Muskaria eta Euskaria

Muskaria eta Euskaria –

Xabier Zabaltzak, EHUko Historia irakasleak, Berria egunkarian.

Gure ama zena Tuterakoa zen. «Tutera» idatzi dut, baina, hark, haren adineko tuterar guztiek bezala, uste osoa zuen bere (eta nire) jaioterriaren egiazko euskal izena Muskaria zela.

Muskaria eta EuskariaGure ama maitea oker zegoen, noski. Muskaria antzinako baskoien herri bat izan zen. Ptolomeo geografo grekoa, II. mendean, izan zen aipatu zuen bakarra. Inork ez daki non zegoen zehazki eta, seguruena, haren izena ez da euskarazkoa, /m/ fonema oso arraroa baitzen duela bi mila urteko euskaran, areago hitz hasieran. Latina edo zeltiberiera izan liteke, baskoien beste mintzairak. Hala ere, 1665ean Josef Moret kronistak Muskaria Tuterarekin berdindu zuen, bertan Mosquera parajea baitago, eta 1908an Arturo Campión «euskariar» ohia harendako euskarazko etimoak bilatzen saiatu zen. Bigarren Errepublikaren denboran EAJk eta Tuterako abertzale bakanek —falangista bilakatu aitzin, aitatxi Joaquín barne— «Muskaria» zerabilten eta izen horixe hartu zuen bertako lehen irratiak 1933an. 1955ean Acción Católicari, karlismoari eta Sección Femeninari atxikiriko gazte batzuek —azken hauen artean, gure ama— kultura eta kirol arloko elkarte bat sortu zuten Tuteran. Hobe ez, «Muskaria» izendatu zuten. Frankismo gogorrenean, euskaraz (ustez, behintzat). Izugarrizko arrakasta izan zuen. Hamarkada batzuetan herriko bizitza sozial osoa elkartearen egoitzan antolatu zen: festetako txaranga, futbolari, txirrindulari eta mendizale taldeak… Dena zen «Muskaria» garai hartan. Zineklubak sasoian dirau oraindik. Amaren lagun min bat izan zen elkarteko lehen idazkaria: Tomás Caballero. 1998an ETAk hil zuen, Iruñean zinegotzia zela.

Gure ama erdaldun petoa zen, baina on zeritzon bere herriaren «euskal» izenari. Osaba Luisek, infanteriako koronela izan zenak, pentsatzen zuen «Tutera» ezker abertzaleak edo asmatua zela. Egun batean, eztabaida sutsu baten ondoren, José María Jimeno Juríoren 1987ko pare bat orri igorri nizkiolarik, nirera biltzea lortu nuen: Iruñerriko euskaldunek gutxienez XVII. mendeaz geroztik Erriberako hiriburuari ematen zioten izena Tutera zen, ez Muskaria (Erronkaribarren, Zaraitzun eta beste leku batzuetan «Tutra» ahoskatzen zuten). Beharbada, baina, osabak arrazoi izpi bat bazuen. Izan ere, Federiko Krutwigen 1963ko Vasconia liburuko mapak izan ziren giltzarri «Tutera» Euskal Herri osoan ezagutarazteko. Ez Tuteran berean, bistan denez, gaur egun ere, tuterar anitzek ez baitute toki-izen horren berri. Alegiazkoa izanagatik, Tuterako bizilagun gehienek euskararekin zeukaten ia lotura bakarra zen «Muskaria». Ez dakit Euskaltzaindia sobera zorrotza izan zenetz, 1978an ontzat eman eta gero, 1990ean behin betiko baztertzean.

Halabeharrak eta Pedro Sánchezek nahi izan dute aurten Tuterako festak Espainiako hauteskunde orokorren egunaren biharamunean has zitezen. Espero izatekoa zen bezala, Voxek erdietsi dituen bozak abertzaleek erdietsi dituztenak halako hiru izan dira. Eta, urtero bezala, 2018an izan ezik, aurten ere txupinazoko hitzak erdaraz soilik eman dituzte. Gogokoa izan edo ez, tuterar gehienak oso espainol sentitzen dira eta, gaur egun, askok, «Muskaria»-ren ibilbide luzearen kontra, uste dute Tuteran euskara sikiera maila sinbolikoan erabiltzea «politizazioa» dela. Halaxe adierazi zuten duela bost urte «gora Tutera!» eta «gora Santa Ana!» eleei eginiko txistuek. Horixe da Nafarroaren drama: nafar batzuek erabat arrotz ikusten dute beste nafar batzuen hizkuntza. Zer pentsaturik eta zer zuzendurik eman beharko liguke horrek euskara maite dugunoi.

Funtsean, euskaltzaleok bi aukera ditugu. Edo uko egiten diogu Tuterari (eta, bidenabar, Erribera osoari) eta aitortzen dugu behingoz ez dela Euskal Herria, edo Euskal Herriaren oparotasun linguistiko eta nazionala azken hariraino onartzen, hots, hurrengo belaunaldietan, euskaldunak gutxiengo txipi bat izanen direla bertan, bi mila urte honetan bezala. Hainbat herri euskaldunetan, baita Bizkai-Gipuzkoetan ere, euskararen erabilera maldan behera doanean Tutera euskaldundu nahi izatea ez da helburu errealista bat eta, gainera, kontrako erreakzio bortitz bat sortzen du. Oztopoak oztopo, merezimendu handiz, Tuteran euskara irakasten eta ikasten dihardutenek eta beren haurrak euskaraz eskolatzea erabakitzen dutenek inork baino hobeki dakite hori. Ohiko euskaltzaletasunak, hein handi batean abertzaletasunari loturik dagoenak, ez du bertarako balio. Baina egon badago beste tradizio bat, hain arbuio bizirik eragin gabe euskararekiko gutxieneko begirunea sustatzen lagun lezakeena. Tradizio «nabarristago» bat —idatz bedi bez, Campiónen antzera, nahiago bada—, ez hain «politikoa» —baten batek «folklorikoa» lerrake eta bertako historian oinarritua, ez Bilbo, Donostia edo Iruñetik inportatua. Tuterako «euskariarrak» XIX. mendean eta «muskariarrak» XX. mendean, besteak beste, dira mugarriak ildo horretan. Izan ere, «Muskaria» ez da Ebro inguruan, polarizazio giro iraunkorra dela eta, azkenaldian ia osorik desagertu den gauza bakarra. Harekin batean, zerbait serioago galtzen ari gara: Erriberan, eta ez Erriberan soilik, hizkuntza gorabehera, euskal herritar (vasco-navarro, erdaraz) sentitzeko oso zabaldurik zegoen berezko modua, beste talde-nortasun batzuekin erabat bateragarria zena eta ideologia guztiak zeharkatzen zituena. Euskararen eta nafar arteko bizikidetzaren onerako, itzaltzear dagoen ondare hori, nahi adina gaurkoturik, biziberritu beharra dago.

Muskaria eta Euskaria Muskaria eta Euskaria

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.