpus juridikoa, plangintzak eta baliabideak”.
Hizkuntza transmititzeko eta iraunarazteko baliabideak eskuratzea eskubidezkoa izateaz gainera beharrezkoa dena aipatu du Bilbaok. Ildo horretan, egindako lanean jasotako ondorio nagusietako bati erreferentzia egin dio. “Nafarroako Gobernuak murrizketak krisialdi egoera orokorraren ondorio direla sinistarazi nahi baldin badigu ere, hori ez da horrela. Krisi egoerak ez ditu alor estrategikoetan egin diren murrizketak justifikatzen. Aitzitik, euskararen normalizazioaren kontrako hizkuntza-politikaren ondorioa dira aurrekontuak” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Bai hizkuntza-politikak diseinatzeko orduan eta baita egitasmoak diruztatzeko orduan ere, proiektu horiek dituzten beharretatik abiatu behar da. “Kontuan izanik euskara hizkuntza gutxiagotua dena, hori sustatzea izan behar du helburu ezein administraziok. Euskararen beharretatik abiatu behar dira hizkuntza-politikak eta ondorioz, aurrekontuek ere horri erantzun behar diote. Azken urteotan Nafarroako Gobernuak egindako aurrekontuak euskararen normalizazioaren beharretatik urrun, oso urrun daude”, esan du Bilbaok.
Kontseiluko idazkari nagusiak esan du euskarak aurrerapausoak eman dituela azken urteotan, baina zehaztapen bat ere egin du ildo horretan: “euskararen normalizazioak egin dituen urratsak, herritarren determinazioari esker egin ditu. Herri iniziatibaz sortu dira Nafarroan, Euskal Herrian bezalaxe hainbat proiektu estrategiko. Administrazioa horren jakitun da eta hain juxtu, horregatik, herri iniziatibaz sortutako proiektu estrategiko asko ekonomikoki ito nahi ditu politika horrek”.
“Arlo guztietan eta modu sistematikoan urratzen ditu hizkuntza-eskubideak Nafarroako Gobernuak eta aplikatzen duen politika horrekin herritarron hizkuntza-eskubideon urraketa sistematikoa betikotu nahi du” esan du Bilbaok.
Eta herri ekimen horietako bat IKASTOLAK dira. D eredua Euskal Herri Osoan ziurtatzen dutean. Datorren igandean denok Sartagudara. Ea Sortzenekoak ere azaltzen diren…