Norbere iritziaren tirania

Norbere iritziaren tirania –

Norbere iritziaren tirania

Iritzi guzti-guztiak errespetatu egin behar dira, hori diogu, hori gabiltza esan eta esan. Izan ere, behin hori esanda, jada gurea botatzeko, gurea gure nahierara botatzeko, bidea zabal-zabalik ikusi uste dugu. Zeinek esango digu ezer baina?

Zurikeria ederra baina dugu hori esaka ibiltzea. Itxura batean, zinezko konbikzio batetik ari garela ematen du zinetan, zintzo-zintzo. Hala eta guztiz ere, tranpa galanta ari gara egiten, tranpa eta iruzur galanta. Iritzi guztiak errespetatu behar direla dugu esaten, baina aurrez zertaz eta jarraiko honetan gaude zeharo uste eta sinetsiak; gurea, sano eta zintzoa, opinio-iritzia dela, guztiz errespetagarria berau, baina besteren esanak, edozeinenak, ez direla berez iritziak, errespetatu edo ez. Besteenek ez dute zertan iritziak izan. Ahotan hartutakoak izango dira, euren esanei, baina, berez, izatez, hasteko eta behin ez diegu iritzia-izan-ahal-izateko hori aitortzen; izan-izatekotan, burugabekeriak, lotsagabekeriak… izango dira, edota, zorroztasun batez boteak direla uste badugu, agian, hain gorroto ditugun epaiak. Aurrenak erdeinuz entzuten ditugu; bigarrenak aldiz handinahikeriagatik guztiz gaitzetsi.

Bigarren hauek, epaitzat ditugun hauek dira hain justu bereziki gorroto ditugunak. Ororen, lagun hurkoren, gain-jartze ezin onartuzko bat ikusten dugu epaitzat jotzen dugun horretan, berdinen-artekotasunaren urratze bat. Gauzak horrela, gurea da iritzia, guztiz errespetatu beharrekoa, eta bestarena, aldiz, epaia, epai nazkagarria. Eta horrela ikusten ditugu gure esanak, eta horrela ikusten ditugu besteen esanak. Horrela ulertzen dugu eta hori da gure iritzia, guztiz errespetagarria.

Epaileak sikiera, ezertxo ere esan aurrez, epaituari dio galdegiten, epaituak diotsona du aintzat hartzen. Iritzi-emaileak, ordea, iritzia du jainkotu, eta bera sortzeko jarduna bera ere, berauek ditu jainkotu eta horrekin nahiko eta sobera zaio. Ezer ahotan hartu aurretik, zertarako galdetu inori ezer? Are berez inortaz ari ez garenean ere, errealitateaz bestez ari ez garenean ere, zertarako izan zintzoa errealitatearekin, munduarekin?, eta zer edo zer beraiei galdeginez joan, jakinda beraiei buruz hitz egitera goazela… Zertarako galdetu? Zertarako? Jaun eta jabe gara-eta, jaun eta jabe arma zinez beldugarria izan litekeen hizkuntza hala-hola eta geure nahieran darabilgula.

 


Hitz batean hau sartu,
bestean harako hura,
hasi eta ez buka gure hitzen amaraunean,
eta aldika-tarteka, hitz eskukada bete dugulakoan, esaldi hau,
eta gero beste huraxe bota,
eta horrela, ez soil-soil harriak, errekak, eta arbolak geure nahierara menderatua,
hori guztiori nahiko edo gutxi ez, eta borroka eta bakealdiak deskribatu, juzgatu eta kontatzeko geure burua gauza izan uste.
Harremanen, adiskidetasunaren, maitasunaren zein gorrotoen berri jakinarazi nahi gure esaldi handiustetsuen bidez,
pertsonen zer-nolakoen berri eman,
agitzen den oro edota, areago ere, agitzen duela deritzogun oro geronek gure hizkuntzaren talai orohartzaile handizaletik nahi dugu dena geuretu,
nahi dugu dena ondoan eta mendean gure nahierara eduki,
eta honela eta horrela,
geure burua berau jainkotua,
jainkotu errealitate osoa ere gure sintonian dantzarazi nahian.
Errealitatea izatez eta berez bere izatetik desbideratze ahaleginean,
dugu une oro geure burua jainkotzen,

Gure hitzontzikeria isilunerik gabekoaz jostatzen gara Jainko izatera,
hitzen bidez errealitateari muzin eginez,
berak berenez eta berez dioskunari, edota dioenari, iskin eginez.
Euren gainean, berau deskribatuaz, berau den moduaz tranpati aritzen garenero,
ari gara burlati, harroki, eta handiusteki, geure burua jainkotzen,
Jainko gupidagabeenera jostatzen…

Norbere iritziaren tirania

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude