Nafarroa post-UPN: noiz? nola? norekin?

Sabino Cuadra eta Uxue Barkos diputatu nafarrekin mahaingurua eginen du Euskalerria Irratiak datorren astelehenean, hilaren 21arekin, 20:00etan, Iruñeko Auzolan liburu dendan (Tutera kalea 16). Aztergaia, UPNren osteko Nafarroa. Solasaldia liburu dendan bertan edota irratiz eta streaming bitartez segitu ahal izanen da, FMko 91.4an eta euskalerriairratia.com-en.

Egiazki erortzear al dago UPNren Nafarroako Gobernua? Egiazki erortzear badago, noiz eroriko da? Erortzen bada, nolakoa izanen da UPNren osteko Nafarroa? Posible izanen al da azken urteotako kudeaketak eta murrizketek eragindako egoera sozial eta ekonomiko latza iraultzea? Posible izanen al da gobernu alternatibo bat osatzea? PSN horretarako prest egonen al da? PSN prest ez balego, zer? Nola gaindi daiteke UPSNren orain arteko hegemonia? Zer egin dezakete indar abertzaleek hautestontzietan orain arte izan dituzten mugak apurtzeko? Nondik jo behar dute? Nondik ez dute jo behar?
postUPN

Galdera horiek guztiak eta gehiago eginen dizkiegu astelehenean Amaiurko diputatu Sabino Cuadrari eta Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosi. Ordu beteko solasaldi lasaia izanen da, Elkarrrizketak Auzolan-ean zikloaren barruan antolatua, Euskalerria Irratiaren 25. urteurrenaren karietara. Hitzaldi sorta horretako lehen solasaldia Kirmen Uribe idazlearekin egin genuen, Mussche eleberriaren aurre-estreinaldian. Ekainera arte, hilero bat eginen dugu, betiere euskal gizarteko pertsona erreferentzialekin, zer kontatua duten lagunekin.

Euskalerria Irratia, nafarroa, sabino cuadra, Uxue Barkos

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude