Nafarroa, estatu afera? Norentzat?
Nafarroa, estatu afera? Norentzat? –
Albako bigarren dukearen agindupeko tropek Iruñea errenditu eta indarrez menderatu ostean, Nafarroa Garaia Espainian txertatzeko kontakizuna zuritzea benetako burukomina izan da estatu horrentzat. Ezin da justifikatu. Bertakoen kontra bortxaz irabazitako lurraldearen jabetzea ez baita izan inon, inoiz, zilegi.
Nafarroa_Garaia estatu afera da. Gaztelarentzat “Konkista eskubidea” Erdi Aroko kontzeptu inperiala bidezkotzeko azken ahalegina. Euskalnafarrontzat, aldiz, XXI. mendean subjektu historiko eta politiko izaera zilegitzeko baliabide demokratikoa. Bi kontakizun, bi ikuspegi eta bi errelato aurrez aurre jarrita. Gaur, berdinketa egoeran daudenak dirudienez.
Lehenengo eta behin zorionak “lauko aliantzari”, lau urtez Nafarroa Garaia, hiriburua eta udal txikiagoak ere etenik gabe kudeatzeagatik; lauko ituna iraunarazteagatik. Bostehun urteko haurlauza gainetik kentzea ez dugu lau urtetan arinduko, ez horixe. Hala ere, ziur al zaudete lau urteen eguneroko kudeaketaren honestasuna izan dela nafar gizarteak zuen lana hobesteko ala baztertzeko gako nagusia? Non geratu da euskalnafarra izatearen arrotasuna azaleratzea? Konkistak ez direla zilegiak erreibindikatzea? Nafarroa ez dela Espainia argitzea? 1512koak ez duela Espainiaren 500 urteko batasuna zilegitzen, baizik eta salatzen? Nafarroa Sumakoek ez dute besterik egin, eurek direla nafarrak eta ez gu errepikatu baino. Nire uste apalean, buruzagi politiko ona da herritarrei identitatearen berreskurapena ahalbidetzen diona; kudeaketa bikainez ahal delarik, baina norabaitera joateko. Hori da estatu afera guretzat.