BIDEOA. Mutiloako bi baserritarren gogoetak (I)
Mutiloako bi baserritarren gogoetak –
Mutiloako bi baserritarren gogoetak (II)
Mutiloa Goierriko eskualdeko (Gipuzkoa) herri txiki bat da, 250 biztanle baino gehiago ez dauzkana. Jaten primeran ematen duten bi jatetxe daude, frontoi eta bolatoki elegantea, Gipuzkoa osoan birziklatzen ez diren hondakinak jasotzen dituen zabortegi toxiko bat, Aizkorriren bista ederrak, eta zorionez, baserritarrak.
Duela pare bat aste, Ordiziako Azoka zela eta, Mutiloako baserritar bat elkarrizketatu nuen; bihar eskegiko dut solasaldia etxe honetan. Bestalde, herenegun munduari bizikletan bira ematen ari den kolonbiar batek zintzilikatutako bideo batekin egin dut topo; bertan Mutiloako beste baserritar batekin bost minutuko hitz-aspertua egiten du.
Ez kolonbiarraren elkarrizketak, ezta nireak ere ez dute Pullitzer saririk ikusiko, alajaina. Elkarrizketatuak ez dira filosofoak, ez dira lizentziatutako batek daki zein mailako pentsalariak; bi baserritar dira, bi pertsona langile. Baina arranopola, zin dagit ikusi ondoren iruditzen zaidala asko, ikaragarri esaten dutela: Euskal Herriaz, euskaldunaren kosmobisio eta idiosinkraziaz, geure erro kulturalez… Baserriak XX. mendean zehar ekonomian galdu zuen pisua tarteko, aldatzen ari den mundu ikuspegi batez.
Kolonbiarrak grabatutako bideoan agertzen denaren bueltan azterketa labur bat egiten saiatuko naiz.
“Vaya semanita” estiloko uneren bat edo beste kenduta (nik ere sartuko nuen hanka Kolonbiako indigena bat elkarrizketatuz gero, hori ziur), bideoa esanguratsua da oso, zenbait arrazoirengatik.
- Izugarria: hitz hau normalean adjektibo gisa erabiltzen dugun arren, baserritarrak argitzen digu “txorimalo” hitzaren esanahia ere badela. Beraz, hemendik aurrera pentsatu bi aldiz nola erabiltzen duzuen. Mutiloarrak, sotilki, aditzera eman digu “erregea izugarria dela”.
- Ni euskara naiz: bere ama hizkuntza zein den galdetuta, mutiloarrak euskara aipatzen du. Baina ez edonola: “ni euskara naiz” esaten dio kolonbiarrari. Hizkuntzik gabe ez da, eta zu ere ez, ezta ni ere.
- Zortzi abizenak: kolonbiarrak ikusiko zuen pelikula madarikatua, eta baserritarrari bere zortzi abizenen inguruan galdetzen dio. Baserritarra, ordea, soilik lau esateko gai da. Atera kontuak. Abizen guztiei garrantzia (ere?) ematen ziotenak gaztelarrak ziren, edozein arbaso judu edo mairuren arrastoa ezabatzeaz arduratuta. Baina horren inguruan ez dago pelikularik; hegemonia hori da.
- Abertzaletasuna: politika kontuez gutxi dakiela esan, baina hamaika ikusitakoa izango da gizona. Nortasuna garbi, zalantzarik ez: abertzalea. “Gora Euskadi Askatatuta bai, ez dakidana da noizko!”.
Ondo esan bezala, galtzen ari den mundu ikuskera bat. Eta kezkatzekoa beharko luke, izan ere, (eta agian gaia desbideratzen ari naiz) Gipuzkoan bertan, 25 urtetik beherako gazteen %80-90a edo euskaraduna den arren, galdetu iezaiezu ea Zuberoa zer den, Eguzkiloreak zer sinbolizatzen duen, Orreaga eta Amaiur entzunda zerbait etortzen al zaien burura, Xalbador-Matalaz-Etxepare-Lazkao Txiki-Santa Kruz apaiza-Saseta-Txikia zein ziren, nor den Mari… eta harrituko zara, txarrerako.
“Euskaldunak Pirineoaren bi aldeetan kanta eta dantza egiten duen herria dira” esan omen zuen Voltairek. Bada, gaur egun nekez entzungo duzu gazte jendea afalostean kantu zaharrak ahoan hartuta, eta lege zaharreko erromeriak historia dira iada, oraindik gutxi-gehiago fandango eta arin arinak dantzatzen jarraitzen badira ere, Nafarroa eta Iparraldean muxikoek bizirik dirautelarik.
Transmisioarena herri honetan arazo handi bat da, familia tradizionalaren gainbeherarekin geroz eta kosmopolitagoak egin gara, eta geroz eta gutxiago euskaldunak. Estatu propiorik gabe, tradizio eta herri jakintza multzo handi hori berau biltzeko lana borondatez ari diren pertsonek egiten dute, baina gutxik du oraindik horren berri. Han hemendik barreiatuta dagoen altxor horiek bildu eta euskal izatearen gune erreferentzial batean jasotzeko lana dago airean, herri honi ederki etorriko litzaioke